2011/05/18
Hainbat hilabeteko lanaren ostean maiatzaren 17an argitaratu genuen Bilbao Kirolak erakunde publikoaren webgune berria.

80.000 bazkidetik gora edukita, Bilbao Kirolak Erakundeak hainbat eta hainbat kirol zerbitzu eskaintzen ditu Bilbo eta inguruetako bizilagunentzat. 10 kiroldegi kudeatzeaz gain, hainbat eta hainbat modalitate ezberdinetako ikastaroak eskaintzen ditu, tenisa edo padela kasu, baina baita dantza, arte martzialak edo gure kiroldegietan hain ezagunak diren fitness, aerobika edo igeriketa.

Webguneak lau atal nagusi dituela esan dezakegu:

Alderdi instituzionala
Erakundeari buruzko informazio orokorra dago bertan, araudi orokorrak, kontratatzailearen profila, albisteak, agenda, iradokizunen kutxa eta bloga batzuk aipatzearren.
Instalazioak
Bilboko kiroldegi publikoen informazioa guztia: ordutegiak, helbideak, iristeko argibideak, eskaintzen dituzten ikastaroen informazioa, erreserbatu daitezkeen pisten zerrendak eta abar.
Jarduerak
Atal honetan azaltzen dira Bilbao Kirolakek eskaintzen dituen jarduerak, hala nola, ikastaroak, kirol kluben zerrenda, udaleku edo tailerren informazioa, edo BK Run: Bilbon zehar korrika egiteko zirkuituak GPX edo KML formatuan deskargatu ditzakezunak eta bideo bidez aurretik ikus ditzakezunak.
Zerbitzuak
Zerbitzuen atalean Bilbao Kirolakekin harremanetan jartzeko iradokizunen buzoia, bideo bidezko argibideak edo parte-hartzeko atala daude. Azken honetan, edozein hiritarrek proposamenak egin ditzake eta Bilbao Kirolakeko langileen erantzuna jasoko du. Komentarioak ere irekita daude, edonork proposatutakoaren inguruan bere iritzia eman dezan. Azkenik, bazkideentzako bi atal berezi ere badaude BK Kluba eta Egunean Egoteko atala.

Alderdi teknologikotik hainbat erronka izan ditugu proiektuan. Honekin lanean hasi ginenean Ploneren 4 bertsioa irten berri zegoen eta ondorioz lehenengo pausuak eman genituen berarekin. Egia esan lan egiteko teknologia pieza bikaina da Plone 4. Bertsioz bertsio asko hobetu da eta 4. bertsio hau bikaina da. Lehenengo probatu genuen 2.1 hartatik oso urrun dago eta bikaina da.

Bestalde, lan egiteko beste modu bat erabili dugu oraingoan. Normalean Ploneren jatorrizko estilo-orri eta plantillak erabili ohi ditugu gure lanetan, horien gainean hainbat moldaketa egiten ditugu baina jatorrizkoaren oinarrizko saretxoa eta edizio interfazeko itxura mantenduz. Oraingoan diseinuaren lana ez da gure esku egon, La Personnalitéko Ana eta Goioren esku baizik, eta goitik behera biluztu dugu Plone, ia orrialde bakoitza moldatu eta berariaz diseinatutako saretxo eta estilora egokitzeko.

Bestalde ez gara gu izan alderdi teknologikoa egin dugun bakarrak. OMESA enpresa ere hor ibili da Online Zerbitzuen atala garatzen. Bilbao Kirolaken webgunean orain arte jendeak erabiltzen zuen atal nagusia Online Zerbitzuena zen: ikastaroetan izena eman, pistak erreserbatu, ... OMESAk guztiari buelta bat eman dio eta bide-batez webgune publikorako esportazioak ere eskaini ditu. Orain webgune publikoan tenis ikastaroetan dauden plaza libreak, edo Atxuriko kiroldegian dauden ekintza moten informazioa dugu. Eta dena zuzen-zuzenean eguneratuta.

Eta proiektuari buruz benetan eskertu beharrekoa da Bilbao Kirolakeko Zuzendariak, Fernando Zubizarretak, proiektuan zehar izan duen jarrera. Uneoro gainean egon da, belarriak beti irekita guztion iradokizunak entzuten eta gehien estimatu duguna: erabakiak hartu eta erabakien erantzunkizuna bere gain hartu du une guztietan. Ah, eta webgunea goitik behera probatu du, aukera guztiak, edge case guztiak, komak, azentuak, puntuak, formularioak, bidalketak, probak, datu-baseak, ... guztiaren gainean egon da eta benetan eskertzekoa horrelako kargu bat era honetan inplikatzea. Proiektuan benetan sinisten duenaren seinale. Pozgarria ere Fernandok bultzaturiko edukiaren liberazioa (webgunean erabilitako materialak CC-BY-SA lizentzia darama). Adierazgarria ere Sergio Mongek proiektuaren definizioan eta ezaugarri/zerbitzuen planteamenduan izandako papera.

Bilbotar eta inguruko guztiei Bilbao Kirolak webgunea atsegitea eta erabilgarri izatea besterik ez dugu espero.

Zorionak guztioi!

Erantzuna gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira. Erantzunak moderatuta daude.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek