Zer eskaintzen dizugu?Interneteko estandaretan oinarrituz, kalitatezko webgune erakargarri eta erabilterrazak.
Tumatxa, itzulpen-memoriak
Tumatxa (edo TuMatXa) itzulpen-korpusen biltegi eta kudeatzailea da.
Webgune propioa sortu diogu aplikazioari: Tumatxa.com
Bisita ezazu, eta egin aprobak demoekin.

Zer dira itzulpen-memoriak?
Itzulpen memoriak dira itzulpen memoria sistema edo tresna informatikoetan erabiltzeko fitxategiak. Ideia oso erraza da: testu bateko unitateak (esaldiak) jatorrizko hizkuntzan eta xede hizkuntzan parekatu eta gorde egiten dira. Horrela, sistemak jatorrizko unitate berdin edo antzekoa aurkitzen duenean, harekin parekatuta daukan itzulpena proposatuko du.
Itzulpen memoria sistema ezagunak dira, besteak beste: Trados, Déjāvu, Wordfast, Transit, edo Translat. Horien artean memoria edo datuak trukatzeko estandarrari TMX deritzo
Erabilpen posibleak
Jarraian adierazitako adibideetan, Tumatxa zertan eta nola erabil daitekeen adierazten dugu.
Itzulpen zerbitzua bere bezeroekin
Itzulpen enpresa batek bere bezeroei eskain diezieke beren memoria partikularretarako sarbide zuzena. Hortaz, bezeroak kontratatu eta ordaindu dituen itzulpen guztien lana toki jakin batean gordea edukiko du, deskargatzeko edo kontsulta zuzenerako, www.translationcompany.com/private/customer1 bezalako helbide batean.
Itzulpen enpresa bat lana banatzen
Itzulpen enpresak eginkizun jakin batzuetarako kanpoko itzultzaileengana jo dezake. Denek oinarri beraren gainean lan egin dezaten, terminologia berarekin, memoria bilduma pribatu ezarriko da, hala nola www.translationcompany.com/private/project2004_0012 eta bertatik jasoko dute materiala azpikontratatuek. Bakoitzak bere partea osatu ahala, bilduma hazi egingo da halaber.
Kasu honetan, eta berdin aurrekoan, sistema nahi ahala egokitu daiteke, beharbada ez uzteko memoriak deskargatzen, eta bai ordea kontsultak egiten.
Itzulpen memoriaren banku publikoa
Herri-erakundeek, bereziki Euskal Herrian, memoria ugari sortzen dute dokumentazio ofiziala itzultzean. Dokumentuak publikoak badira, haien itzulpenak eta memoriak ere hala izan daitezke, herritarrek ordaindu baituzte zergen bidez. Banku edo bilduma publiko batek, gainera, beste erakunde batzuei ere lagunduko die, haien lan kargak errazten edo terminologia bateratzen.
Software libreko proiektuak
Software libreko komunitateetan, itzulpen ekimenetan Gettext metodologia jarraitzen bada, sortutako .po fitxategiak bilduma batean elkar daitezke. Denak batera pilatu, eta fitxategi batean jaitsiz gero, KBabel-ekin lan egiteko memoria txukuna du eskura komunitateak. Era berean, bilduma online kontsulta daitekeen glosario erabilgarri bat bilakatzen da.
Memoriak intranet batean
Erakunde handi batean, itzultzaile zenbait egon daiteke lanean, bulego desberdinetan. Kasu horietan, ez da erraza, lizentziengatik eta arazo teknikoengatik, itzulpen-memoriako programak sarean lan egiteko konfiguratzea. Tumatxa instalatuz gero Intranetean, itzultzaileek elkartrukerako plataforma egoki bat aurkituko dute.
Itzulpen departamentuetara zuzendutako eskaerak
Erakunde elebidun edo eleanitzean, itzulpen arduradunek jasotzen dituzten eskabide gehienak ez dira dokumentu zehatzak itzultzeko, zalantza edo galdera jakin bat argitzeko baizik. Tumatxa instalatuz gero, bulegoan lan egiten dutenek egindako itzulpenak eskura izango dituzte intranetean, eta pantailatik zuzenean bideratuko dira kontsulta asko, lana aurreratuz itzulpen sailean.
