2020/01/29
Otsailaren 3an, astelehenearekin, hasiko da Egunean Behin jokoaren 3. denboraldia. Zortzi aste iraungo du, denboraldiko sailkapen orokorra egongo da, zuzeneko finala egongo da eta galdera berriak izango ditugu. Gainera, LABORAL Kutxaren babesletza berezia izango du denboraldiak.

Otsailaren 3an hasita, zortzi asteko denboraldi labur samar bat garatuko dugu, martxoaren 29ra arte. Hemen denboraldiko berrikuntza nagusiak:

Denboraldiko sailkapena

Zortzi astean denboraldiko sailkapena antolatzeko printzipio sinple bat aplikatu dugu: 8 astetik, 4 aste onenak zenbatuko zaizkio parte-hartzaile bakoitzari.

Printzipio honek balioko du sailkapen orokorrerako, eta baita taldeka egingo direnetarako ere. Hau da, ez du ardura talde bat edo erabiltzaile bat ez bada hasieratik jardun Egunean Behinen hirugarren denboraldian: 4 aste onenak zenbatuko dira betiere, baita 5 bakarrik jokatu baditu.

Zuen taldeetarako ideia bat daukagu: aprobetxatu denboraldiko sailkapenaren ideia hau zuen partaideen artean zirrara piztu eta zuen saria banatzeko.

Zuzeneko finala

Bigarren denboraldian egin genuen Azpeitiko finala ederra izan zen, eta hirugarren denboraldian zuzeneko finala egongo da baita ere. Denboraldiko sailkapeneko 100 lehenek aukera izango dute zuzeneko final handi batean parte hartzeko. Tokia eta ordua ez ditugu oraindik itxi. Aurki iragarriko ditugu, adi egon ;-).

Babesletza berezia

Egunean Behinek ohiko dinamikarekin jarraituko du: asteroko txapelketak babesle bat izango du. Zortzi aste horietan sariak emango dituzte babesleak izendatuta daude jada.

Gainera, berrikuntza garrantzitsu bat daukagu babesletzaren alorrean, LABORAL Kutxa izango delako denboraldiaren babesle berezia. Erakunde honek denboraldiko sailkapen orokorra, lehen eta azken asteak eta finala ere babestuko ditu.

Eskerrik asko euren ekimen eta erakundeak hedatzeko Egunean Behin aukeratu duten guztiei.

Galdera berriak

Egunean Behinen milaka galdera dauzkagu gure datu-basean, egunero erabiltzaile bakoitzari 10 galdera desberdin erakutsi ahal izateko. Denboraldi berri honetarako denetariko galderekin jarraitzen dugu: atal batzuk garbitu eta eguneratu ditugu, eta galdera sorta berriak gehitu ere bai, zeintzuk? Ah, sekretu denak ez ditugu kontatuko hasi aurretik.

Erabiltzaileen galderak

Jokoak behar dituen milaka galdera horiek sortzen jarraitzeko erabiltzaileen irudimena erabiltzea ere pentsatu dugu.

Batetik, erabiltzaileek beraien galdera propioak asmatu eta irudiz horniturik (hala nahi badute) sarera kargatzeko aukera bat zabaldu dugu: Labur.eus/galdebehin helbidetik galderak proposatu ditzakezue jada (erabiltzaileen proposamen horiek jokoan agertzeko, akaso 2. astera arte itxoin beharko duzue, dena dela).

Galderen programazio lehiaketa

Bestetik, EHUko Informatika Fakultatearekin eta Gipuzkoako Campuseko Errektoreordetzarekin elkarlanean zera antolatu dugu: informatikako ikasleek eta programazioaren zaletuek galdera-sistema automatiko propioak egiteko lehiaketa. Otsailaren 11n hasiko da lehiaketa Donostiako Informatika Fakultatean egingo den ekitaldi batekin, eta denboraldia itxi aurretik erabakiko dira sarituak, zeintzuen artean 1000 euroko diru sariak banatuko diren, EHUk emandakoak. Laster zabalduko dugu informazio gehiago lehiaketa honi buruz.

Jaitsi Egunean Behin

Bertan dago otsailaren 3a! Ez baduzu jokoa ezagutzen, hemendik instalatu:

Jarraitu gaitzazu Twitterren eta Facebook-en:

Erantzuna gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek