2013/05/17
Haritz Rodriguezen txanda izan da Betor hitzaldi sortan. Euskaldunon sarean Xuriken goitizenarekin ezagutu dugu, eta hainbat saltsatan ibili izan da azken urteotan. Asteazkenean, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako kanpuseko Innogune aretoan, 'Hedabide sozialak' goiburuarekin azaldu zigun sareari buruz duen ikuspegia eta bera zein proiektutan dabilen.

Makina bat gauza egin ditu Haritz Rodriguezek Interneten. Adibidez, Euskaltube sortu zuen (arrakastaz hil zen proiektua, nolabait) eta Transistoria bideo produktora ere. Azken honen lanak bildu ditu bere oraingo enpresak, Barking Blogs, Rebeca Rodriguez bazkidearekin batera sortua. Eta enpresa horretatik, ekimen berri bat martxan dutena azken 4 hilabeteotan: Blog On Brands.

Blogak, merkataritza, marka, marketing eta komunikazio zabalkundea... Kontzeptu horien inguruan lan egiten du Haritz Rodriguezek, eta hain zuzen ere horretaz diharduen Cluetrain manifestuarekin hasi zuen Betor hitzaldia (CodeSyntax-ek euskaratua bere garaian).

Haritz Rodriguez, Betor hitzaldian

Hemen duzue bere hitzaldia bideoan grabatuta (Berria.info-ren kolaborazioari esker, ohi bezala), eta hemen itsatsita, erabili zuen aurkezpena.

Esandakotik puntu batzuk nabarmentzeagatik, horra ideia batzuk:

  • Interneteko ospearen zirkuluetan, preskriptoreen garrantzia: eragin nabarmena duten pertsona horiek, marka zabaltzen lagundu dezaketenak.
  • Joera berrien artean, telebista eta sare sozialen kontsumo bateratua (Tuitele eta beste esperientzia batzuk aipatu zituen)
  • Blogak gainbehera ote doazen ideia arbuiatu zuen, alderantziz baizik: "Sare sozialek ez dituzte blogak hil, indartu baizik".
  • Blog xume bat masa-hedabide izena izan dezakeen ekimen batekin lehia daitekeela sarean.


Azalpen hauez gain, "bere umetxoaz" berba egiteko txanda ere hartu zuen Rodriguezek, logikoki, Blog on Brands proiektuaz (aurkezpeneko bideoa ere ikusi genuen).

Blog on Brands produktua garatu du, eta horretan dabil buru-belarri. Bi elementu edo merkatu erkatzen ditu plataforma honek, blogari berezituak edo preskribatzaileak izan daitezkeenak, eta promozioa egin nahi duten markak edo zerbitzuak.

Ordaindu, markek egiten dute, blogarien profil eta estatistiketara sartzeko, eta kanpainak proposatzeko; eta blogariek, aldiz, markek eskain diezaizkieten promozioak disfrutatzen dituzte, gero kronika idazteko konpromisoarekin (baina konpromisoa ez da alde idaztea, baizik eta zuzen pentsatzen dena, betiere disclaimer eginez nola lortu den promoziorako sarbidea). Kronika edo post horien jarraipen analitikoa egiteko tresnak eskaintzen ditu gainera Blog on Brands-ek.

Momentuz, gastronomia, moda eta turismoaren sektoreetan ari dira agertzen promozioak Blog on Brands-en. Zentzu honetan, blogtrip-ak egiten, Haritz Rodriguezek izandako esperientzia nolabait ideia honetarako sorburua izan zela aipatu zigun. Bide batez, gonbidatuta turismo-esperientziak ezagutzen, jan-edanarekin tratu pittin bat onegia ere jaso izan zuela aitortu zigun irribarre batekin :-)

Eskerrik asko, beraz, Haritz Rodriguezi, Betor hitzaldi honengatik. Aurrekoetan bezala, antolatzaileak izan gara Miramon Enpresa Digitala, Berria eta CodeSyntax. Orain arte izandako kroniken estekak hemen dituzue:

  1. Txomin Jauregi eta Deskontu.com
  2. Iñigo Arandia eta Kaixomaitia.com
  3. Iruri Knörr eta Ideateca
  4. Javier Etxebeste eta Nestoria
  5. Nagore Guarretxena eta Akting
Erantzuna gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira. Erantzunak moderatuta daude.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek