2022/10/14
Euskarazko kultura digitala sustatzea eta ezagutaraztea da Nafarroako Gobernuak, Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutuaren bitartez, bultzatutako Sarean euskaraz programaren helburu nagusia. Urriaren 13an eta 14an Iruñeko Baluarte Jauregian izan gara, Iruñerriko hamar ikastetxetako DBHko 4. mailako eta Batxilergoko 1. mailako gazteekin "Egunean Behin" jokoarekin "Sarean Euskaraz" programan parte hartzen.

Ekimen honen xedeak: softwareen euskaratzea bultzatzea eta horiek instalatzeko nahiz erabiltzeko ohitura sustatzea, baita euskarazko IKTen sektorea ikusgarri egitea eta balioestea ere.

Gazteak, euskara eta teknologia berriak dira Sarean euskaraz egitasmoaren ardatzak. Pandemiak oso epe motzean teknologia berrien garrantzia eta digitalizazio prozesuak areagotu ditu. Horregatik, are premia handiagoa dago sustatzeko gazteen formakuntza teknologikoa eta euskararen erabilpena IKTetan.

Era beran, Sarean euskaraz programa Nafarroako hiri eta herri ezberdinetara zabaltzeko ahalegina aipagarria da. Herritar guztiei zerbitzua berdintasunean eskaintzeaz gain, IKTen prestakuntza landa guneetara eramateak garrantzi berezia dauka, digitalizazioa landa garapenerako estrategikoa baita eta herrien huste arriskua saihesteko prebentziorik onena.

Iruñerriko hamar ikastetxetako DBHko 4. mailako eta Batxilergoko 1. mailako 1000 gazteekin baino gehiago egon ginen jokatzen ekitutako "Egunean Behin" aplikazioarekin. Hemen duzu Jardunaldiak 2022 inguruko informazioa.

"Jolas Aretoan" izan ginen Egunean Behin-ekin.  Galdera-erantzunen jokoa da Egunean behin, bakarka nahiz taldean jokatzeko diseinatua, euskaraz. Android mugikorretan zein iPhonetan instala daiteke.

Dinamika oso erraza proposatzen du Egunean behin jokoak. Izenak berak dioen bezala, egunean behin partida bat jokatzeko aukera izango duzu. Partida bat, eta bakarra. 10 galderari erantzun beharko diozu, ahalik eta azkarren. Zenbat eta gehiago eta azkarrago asmatu, hobeto!

Erantzun zuzenen kopuruaren eta pasatako denboraren arabera, puntu gehiago edo gutxiago lortuko dituzu. Eta, horren arabera, sailkapenean gora edo behera eginen duzu, jakina.

Sailkapena, normalki, asterokoa da: astelehenetik igandera bitarteko partidak hartzen ditu kontuan. Baluarte Jauregian, ordea, zuzeneko partidak jokatu ziren bertan zeuden gazteen artean lehiatzeko. Txanda bakoitzeko 3 partida bizkor eta sari bat egongo ziren.

Sekulako giroa izan zen aretoan eta uste dugu gazteak pozik atera zirela.

 

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek