2012/12/24
Erreserbak kudeatzeko aplikazioa da Irteerak, bisita gidatuak eta edozein irteera mota antolatzen dituzten erakundeei zuzentzen zaiena. Aplikazio honek kudeaketa automatizatu eta erraztuko die erakunde hauei, baita zabalkundean lagundu ere.

Gure inguruan ohikoak dira bisita gidatuak, mendi-ibilbideak eta antzerako irteerak antolatzen dituzten erakundeak (udalak, turismo bulegoak, mankomunitateak zein enpresa pribatuak). Orain arte jarduera hauen kudeaketa modu artisanalean egin izan da, paperean edota kalkulu-orriren batean apuntatuz, ordainketa eskutik-eskura eginez eta abar. Garatu eta liberatu dugun Irteerak aplikazioak lana erraztu eta jarduerei zabalkundea ematen lagunduko die erakundeei.

Irteerak aplikazioaren ezaugarriak:

  • Jarduera bakoitzaren oinarrizko datuak erakutsi ahal izango dira: izenburua, deskribapena, salneurria, data eta ordutegiak, hasiera eta amaiera puntua, iraupena eta parte-hartzaile kopuru maximo eta minimoa, besteak beste.
  • Nahi beste jarduera kargatu daitezke aplikazioan.
  • Jarduera hauen berri webgune publiko batean emango da, edonork izena emateko moduan.
  • Erreserba egiterakoan ordainketa Internet bidez egiteko aukera dauka erabiltzaileak, hiru ordainketa-modu eskura izanik: kreditu txartela, Paypal eta trasferentzia.
  • Bezeroak eposta mezu bat jasoko du egindako erreserbaren datu esanguratsuekin.
  • Erakunde bertako kudeatzaileek erreserbak egin ditzakete bezeroen izenean, dena-delako ordainketa modua aukeratuz.
  • Jarduera bakoitzarentzat disponibilitate taula bat daukate eskuragarri kudeatzaileek, libre geratzen diren eta erreserbatuta dauden leku kopuruak erakutsiz.
  • Kudeatzaileek jarduera bakoitzean egin diren erreserbak inprimatu ditzakete, bezeroen informazio interesgarrienarekin, irteera-puntura eraman ahal izateko.
  • Jarduera guztiak agenda batean erakusten dira, data eta jarduera-motaren arabera sailkatuak.
  • Web aplikazioak bi ingurune ditu: bata publikoa, edonork ikus dezakeena eta jardueren erreserba egiteko balio duena; eta bestea pribatua, kudeatzaileek soilik ikus dezaketena erabiltzaile eta pasahitzarekin babestua, eta jardueren eta erreserben kudeaketarako balio duena.
  • Ingurune publiko zein pribatura sartzeko web-nabigatzaile bat behar da, lehen esan moduan ingurune pribatua erabiltzaile eta pasahitzarekin babestua egonik.
  • Erreserba-kudeaketarako sistema hau euskaraz dago garatua.

Geoparkea.com, erabilpen adibidea

Hemen goian aipatu berri ditugun ezaugarriak zuzenean ikusteko jo ezazu Euskal Kostaldeko Geoparkearen webgunera. Erreserben kudeaketarako Irteerak aplikazioa bertan erabili dugu.

Irteerak aplikazioa jaitsi

Garapena Django framework-a eginez burutu dugu eta GitHub-eko gure kontuan jaitsi dezakezu. Kode hau zure web proiektuan integratu beharko duzu.

Laguntzak

Irteerak aplikazioaren garapena Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, hizkuntza politika eta kultura sailak lagundu du IKT deialdiaren baitan.

Eusko Jaurlaritza HPSren logoa

Erantzuna gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira. Erantzunak moderatuta daude.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek