2017/03/24
TBX.eus (te-be-ixa) proiektua abiatu dugu. Euskaldunok ikusten ditugun bideoen batzaile bat. Egitura sinple batekin eta Youtubeko edukiarekin hornitua oraingoz, baina aurrera begirako asmo sendoekin.

TBX.eus euskaldunok sarean ikusten ditugun bideoen sailkapen automatiko eta jarraitu bat da. Lehen bertsio honetan, eguneko, asteko, hilabeteko eta urteko ranking aldakorrak eskaintzen ditugu.

Edukia Youtubetik dator, han euskal bideo-gileek egiten dutenari leiho bat gehiago eskaintzen diogu. Proiektuaren helburu nagusia da sareko euskarazko ikusentzunezko edukiari bisibilitatea ematea, edo gizarteratzean lagungarri izatea. Sortzaileentzako baliagarri izatea nahi dugu, eta espero dugu euren euskarazko bideoak gehiago hedatzeko balioko duela. Gainera, ez dute ezer berezirik egin behar, automatizatua baitago TBX: bideoak ondo markatu euskaraz Youtuben, eta sare sozialetan zabaldu... hortik aurrera ikuskatzeak badituzute, gure tresnak detektatuko ditu.

Zabalkunde horretan, Interneteko pantailetan dugu orain TBX, mugikor zein PCetan ondo ikusten dira bideoak. Baina izenak berak adierazten du intentzio bat eman diogula produktuari: Te-be-ixa horretan TB edo telebista dago. Ikus-entzunezkoen kontsumo toki nagusia etxeko telebista da, eta han egon behar du euskarazko edukiak. Norabidea horixe jarri diogu TBX-ri. Izatez, orain ere ikus daiteke telebistan... Chromecast gailua badauka zure telebistak, ikusi, mugikorretik pantailarako urratsak etxeko egongelan:

TBX

Telebistan TBX ikusteko esperientzia hau bihurri samarra da oraingoz, baina erraztea dugu helburu.

Euskara teknologia berrietan sustatzeko Eusko Jaurlaritzako HPSk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako dirulaguntzekin garatu dugu TBX, baina aurretik CodeSyntax-ek landutako Robsoc i+G proiektuaren eta Umap zerbitzuaren teknologia eta lanketa ere badago produktu berrian.

Erantzuna gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira. Erantzunak moderatuta daude.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek