2024/09/26
Eibarko udalak bere marka instituzionala aldatu duela aprobetxatuta, Eibar.eus udal webgunearen itxura eta azpiegitura teknikoa berritzeko lanak burutu ditugu azken hilabeteotan. Aste honetan izan da aurkezpena Eibarko Udaletxean.

Joan den irailaren 24an izan da prentsaurrekoa eta bertan izan da Lur Ibargutxi CodeSyntaxeko teknikari eta proiektu honetako arduraduna. Ibargutxirekin batera, Jon Iraola alkatea eta Ana Telleria Gobernu Irekiaren zinegotzi ordezkaria ere izan dira eta baita Identitate Bisual Korporatibo berria sortzeaz arduratu den AZK komunikazio eta publizitate agentziako Miren Barrenetxea ere.

CodeSyntaxek 20 urte baino gehiago daramatza Eibarko udalarekin elkarlanean, Eibar.eus udal webgunearen zein bere beste webgune batzuen alderdi teknikoaz arduratzen, besteak beste Ego Ibarra Batzordearena, Arma Museoarena eta Akebai ekimenarena. Eibarko udal webguneari dagokionez, denbora tarte honetan hainbat egokitzapen egin ditugu jatorrizko azpiegituran, bai aldaketa bisual eta antolaketakoak (portadak berritu, hierarkiak moldatu...) eta baita teknikoak ere.

Oraingo honetan, marka instituzionala aldatu dela aprobetxatuta, azpiegitura teknikoa berritu dugu, orain arte izan duen Plone 4 bertsiotik Plone 6 bertsiora migratuz funtzionalitate eta eduki guztiak. Berrikuntza tekniko honekin helburu nagusia izan da webgunea irisgarriagoa eta arinagoa bihurtzea, herritarrei ahalik eta zerbitzu onena eta seguruena eman ahal izateko. Esan bezala, azpiegitura teknikoan egin ditugun aldaketekin batera, webgunearen itxura grafiko guztia ere marka instituzional berrira egokitu dugu eta portada nagusiak (bai sarrera-orri nagusia, bai ataletako mikrosite guztiak) berrantolatu ditugu. Kasu honetan ere, helburu nagusia izan da eduki guztia modu erakargarriagoan ematea eta, batez ere, modu argiago, ordenatuago eta errazagoan eskaintzea herritarrei, indar berezia jarriz mugikor bidezk kontsumoan, horixe baita udal webgunearen trafiko nagusia.

Herritarrei bideratutako hobekuntzez gain, CodeSyntaxek arreta berezia jarri du udal langileentzat ere migrazio-prozesua ahalik eta erosoena izan zedin. Eduki guztia migratu da, lehendik zegoen bezala antolatuta geratu da, orain arteko esteka eta helbide guztiek arazorik gabe jarraituko dute martxan eta posizionamenduan ere ez du eragin negatiborik sortuko. Udal webgunea editatzen duten 40 langileentzat ere aldaketa ahalik eta samurrena izaten ahalegindu gara, edizio-sistema erosoagoa eta gaurkotuagoa eskainiz, baina aurrekotik larregi aldendu barik eta udal webguneak dituen hamaika funtzionalitateetan ere aldaketa erabatekorik egin gabe, plataforma berrirako egokitzapena ahalik eta errazena izan dadin.

Udalak ekitaldiaren bideoa sareratu du bere webguneko bideotekan, hemen duzue.

 

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek