2013/05/15
Logikak diost etorkizunean egingo ditugun erosketa gehienetan teknologia erabiliko dugula tratua egiteko, teknologia hori zernahi dela ere. Azken urteetan Internet urrez jositako El Dorado hiria balitz bezala azaldu digute eta arrakasta kasuak entzun ditzakegu edonon. Hango kirol dendak ez-dakit-zenbat milioi euro saltzen dituela, horko zapatagileak baita Japoniatik ere jasotzen dituela eskariak edota auzokidearen senide garraiolariak dozenaka laranja-kaxa banatzen dizkiola Valentziako baserritar bati. Kontuz gero. Arrakasta hau ez da doakoa, azkar-azkar lortu daitekeena. Funtsezkoak dira lana, dirua, une egokian ateratzea, besteak beste.

Interneteko denda bat kudeatzen dugu CodeSyntaxen. Kisale bizikleta denda. Urte eta erdiko kudeaketa honek esperientzia polita eman digu. Eta gehiago ere emango digu. Ecommerce bat bere osotasunean kudeatzeak balio erantsia ematen digu CSko bezeroei aholkuak ematerako orduan.

Sarean denda bat abian jartzea denda bat teknikoki garatzea eta diseinu polit bat ematea baino askoz ere gehiago da.

Denda bera

Garrantzitsua da teknikoki denda sendo eta segurua egitea. Diseinua ondo landu behar da, dendaren beraren helburua lortzeko: salmentak.

Epe ertainera zer izan nahi dugun pentsatu beharra dago baita ere (hizkuntza gehiago, produktu mota berriak eta abar), lan teknikoa baldintzatu dezakeelako.

Baina lan teknikoa ecommerce baten lehen pausua besterik ez da.

Etengabeko eguneraketa teknologikoa

Ez du axola zein plataformatan egiten duzun ecommerce hori. Gauza segurua da zenbait aste, hilabete edo urteren ostean aldaketak egin beharko dituzu.

Google-en hobeto kokatua agertzera bideratutako aldaketak, diseinu aldaketak, mugikorretara egokitzeko egin beharreko aldaketak, funtzionalitate berriak gehitzeko egin beharreko aldaketak. Beti dago zer hobetua, noski! Eta aldaketa txikiak zein handiak izan kostu bat daukate.

Produktua

Saldu nahi duzun hori, demagun produktu mota bat dela, ezagutzen duzu? Gomendio bat: denda abian jarri aurretik egin ezazu ikerketa apur bat:

  • Zure produktua saldu dezakezu Internet bidez?
  • Beste dendaren batek saltzen du jada? Horrela bada, zein preziotan saltzen du? Etekinik lortu dezakezu prezio horretan?
  • Stock-ean eduki behar duzu derrigor produktu hori? Baldintza jakin batean (hozkailuan, adibidez)?
  • Hornitzaileak gutxieneko eskariak exijitzen dizkizu?

Ecommerce-eko edukia eta argazkiak

Ecommerce batean funtsezkoa da produktua ganoraz erakustea. Produktuaren ezaugarriak ondo deskribatu behar dira eta argazki eleganteak erabili behar dira. Zenbait kasutan, argazki txarrak izateak ez saltzea suposatu dezake.

Eta, kontuz gero, argazki kamera on bat edukitzeak ez zaitu argazkilari on bilakatzen. Ezin badituzu argazkiak lortu, hornitzaileak ematen dizkizun kasuetan bezala, hobe da argazkilari profesional batekin lana egitea.

Lehiakideak

Aztertu zure sektorea. Baina ondo egin azterketa. Ziurrenik zuk saltzea nahi duzun hori jada besteren batek saltzen du jada. Ikusi zein balio eskaintzen duten beraiek, zein zerbitzu, eta ahalegindu zaitez zerbait berezia eskaintzen, haiengandik desberdina zarela trasmititzen duena.

Oso garrantzitsua da lehiakideak kontrolatuta edukitzea, zer egiten duten ondo jakitea.

Eguneroko operatiba

Eskaria jaso ostean dagoen prozesu guztiaz ari naiz. Produktua bertan dagoen bai edo ez ziurtatu. Hornitzaileari eskariak egin. Bidali behar diren kaxak prestatu. Garraiolariarekin hitz egin. Eta abar.

Enpresa beraren kudeaketaz gain, noski.

Bidalketak

Salmenta bat ez da guztiz amaitzen bezeroak produktua etxean jaso eta erabilpena eman arte. Aukeratu zure produktuarentzako egokia den garraio-mota. Eta lana egin ezazu profesionaltasun maila ona ematen duten garraio-enpresekin.

Hamaika xelebrekeria ikusi nituen orain urte batzuk interneten altzariak saltzen nituenean. Kaxa handi eta astunak bidaltzen genituenez ohikoak ziren bidaian kolpe eta matxurak. Orain, Kisalen, ez dugu zorionez halako kasurik izan, besteak beste kaxa txiki eta arinak bidaltzen ditugulako eta garraio-enpresa apur bat profesionalagoa delako.

Bezeroari arreta

Ai, bezeroak. Egunero deitu eta idazten digute. Sarri webgunean idatzita dauden gauzengatik galdezka. Baina bezeroek ezagutzea nahi gaituzte. Txikiak gara, berriak, eta Kisale horren atzean norbait dagoela jakin nahi dute, euren zalantza teknikoak argitzeaz gain.

Erraztu bezeroei zurekin komunikatzea. Telefonoa eta eposta funtsezkoak dira. Modan jartzen ari dira orain chat-ak. Pentsa, zenbaitzuk WhatsApp darabilte bezeroarekin hitz egiteko.

Egin kontu eguneko tarte garrantzitsu bat bezeroekin hitz egiten pasa beharko duzula.

Azkartasuna

Azkar, di-da, berehala nahi dugu denok dena. Bezeroek euren epostak egunean bertan erantzun ditzazun nahi dute. Euren eskariak ahalik bizkorren jaso nahi dituzte. Arazorik badute bizkor-bizkor konpontzea espero dute.

Interneten ezaugarrietako bat da aldaketak oso azkar gertatzen direla. Teknologia eta funtzionalitate berriak nahiko denbora laburrean merkaturatu eta zabaltzen dira. Eta punta-puntan egotea garrantzitsua da.

Eta lehiakideak ere azkar mugitzen dira. Ez da seinale makala zu lehiakideak baino azkarragoa bazara!

Marketina

Zure denda oso ondo egina egon daiteke, oso polita da, argazki eder eta guzti, baina ez bada inor sartzen bertara ez duzu deus salduko. Bisitariak behar dituzu, trafikoa. Eta hainbat gauza egin ditzakezu bisitariak lortzeko:

  • Google-en ondo kokatua agertzea, SEO-a gure sektorean. Google izan ohi da trafiko gehien sortzen duen iturria.
  • Google-en iragarkiak jarri, Adwords programari esker.
  • Beste webgune batzuetan iragarkiak jarri.
  • Prezio konparatzaileak erabili trafikoa lortzeko.
  • Sare sozialetan jardun, Twitter eta Facebook-en bereziki.
  • Blog batean idatzi zure produktu eta dendari buruz.
  • Erlazio-marketin kanpainak egin eta kazetari zein blogariei zure produktuak eskaini.
  • Eposta buletinak bidali zure bezero eta lagunei.
  • Afiliazio kanpainak.
  • ...

Eta hauek bote-lasterrean atera zaizkidanak dira. Gehiago ere egin daitekeelako.

Lan-taldea

Hemen goian zerrendatutako hau... zure gaur egungo lan-taldeak egin dezake? Zuk zeuk? Seguru? Ez zaitez optimistegia izan. Egia da lan-taldea handitzearena ondo pentsatu beharrekoa dela, baina ez baztertu modu organikoan hazten joatea.

Beraz, ecommerce bat nahi duzu oraindik?

Ikusi duzun moduan, sareko denda bat garatzea lehen pausua da, lan handi eta garrantzitsua, baina lehenengoa, beste hamaika zeregin daude.

Eta, kontrakoa dirudien arren, sinistuta nago hori dela etorkizuna. Eta denda on askoak sortuko direla etorkizunean. Gu laguntzeko prest.

Erantzuna gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira. Erantzunak moderatuta daude.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek