2021/10/22
Urriaren 23tik 31era Plone Konferentzia 2021 ospatuko da, 19. edizioa. Urtero egiten den konferentzia Plone komunitatearentzat aukera bikaina da garapen berrietan ezagutza handitzeko, arrakasta kasuak partekatzeko eta komunitatearen etorkizunaz hausnarketa konpartituta egiteko. Aurten ere ez du huts egingo CodeSyntax-ek PloneConf-en, eta izatez Silver sponsor edo zilarrezko babesle izango gara bertan.

Plone erreferentziazko CMS edo edukia kudeatzeko sistema da software librearen alorrean, Python programazio lengoaian web-gintzarako egindako tresna ezagunenetako bat. PloneConf edo Plone Konferentzia mundu mailako urteroko bilkura da, eta aurten, iaz bezala, online izango da. Presentzialak direnean ere izan da han CodeSyntax, eta orain ere bai jakina, babesletza eskainiz gainera.

Bihar larunbatez, urriak 23, hasiko da PloneConf 2021. Lehen bi egunak, asteburukoak, training izanen dira, hau da, prestakuntza edota formakuntzan oinarrituriko saioak. Formakuntzan zein ondorengo asteko jardunaldian, CodeSyntax-eko Plone taldeko sei garatzaile (Mikel Larreategi, Lur Ibargutxi, Nagore Ruiz de Escudero, Bittor Poza, Ion Lizarazu, Unai Etxaburu) egonen dira, asteburuan ere jo ta sua. Lantalde honetako bi lagunek, bideo batean azaldu digute ze espektatibarekin goazen PloneConf honetara.

Aurtengo konferentzia online izango da LoudSwarm Virtual izeneko plataformaren bidez eta edonork parte har dezake. Konferentziak irauten duen bederatzi egunetan zehar prestakuntzak, elkarrizketak, espazio irekiak, gizarte jarduerak, eta abar egongo dira. Nazioarteko ordutegi formatu batean, gure ordutegko 15.00etan hasiko dria saioak.

Plone konferentzian tratatuko diren gai eta tresna teknologikoen artean:; Zope, Guillotina, Piramide eta Volto. Hemen duzue hitzaldien zerrenda osoa.

2020an, mundu osoko 30 herrialde baino gehiagotako 295 laguntzailerekin, konferentzia arrakastatsua izan zen. Babesle izateko hainbat maila daude eta baita abantaila desberdinak ere.2020ko hitzaldietako bideo guztiak gordeta geratu ziren. Berdin egingo da 2021koekin eta jakinaraziko dizuegu.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek