Aitzol Naberan
Google App Inventor
Jaso berri dut Android aplikazioak sortzeko Google-k sortu duen tresna berria erabiltzeko gonbidapena. Denbora tarte bat eskaini diot tresna berri honi eta jarraian azalduko ditut nire lehen sentzazioak
Zer da?
App Inventor Android aplikazioak bisualki sortzeko garatutako tresna da. Tresna honek bi atal nagusi dauzka, diseinatzailea eta bloke editorea.
Diseinu atalean aplikazioaren osagaiak zehazten ditugu, ikusten direnak eta ikusten ez diren batzuk ere (datu baseak adibidez). Diseinu atal hau ezaguna egingo zaioa Visual Basic edo JBuilder bezalako tresnak erabili dituen edonori, hau da, zerrenda batetik elementuak aukeratu, interfazean dagokion tokian kokatu eta propietateak egokitu.
Nire ustez berrikuntza nagusia bloke editore atalean dago. Atal honetan aurrez definitu ditugun elementuei funtzionalitatea emango diogu, hau da, gure aplikazioaren logika programatuko dugu, baina bisualki, programazio lerro bat bera gabe. Bloke editoreak Open Blocks Java library erabiltzen du programazio bloke bisualak sortzeko. Open Blocks programazio bisuala Scratch programazio lengoaiari oso lotuta dago. Bai Scratch zein Open Blocks MIT-ean garatutako tresnak dira.
Informazio gehiago App Inventorren orrian bertan aurki daiteke.
Instalazioa
Atal honetan aipatzen diren pausuak ez dute ezertarako balioko web aplikazioa erabiltzeko gonbidapenik ez baldin badaukazu.
Nahiz eta web nabigatzailean exekutatzen den aplikazio bat izan, ordenagailuan zenbait tresna instalatzea eskatzen du. Tresna hauen instalazioak ez dauka inongo misteriorik, Google-k berak Mac OSX, Linux eta Windows-erako paketeak eta instalazio laguntza bereiztuak eskaintzen bait ditu. Kontuan izan beharreko gauza nagusia zure ordenagailuak defektuz Java 6 bertsioa erabiltzea da (Linux badarabilzu OpenJDK beharrean Sun-en bertsioa erabiltzea gomendatzen dute).
Behin instalazioa burututa Android telefonoa ere konfiguratu behar da. Konfigurazio gehienak nahiko ohikoak dira Android aplikazioen garapenean arituz gero: jatorri ezezaguneko aplikazioen instalazioa onartu eta USB debug eta beti aktibo egotea markatu. Dena den badago azken puntu 'xelebre' bat: pantailaren biraketa automatikoa desaktibatu behar da.
App Inventor eta telefonoaren lotura
Behin instalazioa burututa, dagoeneko hasi gaitezke App Inventor erabiltzen, horretarako appinventor.googlelabs.com helbidean sartu eta gonbidapena eman diguten Google kontuarekin sartu beharko gara. Izena eman ondoren, badirudi ez dela gauza handirik gertatu, baina, gure pantaila 'My Projects' deitzen den lotura berri bat agertzen da, eta hor klikatuta sartuko gara App Inventor erabiltzera. Lehen pausua proiektu bat gehitzea da, hori egindakoan App Inventorren aplikazioen diseinurako interfazera sartuko gara, bertan, gure aplikazioaren itxura zehaztuko dugu, baina ez bakarrik itxura, baita ere datuak gordetzeko datu baseak edo gure aplikazioan erabiliko dugun beste edozein elementu.
Behin itxura zehaztuta aplikazioaren funtzionalitatea zehaztu beharko dugu, eta horretarko Blocks Editor deskargatu beharko dugu. Blocs Editor-ek bi egiteko dauzka: alde batetik aplikazioaren elementuen funtzionalitateak zehazteko balio du, eta bestetik ordenagailua eta telefonoaren arteko komunikazioaz arduratzen da. Behin Blocks Editorrek gure telefonoarekin lotura ezartzen duenean zuzenean ikus dezakegu gure aplikazioa martxan telefonoan bertan!
Esan bezala aplikazioaren funtzionalitatea bisualki zehaztea da App Inventorren helburua, eta horretarako Blocks Editorrek programazio lengoaietako oinarrizko blokeen adierazpen bisual bat ematen du, horrela kontrol egiturak, funtzio definizioak, karaktera kateak, baldintzak... erabiltzeko aukera daukagu. Elementu hauek eta gure proiektuko diseinu atalean zehaztutako elementuan propietate eta funtzionalitateak konbinatuz emango diogu bizia gure aplikazioari.
Zikin ditzagun eskuak
Ondo, primeran, ederra 'katxarroa', baina, balio du? Ea ba, saia nadin zerbait erabilgarria egiten App Inventor erabiliz. Ez dut betiko 'Kaixo mundua' aplikazioa egin nahi. Begiratu azkar bat eman diot diseinu atalean dauden elementuei, eta hara! Social atalaren barruan Twitter modulo bat ikusi dut. Bueno, ba egin dezadan twiterren erabiltzaile baten egoera aldatzen duen aplikazioa bat. Interfazeak ez dauka misteriorik:
- Mezua idazteko testu kutxa bat
- Mezua bidaltzeko botoi bat
- Hobespenak zehazteko botoi bat
- Hobespenetan, erabiltzaile izen eta pasahitza gordetzeko aukera
- Mezua ondo bidali dela adierazten duen mezu bat
Pare bat orduan aplikazioa martxan izatea lortu dut, onartzen dut ez dela munduko aplikazio konplexu eta osatueana, baina, ederra da pare bat orduan (plataforma ezagutzeko denbora barne) zerbait funtzionala izatea eta zure telefonoan martxan izatea.
Ondorioak
Gustatu zait ingurunea, hasieran nahasgarri xamarra egiten da bloke editorearekin aritzea, baina, bere logika apur bat ulertutakoan egin behar dena argiago ikusten da. Dena dela benetako proiektu batean egin beharko litzateke froga, baina printzipioz badirudi gauza politak egiteko balio duela, begiratu bestela adibide gisa egindako aplikazio hauek.
Gehien gustatu zaidana:
- Egindako aldaketak (diseinu zein funtzionalitate) zuzenean telefonoan martxan ikusteko aukera.
- Plataforma guztiarekin aritzeko aukera, hau da, GPSa, rotazio sentsorea... erabili daitezke bisualki.
- Azkartasuna. Benetan azkar egin daitezke gauzak.
- Arintasuna. Sistemak arinaren sentsazioa ematen du, eragiketa guztiak oso azkar egikaritzen dira.
Gutxien gustatu zaidana
- Pantaila bakarreko aplikazioak bakarrik sortu daitezke.
Twitter_test froga aplikazioa
Hemendik deskargatu dezakezue froga gisa garatutako aplikazioa. Aplikazioaren iturburua ere ikusi eta erabili dezakezue, App Inventor kontu bat beharko duzue horretarako. Kontuan izan dena den, frogako aplikazio bat baino ez dela, hortaz, baliteke errore edo arazoak izatea, aurkitu eta konpontzen badituzu gustora jasoko nuke horien berri. Honetaz gain iturburua erabili eta hobekuntzak egiten badituzu, mesedez, jarri aldaketa horiek eskuragarri guztiok ikas dezagun.
EGUNERAKETA 2010-09-04
Sarrera idatzi eta publikatu bitarte Twitterrek bere APIa erabiltzeko autentikazio metodoa aldatu du. Orain OAuth bidezko autentikazioa bakarrik onartzen du, eta badirudi App Inventorreko Twitter moduluak ez duela oraindik inplementatu, hortaz, test aplikazioak ezin du loginik egin Twitterren.
GNU Screen, ahaltsu bezain ezezaguna
Gaur egungo Linux banaketa gehienetan instalatuta egon arren oso jende gutxik erabiltzen du tresna hau.
Ingurune grafikorik erabiltzen ez duten edo eta erabili arren terminalari beldurrik ez diotenek ezagutu eta erabili beharko luketen tresna da screen.
GNU Screen-ekin hainbat terminal izan ditzakegu martxan terminal (fisiko zein birtual) bakar baten barruan. Non dago honen berezitasuna? Gaur egun nahi beste terminal birtual izan ditzakegu ezta? Berezitasun nagusia Screen-en funtzionatzeko eran dago, terminalen zerbitzari bat bailitzan funtzionatzen du.
Nahi beste terminal berri gehitu ditzakegu Screen saio batean eta hauek ez dira hilko nahiz eta screen martxan jarri duen terminala itxi.
Abantailak:
- Nahi gabe egindako terminal itxierek ez dute bertan exekutatzen zegoen aplikazioa hiltzen.
- Urruneko makina batera hainbat konexio zabaldu beharrean, konexio bakarrarekin nahi beste terminal izan ditzakezu.
- Saioak berreskuratzeko aukera. Jatorrizko terminal itxierak ez duenez prozesu nagusia hiltzen, posible da berriro makina horretara konektatu eta screen barruan exekutatzen ari diren terminalen egoera berreskuratzea.
Frogatu dezagun screen:
- Zabaldu ssh saio bat kanpoko konputagailu batera (ez badaukazu inon ssh konturik, zure makinan bertan egin dezakezu froga terminal birtual bat erabiliz)
- Exekutatu screen
- Jarri top komando bat martxan
- Screen-en terminal berri bat gehitzeko sakatu Ctrl-a eta c
- Exekutatu emacs -nw /tmp/test.txt zabaldu berri duzun terminalean (emacs ez badago aukeran, zabaldu gaitasun txikiagoko beste edozein testu editore)
- Aurrez sortutako top terminalera bueltatzeko Ctrl-a eta p (edo Ctrl-a + 0-9)
- Askatu screen saioa terminaletik Ctrl-a eta d
- Itxi ssh saioa zabaltzeko erabili duzun terminala.
- Ireki berriro ssh saio bat lehengo makinara
- Berreskuratu screen saioa screen -r (screen saio bat baino gehiago zabalik baldin badaukazu screen -ls erabili dezakezu pid-ak ikusteko eta gero screen -r pid erabili)
Hau adibide bat baino ez da. Screen-ek aukera ugari dauzka, eta erabili ahala seguru gauza berriak deskubrituko dituzula.
Gehiago jakiteko:
Android Encounter 09
Gaur goizean Miñaon izan gara bertan ospatu den Android Encounter 09-an.
Hona hemen hizlariek eman dizkiguten hainbat ideia interesgarri (programa Euskadinnova webgunean ikus dezakezue):
- Proiektua bere hastapenetan zegoenean umeei galdetu zieten: "Nolakoa izango litzateke telefono magiko bat?"
- Open Handset Alliance-en helburu nagusia plataforma ireki bat izatea da, inolako ekoizle, operadore edota enpresari lotu gabea, eta ERABILGARRIA. Erabilgarritasuna azpimarratu dute.
- Alvaro Fuentes-ek bere Margarita irlako etxera gonbidatu gaitu.
- Software-ean oinarritutako negozioa izan beharko litzateke negozio-eredua, ez software-a saltzea. Behin baino gehiagotan aipatu du Alvarok ideia hau, "Itsaso urdina" kontzeptuari lotuz.
- Afrikan banketxeentzako aplikazioen hazkunde handia.
- Merkatuan leku handia dago Android-en oinarrituta aplikazioak sortzeko.
- Google-en estrategia enpresen merkaturantz zuzentzen ari da.
Hona hemen CodeSyntax-eko Aitzol Naberanek eta Tagzaniako Dani Reguerak erabilitako aurkezpenak.
Etxekoandroid kronika
etxekoandroid komunitateak 2009ko uztailaren 17an egindako lehenengoko bileraren kronika
Ostiralean bildu ginen EHUko Korta eraikinean android sistema eragilean interesa daukagun zazpi lagun: Gorka Julio Teketen (Elurnet), Iñaki Arizmendi eta Leire Bardají (i2Mapp), Juanan Pereira (Proyelia), Maite Goñi (Jakintza ikastola), Mikel Kerejeta (Tagzania) eta neroni CodeSyntaxetik. Hasiera hasieratik giro polita izan genuen. Deskonferentzia eran antolatutako (horrela esan badaiteke) topaketa izan zen, eta zazpi lagun izateak lagun arteko hizketaldiak erraztu zituen. Horrela, prestatutako aurkezpenetatik kanpo momentuko duda eta
txaskarrilloak komentatzeak pisua hartu zuten. Eskertzen da alboko lagunekin gauza konkretuetaz hitzegiteko aukera.
Argazkiak.org | Etxekoandroid 2009 © cc-by-sa: sustatu
Aspalditik hona gertatzen den bezala Teketenek bideo emanaldia antolatu zuen zuzenean eta bide horretatik bataz beste hamabost bat lagunek jarraitu zuten jardunaldia. Twitter eta beste tokietan ikusitakoaren arabera badirudi badagoela interesa android sistema honetan.
Lehenengo aurkezpena Iñaki Arizmendik egin zuen, eta sistemaren firmware eguneraketak izan zituen mintzagai. Firmwarea telefonoaren oinarrizko sistema da. Operadoreek oinarrizko sistema hau aldatzeko aukera daukate eta horrela eskaini nahi ez dituzten zerbitzuak kendu.
Dena dela android sistema librea den neurrian "edonork" sortu dezake oinarrizko sistema bat eta berau mugikorrean instalatu. Iñakik ezaugarri desberdinak biltzen dituen hiru firmware aurkeztu zituen, baina askoz ere gehiago daude nahi duenak frogatzeko.
Mikel Kerejetak Tagzaniak sortutako Androidarentzako aplikazioa aurkeztu zigun primizian. Aplikazioak tagzania.com webgunean egin daitezkeen ekintzak egitea ahalbidetzen du gure android gailuetatik. Aplikazio hau oraindik ez dago eskuragarri, azken ukitu batzuk falta
zaizkiolako. Hau horrela izanda, Android Developer Challengera aplikazioa aurkezteko komentarioa atera zen. Lehiaketa honetara aurkezteko abuzturako prest izan beharko dute aplikazioa. Ea ba!
Animo!
Juanan Pereirak hainbat Android aplikazio interesgarri aurkeztu zituen:
-
SipDroid: internet bidezko (VoIP) telefono deiak egiteko aplikazioa. Zuzeneko demo bat ere egin zuen Mountain View-ko pizzak etxera bidaltzen duten enpresen kokaguneaz googleri galdetuz.
- Qik!: Zuzeneko bideo streaminga telefono bidez. Gorkak egin zigun erakustaldia.
- GTalk: Mezularitza aplikazioa.
- JetPDF: PDFak irakurtzeko aplikazioa. Mota honetako hainbat aplikazio aurkeztu zituen. Dena dela, arlo honetan oraindik asko hobetu behar delakoan gaude.
- Tetherbot: android mugikorra 3G modem bezala erabiltzeko aplikazioa. Beti jakin nahi izan dut zergatik den horrelako konplexua android telefonoak modem bezala erabiltzea, eta badirudi kontratu arazoak daudela (Vodafonen adibidez kontratuz debekatuta dago hau).1
Leire Bardajík hainbat GPS nabegaziorako aplikazio aurkeztu zituen, dohakoak, ordainpekoak, interneteko konexioa behar dutenak, ez dutenak behar... Badirudi mota honetako lehen aplikazioa (AndNav) oraindik ere hoberenen artean dagoela. Aplikazio honen bigaren bertsioak OpenStreetMap-eko mapak erabiltzen ditu.
Nire aurkezpena gure Android gailuaren erabilpenaz izan zen. Gure asmoa da gure zerbitzariak bulegoz kanpo gaudenean android gailuekin kudeatzea. Horretarako zerbitzarien monitorizazio sistema bat antolatzen ari gara, eta sistema hau gmail kontu batera notifikazioak
bidaltzeko konfiguratu dugu. Androiden gmail integrazioa aprobetxatuz, notifikazioak jasotzeko erabiliko dugu. Behin notifikazioak jasota erabakiak hartzeko aukera behar dugu, horretarako ConnectBot ssh bezeroa erabiliko dugu zerbitzarira konektatzeko, eta KeepassDroid
pasahitzen kudeaketa egiteko.
Esan bezala jardunaldi atsegina izan zen, eta bertaratu ginenok aurrerago biltzeko asmoa agertu genuen. Hau dela eta komunitatearen webgune izango den etxekoandroid.com webgunea sortzea erabaki genuen. Jardunaldiko hitzaldien bideoak Gorka Juliok euskaltuben jarri ditu.


