2015/10/14
Aurten Bukaresten antolatu dute urtero egiten den Plone konferentzia, eta bertara hurbildu gara CodeSyntaxeko bi lagun. Dagoeneko 7. aldiz hartuko dugu parte Plone konferentzia batean, 2007an Napolin egon ginenetik.

Codesyntaxen Plone plataforma erabiltzen dugu gure proiektuetako asko bideratzeko. Horregatik, 2007az geroztik, urtero-urtero, mundu mailan egiten diren PloneConf-etan hartu dugu parte, azken berrikuntzak ezagutzeko, esperientziak trukatzeko eta, azken batean, teknologiaren punta-puntan egon ahal izateko.

Aurtengoa Bukaresten egokitu da, eta hantxe gaude Codesyntaxeko bi lankide, Mikel Larreategi eta biok. Urtero egiten dugun moduan, bost egunetan zehar Ploneren munduan gertatutako berrikuntza eta berezitasunen inguruko hitzaldietan parte hartuko dugu.

Konferentzia astelehenean hasi zen. Aurtengo berrikuntza bezala, asteko lehen bi egunetan, orain dela gutxi argitaratutako Ploneren 5 bertsioaren inguruko ikastaro edo trainingak antolatu dituzte, eta bertan ere hartu dugu parte. Antolatu direnen artean Plone 5 berriaren theme edo itxuren ingurukoan egon gara. Bertan bertsio berrian erabiltzen diren LESS eta JavaScript baliabideen ingurukoak, Diazo tresnaren erabilera aurreratuak eta Barceloneta izeneko itxura berriaren ingurukoak ikasi ditugu. Bootstrap ezagunean oinarritutako itxura honek pertsonalizatzeko aukera handiak eta itxura oso modernoa eskaintzen dizkio Ploneren bertsio berriari. Bertsio berri honekin webgunearen diseinua nola egin behar den ikusi eta ikasteko aukera izan dugu.

Eta lehenengo eguneko hitzaldiei dagokienez, lehenengo Eric Steele Plone 5ek argitaratze-arduradunak Plone 5ek suposatu duenaz hitz egin du: urte luzeetako lana Ploneri internet munduan sortu diren berrikuntza asko eta asko ekartzeko, euren artean diseinurako teknika berriak, JavaScript liburutegi aurreratuen erabilpena edo plone.app.mosaic produktuaren bitartez eduki layout bereziak sortzeko aukera.

Iaz Bristolen aurkeztu zen Plone Intranet proiektuaren urtebeteko lanaren berri ere jaso dugu, Plonen oinarritutako Intranet plataforma sozial ahaltsuaren ezaugarriak ikusteko.

Baina aurreko urteetako lanarekin bakarrik ez gara geratu, Ploneren hurrengo bertsioetarako bidea nondik joan beharko litzatekeen ere eztabaidatu da. Ploneren REST erako APIaren ingurukoak (Plonen sortutako edukien datu eta metadatuak JSON formatuan jasotzea ahalbideratzen duen baliabideak) kontatu dituzte Timo Stollenwerk, Ramon Navarro eta Nathan van Geemek. Honekin AngularJS, Ember, Meteor edo React moduko JavaScript plataformak erabiliz, front-end berezitu eta ahaltsuak sortzeko aukera irekiko lioke Plone munduari.

Eguna, hain ohikoak diren Lightning Talk-ekin amaitu dugu. Bost minutuko hitzaldi hauetan bakoitzak garatzen dituen proiektuak era labur eta ikusgarri baten aurkezten ditu. Bi aipatzearren, Ploneko datuak beste ingurune batean gordetzeko aukera ematen digun tresna erakutsi du Andreas Jung beteranoak (Dropbox, OwnCloud eta beste ingurune batzuetako edukiak berehala Plonen integratuta ikusi ditugu, eta alderantzitz, Plonekoak produktu horietan). Maurits van Reesek, zest.releaser-en egileak, hainbeste erabiltzen dugun garapenak argitaratzeko tresnaren azken berritasunak aurkeztu ditu.

Guzti honekin amaitu da gaurko eguna baina oraindik beste pare bat egun geratzen zaizkigu guretzat hain garrantzitsua den Plone5 honen ingurukoak ongi ezagutu eta gure etorkizuneko proiektuetan erabiltzeko.

Long life Plone 5!

Erantzuna gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira. Erantzunak moderatuta daude.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek