2011/11/04
Azaroaren 3an hasi da urteroko Plonelarien bilgunea: Plone Konferentzia. Aurten San Franciscon antolatu dute eta bertan bildu gara 300 plone-zale eta plonelari baino gehiago. Hona hemen lehen egun honetan ikusi eta ikasitakoaren laburpentxoa.

San Francisco State Universitiyk Market Streeten duen egoitzan, hiriaren finantza-zentruan bertan egingo da aurtengo Plone Konferentzia. Bertan gaude Lur Ibargutxi eta Mikel Larreategi CodeSyntax ordezkatzen eta egunekoaren laburpena egiteko prest

Ploneren erabiltzaile interfaze berria

Jarn-eko buru Geir Baekholt-ek eman duen hitzaldian Plonek datozen bertsioetan eta batez ere 5. bertsioan izango dituen aldaketen berri eman digu. Plone, beste CMS batzuk ez bezala, web interfazetik bertatik editatzen da, hau da, ez dago kudeaketa interfaze berezirik eta horrek arazo batzuk sortzen ditu, hala nola, itxura aldatzerakoan zailtasunak (edizioko aukera guztiak txantiloietan baitaude), itxura bat baino gehiago Ploneren oinarrizko kodean txertatzea (gauza asko mantendu behar direlako), ...

Hori konpontzera dator plone.app.cmsui produktua, honekin, egungo txantiloietatik edizio interfazeko kodea kendu egiten da eta bi JavaScript dei erabiliz editatzen ari zarela bakarrik agertzen diren kudeaketa barrak agertzen dira iframe bat sartuz. Honetarako denerako, jQuery-n oinarritutako overlay-ak erabiltzen dira. Pausu garrantzitsua benetan Ploneren itxura-aldaketak errazteko. Etorkizunean hiru maila egingo dira: Plone, itxuraren produktua (txantiloiak eta abar dituena) eta edizio interfazea.

Pyramiderako sarrera

Pyramid pythonerako beste web framework bat da, egun Pylons izeneko proiektuan integratuta dagoena. Bere helburua Zoperen oinarriak erabiliz framework arin bat sortzea da. Ez da bere helburua SQL, ZODB, No-SQL edo dena-delako datubaseak erabiltzea, baizik eta dauden tresnetako onenak hartu eta guztiak batzea. Hitzaldia Chris McDonough-k eman du.

Clone to Plone

funnelweb izeneko tresna erakutsi du Pretaweb-eko Adam Terry-k, honekin interneten dagoen edozein webgune hartu eta bere edukia, collective.transmogrifier tresnan oinarritutako pausuak exekutatzen, Plonen txertatzen du, horrela migrazio lanak asko erraztuz.

Multiplayer Plone

Goizeko aurkezpen ikusgarrienetako baten, Jarn-eko buruak Ploneren edizioa Google Docs bat bailitzan nola egin daitekeen erakutsi du, azpitik Jabber mezularitza zerbitzuak erabiltzen duen XMPP protokoloa erabiliz. Aldi-bereko edizioaz gain, une berean Plone zerbitzarian logeatuta dauden erabiltzaileen arteko komunikazio sistema bat erabiltzen du.

Dexterity in the wild

Objektu mota berriak sortzeko egun erabiltzen den Archetypes ordezkatzera datorren dexterity produktua erakutsi du David Glick-ek. Erakutsi duen proiektu konkretuan, erabiltzaileen informazioa dexterity-n oinarritutako elementu-motekin modelatu du nahiz eta edukia ez egon Plonen bertan, baizik eta kanpoko datu-base baten.

Hala ere, elementu-mota eleanitzak sortzeko orain LinguaPlonek egiten duen antzera, ez dago ezer guztiz erabilgarririk, nahiz eta hasi diren plone.app.multiligual izeneko produktuan zerbait egiten.

Nola sortu web aplikazio konplexuak

Italiako RedTurtle enpresako Andrew Mleczko-k intranet eta extranet bat behar zituen bezero batentzat Plone eta Pyramid batera nola erabili dituen erakutsi digu. Alde batetik, extranetean, Plone erabili du CMS gisa eta intraneteko kudeaketarako Pyramid, datuak PostreSQL datu-base batean zituelarik, eta bai Plonetik zein Pyramidetik SQLAlchemy erabiliz datu-basera kontsultak egitea ahalbidetuz.

Lightning Talks

Konferentziako momenturik garrantzitsuena bihurtzen ari da atal hau, bertan, pare bat minutuan, hizlariak hitzaldi bat ematen du, nahi duen proiektu bat aurkezten. Gaurko interesgarrienak, hauek:

fa.bootstrap

pyramid_sqlalchemy eta Twitter Bootstrap erabiliz Pyramid proiektu bat erraz-erraz sortzeko modua da fa.bootstrap.

Ploud

Ploneren sortzaileetako batek, Alan Runyan-ek, ploud.com erakutsi du. Ploneak azkar-azkar sortzeko zerbitzua, WordPress.com bailitzan. Theme edo itxura desberdinak aukeratzeko aukera dago, eta baita zuk sortzen dituzunak kargatzekoa ere, horrela edonork erabili ahal ditzan.

PloneIDE

Kodea Plonetik bertatik editatzeko aukera ematen du, Python kodea, txantiloiak, ZCMLak... Ikusgarria dan nola aldatu daitekeen guztia, sintaxia markatzeko kolore, debuger interaktibo eta beste hainbat gauza eta guzti. Eguneko txalo-zaparrada handiena jaso du hitzalditxo hau eman duenak, ezin baitzen Konferentziara etorri eta Martin Aspeli eta beste batzuek proposatutako diru-biltze bati esker etorri ahal izan da San Franciscora guztioi PloneIDE erakustera Franco Pellegrini argentinarra.

Erantzuna gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira. Erantzunak moderatuta daude.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek