2018/03/27
Iaz abiatu genuen Codesyntaxen Mendiak egitasmoa. Gure helburua izan da Euskal Herriko mendien informazio praktikoa eskaintzea mendizaleei eta, horrekin batera, mendizaleen mendi-ibilerak gordetzeko eta elkarbanatzeko modua eskaintzea. Guztia ere euskaraz. Iaz APPa garatu ostean, aurten webgunea ere argitaratu dugu eta aplikazioan ere eguneraketak egin ditugu.

Duela urte eta erdi aurkeztu genuen Mendiak Aplikazioa, Euskal Herriko mendizaleentzat pentsatutako garapena. Euskal Herriko 1.500 mendiren inguruko informazioa ematen du eta mendira egindako igoerak markatzeko eta partekatzeko aukera ematen du, besteak beste. Doakoa, euskaraz eta Android dendan eskuragarri.

Aplikazio arrakastatsua izan da, eta aspaldi gainditu zituen 10.000 deskargak; euskarazko aplikazioen artean sekulako langa da hori. Azken urte eta erdian milaka mendi-igoera markatu eta gehitu dira aplikaziora, eta oso pozik gaude orain arte izan duen harrerarekin.

Gure aldetik ere, lanean jarraitu dugu, ahalik eta zerbitzu onena eman ahal izateko, eta zenbait berrikuntza aurkeztu nahi ditugu gaurkoan. Batetik, aplikazioaren isla den webgunea ere sareratu dugula oraintsuan, Mendiak.eus, Euskal Herriko mendien webgunea. Eta, bestetik, APPa bera ere berritu eta hobetu egin dugula, funtzionalitate berriekin eta iPhonerako bertsioarekin.

Mendiak.eus, Euskal Herriko mendien webgunea

Aplikaziorako egindako garapena eta APP horretan jasotako datu-basea baliatuz, Mendiak.eus webgunea ere argitaratu dugu orain dela aste batzuk. Aplikazioarekin egiten dugun bezala, webgunearekin ere Euskal Herriko mendien informazio praktikoa eskaini nahi diegu euskal mendizaleei; horrekin batera, mendizaleen mendi-ibilerak gordetzeko eta elkarbanatzeko modua ere eskaintzen diegu, eta guztia ere euskaraz, horrelako baliabideak, sarri-sarri erdaraz bakarrik aurki daitezkeelako.

Mendiak.eus webgunean Euskal Herriko 1.500 mendi baino gehiagoren informazioa aurkituko duzu. Mendiak non dauden, argazkiak, mapak,... Mendirik garrantzitsuenen kasuan informazio praktikoa ere aurkituko duzu. Ondo bidean, informazio praktiko hori zabaltzen eta eguneratzen jarraituko dugu datozen asteotan.

Mendiak.eus webguneak, gainera, Mendiak APPari esker mendizaleek markatzen dituzten igoerak eta partekatzen dituzten balorazio zein argazkiak ere erakusten ditu. Hala ere, funtzionalitate batzuk aplikazioan bakarrik daude eta norbere igoerak eta abarrak markatzeko aplikazioa jaitsi eta erabili behar da.

Mendiak APPa, teknikoki hobetuta, funtzionalitate berriekin eta iPhonerako prest

Webgune berriaren garapenarekin batera, Aplikazioan ere hobekuntzak egin ditugu azken hilabeteotan zehar. Ondorengo berrikuntza nagusiak azpimarratuko genituzke:

  • Azpiegitura teknikoa aldatu eta hobetu dugu. Horri esker, aplikazioa arinago dabil, Login sistema hobetu dugu, nabigazioa bizkorragoa da, GPSa zehatzagoa eta abar.
  • Mendizale bakoitzaren ezarpenak eta estatistikak ere aldatu egin ditugu. Erabiltzaile bakoitzak bere orrialdea dauka, bere igoera eta estatistikekin, bere argazkiekin, eta abar.
  • Iaztik hona beste 100 mendiren fitxak sortu eta argitaratu ditugu. Gainera, mendi ezagun eta igoenen kasuan, euren fitxak ere editatu egin ditugu, informazio osagarria emanez, argazki gehiago eskainiz eta informazio praktikoa ere erantsiz (mendi bakoitza nondik igo daitekeen eta zenbat denboratan). Hurrengo urrats batean,
  • Aldaketa teknikoei esker, iPhone bertsioa ere atera dugu.
  • Mapa sistema ere aldatu dugu, bista batzuetan OSM mapak erabiliz, GMaps-en ordez.
  • Aplikazioa eta webgunea integratu egin ditugu, sare sozialetan partekatzen dugun informazioa berdin-berdin zabaldu dadin APP daukatenen artean zein ez daukatenen artean.

 

Lortu Google Play dendan

Lortu Google Play dendan

 

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek