2009/11/06
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak argitaratzen duen Administrazioa euskaraz aldizkarian software librearen inguruko artikulua kaleratu dute: "Software Librea, gaurtik biharrera. Oinez, bidea eginez". Hainbat pertsona elkarrizketatu dituzte, Eusko Jaurlaritzaren Informatika-sistemen zuzendaritza daraman Jose Angel Rodriguez, CodeSyntax-eko Eneko Astigarraga, puntuEus elkarteko eta Deustuko irakaslea den Iratxe Esnaola eta Librezaleak taldeko Gorka Azkarate irakaslea.

Hona hemen Administrazioa euskaraz aldizkariaren 66. zenbakian Enekok esandakoa (aldizkaria jaitsi PDF-an 4,1 MB):

Software librea bai ala ez?

Bai, zalantzarik gabe software libreari bai. Gizarte ikuspegitik, zein administrazio edo enpresen ikuspegitik hainbat arrazoi daude software librearen aldeko hautua egiteko. Besteak beste, lankidetza kultura bideratzen du; giza garapena,jakintzaren gizartearen ezarpena eta, enpresen ikuspegitik, lehiakortasuna eta berrikuntza teknologikoa ere bultzatzen ditu. Dagoeneko, nabarmena da software askeak gizarteari eta euskal ekonomiari egindako ekarpena eta etorkizunari begira duen potentzialtasuna. Esate baterako, jakina da software libreak ekonomia eta enpresa lokalen garapena errazten duela. Administrazioaren ikuspegitik, software libreak baliabideak berrerabiltzeko eskaintzen duen aukera edo eskubide eta aukera berdintasuna sustatzen dituela azpimarratuko nuke.

CodeSyntax enpresa eta software librea

Enpresa sortu zenetik, 2000. urtetik, lan egiten du CodeSyntax-ek software librearekin, kode irekiko soluzioekin. Behar genituen CMS (Content Management System) edo eduki kudeaketa sistema eleanitzentzat irtenbide egokiena software askean zegoela konturatu ginen; aukera batzuk eta besteak frogatu, eta Zope, Plone eta Python teknologiekin lanean hasi ginen. Gaur egun, software librea diren beste teknologia batzuekin ere egiten dugu lan. Software librearekin lan egiteak enpresa teknologikoki eguneratua eta abangoardian egotea ahalbidetzen du. Erabiltzen dugun teknologiaren garapenean parte hartzen dugu nazioarte mailan. Mundu guztiko ehunka ingeniarirekin batera ari gara garapen lanean –PloneGov edo EZweb proiektuetan, esate baterako–, eta horrek gure enpresaren berrikuntza maila eta lehiakortasunean zuzenean eragiten du. Software jabedunarekin ezinezkoa edo oso garestia litzateke gurea bezalako enpresa batentzat.

Software librea eta euskara

Argi dago azken urteetan, software libreari esker, maila handiko software produktuen euskarazko bertsioak izatea bideratu dela: Firefox, OpenOffice... Era berean, software propietateduna sortzen duten enpresek beren produktuak euskaratzeko presioa sentitu dute. Egunetik egunera handitzen doan euskarazko software katalogoa (http://softkat.ueu.org/) ikustea baino ez dago.

Software librea gurean ezartzeko zailtasunak

Aldaketak beti ematen du beldurra, “aldaketaren kostea” deitzen zaiona dauka inplizitu. Horrez gain, zenbait ikerketak adierazi duten bezala, ezaguera falta, heziketa falta eta abar aipatzen dira. Kontuan izan behar dugu duela gutxi arte soluzio jabedunetan trebatuak izan garela eta software jabeduna erabiltzen irakatsi digutela. Etorkizunean, ohituagoak egongo gara software librea erabiltzen.

Erantzuna gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira. Erantzunak moderatuta daude.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek