2017/09/12
Azkenaldian bulegoan komentatzen genuen ordenagailu bidezko bisitak ez direla hazten, eta hazkundea duten webguneen igoera mugikorrean dabilela. Ondoren aipatzen ditugun estatistikek joera hori baieztatzen dute.

Recode-n Adobe Analytics-en datuak aipatzen dituzte azken urteetan web kontsumoa zein gailu bidez egiten den aztertzerako orduan. AEBtako datuak dira eta ikus dezakegu mugikor bidez eginiko bisitak igotzen ari direla, eta ordenagailu zein tabletakoak jaisten.

Recode artikulua

Webgune horietara nondik datoz mugikorretako bisitariak? Artikuluan aztertu dituzte esteka batean klik egin ostean webgune horietara iritsi diren bisitariak (Googlen bilatu ostean, sare sozialetatik datozenak, ...). Horietako %61 Googlen bilaketa egin ostean iritsi dira (egin kontu Android dela mugikorretako sistema eragile nagusia, eta Google bere defektuzko bilatzailea), eta %16a Facebook bitartez.

Recode trafiko iturriak

Webgune motari erreparatuz gero ikusiko dugu hedabideak direla mugikorretan gehien hazi direnak. Geure esku dauden bezeroetan joera hori ikusten dugu: hedabideetan jada mugikor bidez egiten da nabigazio gehien, gero eta gehiago, gainera; ingurune profesionaletan (enpresa, hezkuntza, kultura, ...) ordenagailuak nagusitasun egonkorra dauka zifra absolutuetan, mugikorren hazkunde handiarekin.

Bestalde, mugikorretako web trafiko hori ez da bideratzen ordea aplikazioetara. %22 jaitsi omen da aplikazioen irekitzea mugikorretan 2017 eta 2016 urte hasierak alderatuz gero.

Europako datuak

Recodek aipatzen dituen datuak AEBtakoak dira. Zer gertatzen da Europan? Statcounterrek ematen dizkigun datuetan ikus dezakegu antzeko joera dugula: beherantz doa ordenagailu bidezko trafikoa, eta mugikorrekoa gorantz.

Statcounter

Ondorioak eta gomendioak:

Ohitu gara jada eskuartean daukagun mugikorraren pantaila erabiltzera. Nahiz eta zabalera estua izan, erabiltzailea ohitu da horretara, eta orrian behera egingo du intereseko edukiaren bila. Ordenagailuko bisitak ez dira desagertuko epe motzean, baina publikatu berria ez den webgune batek mugikorretako trafikoaren bidez lortuko du haztea.

  • Webgunea optimizatu mugikorretarako, teknikoki zein edukien ikuspuntutik
  • Diseinua lantzerako orduan, mugikorrean pentsatu aurrena
  • Landu posizionamendua Googlen, SEOa
  • Landu sare sozialak trafiko gehiago erakartzeko webgunera
Erantzuna gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira. Erantzunak moderatuta daude.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek