2010/07/22
Gaur egungo Linux banaketa gehienetan instalatuta egon arren oso jende gutxik erabiltzen du tresna hau.

Ingurune grafikorik erabiltzen ez duten edo eta erabili arren terminalari beldurrik ez diotenek ezagutu eta erabili beharko luketen tresna da screen.

GNU Screen-ekin hainbat terminal izan ditzakegu martxan terminal (fisiko zein birtual) bakar baten barruan. Non dago honen berezitasuna? Gaur egun nahi beste terminal birtual izan ditzakegu ezta? Berezitasun nagusia Screen-en funtzionatzeko eran dago, terminalen zerbitzari bat bailitzan funtzionatzen du.

Nahi beste terminal berri gehitu ditzakegu Screen saio batean eta hauek ez dira hilko nahiz eta screen martxan jarri duen terminala itxi.

Abantailak:

  • Nahi gabe egindako terminal itxierek ez dute bertan exekutatzen zegoen aplikazioa hiltzen.
  • Urruneko makina batera hainbat konexio zabaldu beharrean, konexio bakarrarekin nahi beste terminal izan ditzakezu.
  • Saioak berreskuratzeko aukera. Jatorrizko terminal itxierak ez duenez prozesu nagusia hiltzen, posible da berriro makina horretara konektatu eta screen barruan exekutatzen ari diren terminalen egoera berreskuratzea.

Frogatu dezagun screen:

  • Zabaldu ssh saio bat kanpoko konputagailu batera (ez badaukazu inon ssh konturik, zure makinan bertan egin dezakezu froga terminal birtual bat erabiliz)
  • Exekutatu screen
  • Jarri top komando bat martxan
  • Screen-en terminal berri bat gehitzeko sakatu Ctrl-a eta c
  • Exekutatu emacs -nw /tmp/test.txt zabaldu berri duzun terminalean (emacs ez badago aukeran, zabaldu gaitasun txikiagoko beste edozein testu editore)
  • Aurrez sortutako top terminalera bueltatzeko Ctrl-a eta p (edo Ctrl-a + 0-9)
  • Askatu screen saioa terminaletik Ctrl-a eta d
  • Itxi ssh saioa zabaltzeko erabili duzun terminala.
  • Ireki berriro ssh saio bat lehengo makinara
  • Berreskuratu screen saioa screen -r (screen saio bat baino gehiago zabalik baldin badaukazu screen -ls erabili dezakezu pid-ak ikusteko eta gero screen -r pid erabili)

Hau adibide bat baino ez da. Screen-ek aukera ugari dauzka, eta erabili ahala seguru gauza berriak deskubrituko dituzula.

Gehiago jakiteko:

Erantzuna gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira. Erantzunak moderatuta daude.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek