2013/03/27
2008ko apirilean argitaratu genuen Ahotsak.com webgunea. Diseinuak nahiko ondo iraun duela iruditzen zaigu, baina webgunearen 5. urteurrenarekin batera diseinu berritu diogu. Goitik behera aldatu beharrean, eguneraketa eta egokitzapen txiki batzuk egin dizkiogu, webguneak duen informazio guztia garbiago erakusteko asmoz eta erabiltzailei ere euren tokia emateko.

Elgetako Espaloian ekitaldi eder bat ospatu zen joan zen astean, Badihardugu Euskara Elkarteak antolatuta. Helburua: Euskal Herriko Ahotsak proiektuaren 10 urteak eta www.ahotsak.com webgunearen 5 urteak ospatzea, eta bide batez ekimenean lagundu duten guztiei eskerrak ematea. Ederra da egin den lan guztia eta Codesyntaxen saiatu gara mailara dagoen webgune baten bidez eduki eta material baliotsu hau denon eskura garbi eta erabilgarritasunez erakusten.

Esan bezala, ahotsak.com webgunea 2008ko apirilean aurkeztu genuen. Diseinuak eta azpiegitura teknikoak ondo iraun dutelakoan gaude, baina egia da proiektua sendotu ahala (5 urteotan asko-asko handitu da webgunean erakusten den materiala, bideo-kopurua, eta abar), diseinuan ere egokitzapen txiki batzuk egitea komeni zela.

Webgunearen arduradunek ez zuten nahi itxura-aldatze handiegirik. Orain artekoaren jarraipena nahi zuten. Guk ere horrelaxe ikusten genuen. Rediseinua baino, egokitzapen txikiak egitea.

Herri baten bista. Informazio-andana dago. Ondo egituratzen saiatu gara.

Lan horretan 3 helburu izan ditugu, nagusiki:

  1. Laguntzaileen lanari bisibilitate gehiago eman, bai pasarte eta fitxetan, bai Komunitate itxurako atala sortuz. Horrekin batera, euren ekarpenak egiteko aukera izango dute laguntzaileek, besteak beste, iruzkinak egin, iradokizunak gehitu, transkripzioak egin...
  2. Bideoei garrantzi gehiago eman. 2008 urrun hartan oso bideo gutxi zegoen oraindik, baina dagoeneko 12.000 bideo inguru dituzte ahotsak-en, eta horiei leku garrantzitsuagoa eta handiagoa eman nahi izan diegu, portadan zein barruko bista guztietan.
  3. Amaitzeko, herrietako eta pasarteetako informazioa erakusteko orduan diseinua oraindik gehiago "garbitu" nahi izan dugu, informazioa hobeto antolatuz.

Pasarte baten bista. Bideoei leku handiagoa.

Diseinu likidoa eman diogu oraingoan, eta lehen baino pantaila-bereizmen handiagoetara zabaltzen da. Tabletetan ere egoki ikusten da. Etorkizunean mugikorretara egokitzeko aukera ere emango dio honek. Bestalde linea beretik jarraitu dugu fondo garbi eta zuriak mantenduz. Webguneak informazio mordoa dauka, eta diseinu garbia ezinbestekoa da datu guzti horiek modu egokian bistaratzeko eta ondo ulertzeko.

Portadak izan du aldaketarik handiena; bloke horizontaletan diseinatu dugu atal bakoitzari merezi duen garrantzia emanaz scroll-aren beldurrik gabe.

Gu pozik gaude emaitzarekin. Eta garrantzitsuagoa: bezeroa ere pozik dago. Ea erabiltzaileek zer dioten. Aurreko diseinuak 5 urte iraun dizkigu; ea oraingoak! ;-)

Sarrera-orria. Luzea, bloke horizontalekin.

Erantzuna gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira. Erantzunak moderatuta daude.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek