2014/07/16
Joan den astetik dago Tribual merkatuan, CodeSyntax-ek garatutako lehen aplikazio mugikorra, mekanika errazeko joko bat, euskaraz, doakoa, Android gailuetarako. Izan duen onarpenarekin pozik gaude, eta joko hau egitera bultzatu gaituen pentsamenduetako batzuk partekatuko ditugu gaur blogean.

CodeSyntax eta plataforma mugikorrak

Zergatik Tribual orain? Interneteko zerbitzu eta aukeren munduan, irismen mugikorraren gorakada ez dago ukatzerik, eta horretara ari gara egokitzen azken urteotan CodeSyntax-en. Webgintzari dagokionez, webgune batek dituen funtzio informatiboak, atzipen mugikor egoki batekin ere eskaini zitezkeela ikusi genuen duela urte pare bat, eta responsive erako diseinu eraginkorrak egiteari ekin genion. Esparru horretan berrizten eta ikertzen jarraitzen dugu, baina dagoeneko, mugikor eta tabletetatik ondo ikusten diren webguneak egiten ditugula uste dugu.

Hala ere, gailu mugikorren esparruan, nabigazioaz gain, aplikazioen mundua ere badago. Erronka horri ere ekin behar zitzaion. Egin izan ditugu beste ekoizle batzuekin elkarlaneko proiektuak; baina jakintza, mekanika eta esperientzia lehen eskutik, etxean bertan, eraiki behar genuela ere pentsatu genuen. Momentuz, Android esparruan; iOS plataforman ere hasi beharko gara beharbada.

Tribualen garapenaren gako batzuk

Ez gara Euskal Herrian Android garatzen hasi diren lehenak, inondik ere. Ez dakigu berandu ote gatozen, baina behintzat, urratsak ondo pentsatuta egin nahi izan ditugu. Garapen teknologikoan, zutarri sendoen gainean saiatu.

Goitik behera etxean, enpresa barruan, garatu dugun proiektua da Tribual. Lehen lana da. 'Beta' epitetoa eman genizaiokeen agian, eta erabiltzaileok ikusiko duzue, funtzio zein diseinuan, hainbat eta hainbat produktu daudela aplikazioen merkatuan, gurea baino askoz ere garatuagoak eta ikusgarriagoak. Ikasteko balioko ahal digu, behintzat, hurrengo proiektuetan edo Tribual-en berrikuntzetan (eta badatoz, badatoz batzuk laster), aurrerapausuak emateko.

Hala ere, lehen lana izan arren, bereizgarritasun interesgarriak garatzen saiatu gara. Kontzeptuaren aldetik,

  • Euskaraz eta euskararen inguruan funtziona zezakeen joko bat diseinatzen saiatu gara (ez baitaude adibide asko, tamalez).
  • Lehiaren balorea ere sartu dugu jokoaren mekanikan: bakarrik jolasten duzu, sistemak emandako galderen aurrean; baina galde-sorta bera beste lehiakide batek ere jasoko du, eta hori pizgarri bat dela uste dugu.


Teknikoki ere, aproba gisa balio behar zigun garapenak:

  • Push mezuen mekanika testeatu nahi genuen, eta horregatik ere sartu dugu jokoan.
  • Argazkiak erakusteko modua ere probatu nahi genuen, tablet zein mugikor tamaina desberdinetan egoki ikusteko era definitzeko...
  • Backend konexio indartsua. Batez ere, mugikorreko sistemaren eta web zerbitzari batean dagoen backend baten arteko harremana ondo kontrolatzen saiatu gara.

Galde-erantzun automatikoki sortuak

Tribual-en bereizgarri nagusia, hain zuzen, kontzeptu eta teknikaren aldetik lortu nahi izan dugun detaile originalenean jarri dugu. (Horixe izan da gure intentzioa bederen, ea zuek berdin irizten diozuen). Web-ingurunean, Twitterreko jario etengabetik albisteak eta datuak automatikoki erauzteko prozesuak garatu izan ditugu Umap, Sustatu eta antzeko proiektuetan.

Denbora errealeko automatizazio hori aplikatu dugu Tribual-en backendean: galderak automatikoki sortzen dira, eta etengabe berritzen gainera, Twitterreko bi traolen jarraipenetik (Hitzokei eta Mikroipuinak). Irudietan oinarritutako galderak ere automatikoki atera ditugu (Panoramioren APItik, kasu honetan), baita pertsonaien jatorriari buruzkoak Wikipediatik (kasu honetan, tarteko baliabide gisa DBpedia erabili dugu, eta zinez eskertzekoa da Deustuko Unibertsitateko Deustotech-Internet unitatekoek euskarazko DBpedia sortzen egiten duten lana), eta galdera matematikoak ere modulo txiki batekin sortzen ditugu. Beraz, ez dago editorerik galderak erredaktatzen. Beste galdera sistema batzuk gehituko ditugu aurki, gainera.

Galderak automatikoki eta kopuru handietan sortzeko gaitasuna funtsezkoa iruditu zaigu, galderak oso azkar erre ditzakeen sistema baita Tribual. Mahaigaineko jokoa, Trivial, jokatu hiruzpalau arratsaldetan, eta erantzunak ezagunak egiten zaizkizu. Tribual-en, berriz, mahaigainekoan baino abiadura handiagoan gastatu daitezke galderak, horrregatik haiek hornitzeko eta ordezkatzeko sistema sendo bat behar da. Era berean, euskaraz funtzionatzen badugu, jokoa beste hizkuntza batzuetan garatzea ez dugu deskartatzen, eta behin horretan hasita, editoreak erabili gabe, metodo eutsigarri eta iraunkor bat beharko dugu galderak asmatzeko.

 

Asmatuko dugu honekin guztiarekin? Ikusiko dugu. Feedback eta iritzi-trukera irekita gaude, eta jokalarien erreakzioak asko eskertu ditugu lehen egun hauetan. Jokoan gerta daitezkeen erroreez jakitun gara (horra, aldamenean, nolako galdera bidali genion Martin Kitto erabiltzaileari!, barka Martin!).

Errore jakinaraztea eskertuko dugu, eta bertsioak hobetzen eta berritzen joateko intentzioa daukagu (eguneratzeak abisu automatikoen bidez gauzatzeko prestatu dugu Tribual).

Oraindik ez baduzu instalatu, hemen duzu, Google Playn.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek