2005/10/04
Joan zen ostiralean aurkeztu zen Eibarren Eibartarren Ahotan Ahozko artxiboa online . Artxibo horrek Eibarko nagusienen hitzak eta ipuinak biltzen ditu. Orain, hori guztia Interneten dago kontsultagai.

Eibartarren Ahotan proiektuaren helburua Eibarko ahozko ondarea jasotzea da: herriko nagusiekin berba egin eta antzinako ipuin eta kontuak bideoz jasotzea. Asmoa, hurrengo belaunaldiei XX. mendearen lehenengo zatiaren bizimoduaren ñabardurak eta alderdi desberdinak zehatz-mehatz, protagonisten ahotan, jasoko dituen ikusentzunezko artxibo eta datu-basea lagatzea, zaletuen gozamenerako eta adituen (filologo, historialari, etnografo zein soziologoen) azterketarako.

Egileek aurkezpenean aitortu zuten moduan, proiektua abian jarri zutenean Internet zer zen ere juxtu-juxtu zekiten, duela 6-7 urte. Hala ere, beti izan zuten buruan hedapena, eta hedapen gauzatzeko biderik zuzen eta egokiena Internet zela. Lehenengo fase batean bideoak grabatzeari eman zioten lehentasuna, baina azken bi urteotan Internet izan da erronka, jasotakoa Interneten erakustea. Lan horren ardura teknikoa CodeSyntaxek izan du. Egileek Accessen zuten datu-basea egokituz, Zopera igaro eta online jarriz, grabatutako 400 pasarterekin batera.

Lehenago ere badira antzeko beste pare bat fonoteka Euskal Herrian, baina herri mailako lehenengoa da oraingo hau. Gainera, berezitasunen artean, orain arte kargatuta daukan material kopurua dago, eta batez ere, jasotako guztia gaika antolatuta eta erabiltzaileak nahi duen moduan aurkitzeko bezala antolatuta dagoela.

Erantzuna gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira. Erantzunak moderatuta daude.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek