2012/06/07
Umap euskarazko tuiten batzailearen esperientziaren gainean, Twitterreko jarioak analizatzeko produktu baten garapenean jarraitu dugu. Eta gaur, horren emaitza bikoitza erakuts dezakegu (etorriko dira gehiago), bi albistegi tematiko, guztiz automatikoak, bi bezerorentzat eginak: Nestoria News UK, eta Noticias Kisale, bata etxegintzaz ingelesez, beste txirrindularitzaz gaztelaniaz.

Hor dira ba Nestoria eta Kisaleren albistegiak. Bi zerbitzu hauen nondik norakoa ulertzeko, 2010ean CodeSyntax-ek garatu zuen euskarazko aplikazio bati begiratu behar diogu: Umap. Euskarazko tuiten batzaile hori garatu genuenean, 1.000 erabiltzaile ingururekin, Twitterreko jario etengabea denbora errealean kudeatzen ikasi genuen, eta gauza interesgarriez jabetu ere bai. Adibidez, tuiten %55ean esteka bat partekatzen dutela euskaldunek. Esteka horren analisira igaro ginen Umap-en, beraz, eta albistegi automatiko bat sortu genion. Albistegi hori oinarrizkoa da, eta Umap bera tope batera iritsi da, ezin baitugu 5.000 jarraitzaile baino gehiago kontrolatu Twitterren (muga teknikoa da haien API zerbitzuan). Hari horretatik tiraka, bi garapenekin aurrera egitea erabaki genuen:

  • jarraitzaileak sailkatzeko metodo bat asmatu
  • tuiten jarioan baino, partekatzen diren esteketan zentratu, albistegi hobe bat egiteko.

Bi garapen horiek izango dute isladarik Umap-en eta euskarazko zerbitzuan, baina oraingoz, beste esparru batzuetan aplikatzeko aukera sortu da, eta horrelaxe sortu dira albistegi hauek, etxegintzakoa ingelesez, eta txirrindularitzakoa gaztelaniaz.

Nestoria News UK sortu dugu Nestoria etxe bilatzailearentzat, Javier Etxebestek Londrestik zuzentzen duen zerbitzuarentzat (gure bezeroa zenbait proiektutan aurretik ere).

Nestoria News

Noticias Kisale, berriz, bazkide batzuekin enpresan bertan garatu dugun Kisale bizikleta dendaren osagarri bezala garatu dugu.

Noticias Kisale

Bi kasuetan ehundaka tuiterlari jarraitzen dituzte gure robotek, esparru jakin batean mugitzen direnak hain zuzen. Erabiltzaileen ranking bat egiten da horrela (eta bi webguneetan, portadan, aldamenean agertzen dira lehen 20ak), eta dinamikoa eta automatikoa da hori. Jendeak gora eta behera egin dezake, eta sistema gaitua dago erabiltzaile berriak aurkitzeko. Sarean aurkitzen ditu erabiltzaileak gure sistemak, inon erregistratu beharrik ez dago.

Erabiltzaileak detektatuta, haien jarioetan estekak zenbatu eta ponderatzen ditugu, batetik edukiarekin bat datozen ikusteko, eta bestetik, tuit eta aipuen bidez argitaratzeko atalase bat gainditzen duten neurtzeko. Atalasea igarota, portadara doaz albisteak.

Noticias Kisale

Albisteak argitaratzen ditugu testu puska minimo batzuekin, eta irudien kopia txikiekin, betiere esteka originala eta eduki nagusia jatorrizko webgunean errespetatuz. Kasu batzuetan webgune batzuek eduki gehiago partekatzen uzten dute (Youtubeko bideoak, kasu), eta orduan edukia osatuago ager daiteke.

Eduki puska horrez gain, Twitterren esteka horren inguruan egon diren aipuak ere batzen ditugu, eta elkarrizketak izan direnean ere bai. Hona adibide bat Kisale albistegiko berri batean non Eneko Garatek esteka aipatu barik egindako iruzkin bat ere bere kontestuan ageri den, erantzun baten gisara.

Kisale Noticias, albiste bat

 

Antzeko adibide Nestoriak egindako bere iragarpenaren albistean.

Nestoria, elkarrizketa bat albiste batean


Web bidez edo Twitterren bertan jarrai ditzakezu albistegi hauek, NestoriaNewsUk eta Kisale_es kontuen bidez.

Informazio freskoaren eta albisteen esparruan, hedabide tradizionalek gero eta zailagoa daukate sarearen aurrean. Kazetaritza egitea garestia da, eta sarerako proposatzen diren alternatibak, hala nola gaur Espainian El Huffington Post estreinatu berria edo laster martxan jarriko den ElDiario.es blogarien doako aportazioetan oinarrituko direla ematen du, ustezko prestigio baten truke lan egingo dutelakoan...

Prestigioduna nor den, ordea, sareak berak erabakitzen du. Bost izenpe distiratsuk baino filtro hobea egiten dute 500 iruzkingilek, eta horientzako une honetako erreferentziazko plataforma Twitter da. Informazio jario anitz horretan, zarata > seinale ratioa hobetzea da koxka, eta robotek (ere) hori egin dezaketelakoan gaude gu.

Erantzuna gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira. Erantzunak moderatuta daude.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek