2015/07/22
Ostegun eta ostiralez (uztailak 23-24) Kazetaritzako Hackathoia antolatzen dute Euskal Encounter topaketa informatikoan, Barakaldoko BEC gunean, Euskal Encounterrek berak eta Euskaltel Konekta Fundazioak. CodeSyntax-ek parte hartuko du bertan Mugikariaren bertsio eraldatu eta Beta batekin. Probatzeko aukera izango duzu, irakurri eta jakin nola.

Enpresaren izenean Luistxo Fernandezek (nik, proiektu arduradun gisa) eta Anartz Mugikak (Android garatzailea) hartuko dugu Euskal Encounter topaketa bihar eta etzi. Kazetaritza Hackathoia izango da bertan, eta Mugikaria albiste aplikazioaren erdarazko bertsio bat garatzen saiatuko gara. Erdaraz, baina ez irudiko erdara horretan (Galesen bertako enpresa batekin elkarlanea garatzen ari garen galesrrazko prototipo bat da hori), gaztelaniaz baizik. Eskura genuen baliabide bat gaztelaniazkoa, abenduan itxi genuen Niagarank proiektua, eta haren kanal batzuk berpiztuko ditugu. Horrez gain, Premium edukien funtzionalitate bat izango du aplikazio berriak. Hau da, eduki multzo jakin batzuetara sartzeko, ordaindu egin beharko da.

Probatu nahi duzu?

Espero dugu aplikazioa garatzea ostegunean (hilak 23), eta ostiralean deskargatu ahal izatea. Baina erabili ahal izateko, Beta bertsio pribatu batean egongo da, eta Android sisteman bakarrik. Beta bertsio hori probatu nahi baduzu, zure Android mugikorrean aktibatuta duzun Google identitatearen e-posta bidali behar diguzu, LFernandez [a bildua] codesyntax.com postontzira.

Aplikazioa erabiltzerakoan, Premium funtzionalitatea probatzen baduzu euro bat inguru ordaindu beharko duzu. Nola probetan den hau, hala egiten baduzu, opari txiki bat jasoko duzu ordainetan (ordenagailurako sticker edo pegatina bat, eta bale bat garagardo batekin trukatzeko CodeSyntax-eko norbaitekin topo egiten duzun hurrengorako; asmatuko dugu bidea horiek zuri posta arruntez helarazteko).

Probatzean gogoko baduzu, ostiralean aplikazioaren alde txiokatzea ere eskertuko dizugu, lehiaketa bat baita Hackathoia eta txioen bidezko "bozak" ere kontuan hartuko baitira.

Zer da eta zertan datza Kazetari Hackathoia?

Kazetari Hackathoia lehiaketa bat da, non erronka moduan, partaideei komunikabide digital prototipo bat edo jada existitzen komunikabide batean funtzionalitate berri bat garatzea proposatzen zaien. Garapena lehiaketa bitartean egin behar da, Euskal Encounter ekitaldiaren barne.
Nork hartu dezake parte?

Komunikabide bat ordezkatzen duen edozein kazetarik hartu dezake parte Hackathoian. Lehiaketa kazetari taldeei zuzenduta dago nagusiki, baina diseinatzaile zein informatikariekin elkarlanean aritu daitezke. Gehienez 1-2 pertsonek osatutako 10 talde onartuko dira. Euskarri teknikoa edota diseinatzaileena ez duten taldeek, antolatzaileen laguntza jaso ahal izango dute.

Garatu behar diren proiektuak komunikabide digital proiektuak izan behar dira, web orrialde bat zein mugikor aplikazio bat, biak edota funtzionalitate berri bat izan daiteke. Gainera:

  • Gaia guztiz librea da. Bertako agenda bat, joko bat, aldizkari online bat edo jada existitzen den web orrialde baterako funtzionalitate berri bat izan daiteke. Prozesuaren alde bat, ideia desberdinen inguruan lana egitea da.
  • Software librea erabili daiteke edo zerbait ex profeso garatu daiteke.
  • Prototipoarentzat soilik sortutako zenbait eduki izan behar ditu.
  • Edukia berritzeko plan bat eta negozio-eredu bat izan behar du.
  • Open data erabili behar du, baina sare sozialen API-ak edota beste edozein datu ere erabili daitezke.
  • Ez da beharrezkoa proiektuak bukatuta egotea, baina kontuan izango da.

Nork parte hartuko du? Eta nola?

Partehartzaileen zerrenda definitiboa ez digute helarazio, baina badakigu 9 edo 10 talde/proiektu izango direla Hackathoian. Horien artean egongo dira Diario de Navarra egunkaria, EITB eta Onda Vasca irratia.

Hackahtoia Euskal Encounter-aren barne ospatuko da. Prototipoak ekitaldi aurretik zehaztu daitezke, baina lehiaketa bitartean garatu eta komunikatu beharko dira, uztailaren 23 osteguna eta 24 ostiral bitartean. Garapen eta aurkezpen jarduerak gutxi gora behera honako hauek izango dira

  • Uztailak 23, osteguna: Prototipoen garapena
  • Uztailak 24, ostirala. Proiektuen zabaltze, promozioa eta betatester bilketa. 10 proiektuen aurkezpena epaimahaiaren aurrean, proiektuak ezagutu eta onena aukeratu dezaten. Irabazleen hautaketa.

Sari berezi bat egongo da (1.000 eurokoa), opendata datuak integratzen dituen proiektu onenari. Ez gaude seguru ea Mugikariaren bertsio berri honek halakorik izango duen (ostegunean garapenean zehar ikusiko ditugu aukerak eta erabakiko dugu), baina sari aukera horretatik kanpo geratuta ere, espero dugu aplikazioa etorkizuneko proiektu baten oinarri izatea.

Eta batez ere, erabiltzaileei interesekoa suertatzea. Gogoratu, Beta bertsioa instalatu eta probatzeko, idatzi  LFernandez [a bildua] codesyntax.com helbidera, eskerrik asko.

Erantzuna gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira. Erantzunak moderatuta daude.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek