Zope
ZOPE Web Aplikazioen Zerbitzari bat da (Web Application Server), hau da, webgune dinamikoak sortzen dituen programa bat. Beste modu batetara esateko, web orrialdeak erabiltzaileak eskatzen dituen momentuan sortzen dituen programa bat.
Web sistema normalean, orrialdeak pertsona batek sortzen ditu eta gero zerbitzari batean gordetzen. Interneten nabigatzen zauden zu toki hartara iristean, zerbitzariak orrialdea bidaltzen dizu zuzenean, sortu zeneko eduki eta itxura berberarekin.
ZOPE eta antzerako sistemekin, ordenagailuak momentuan sortzen du orrialde bakoitza, behar diren elementuak batetik eta bestetik hartuz: jaso duzun azkenengo e-posta, azken orduko berria, edo txateko lagunak bidali dizun mezua jarriz. Zein informazio eta zein momentutan eman behar den, aurretik programatzen da.
Zertarako balio du?
Orokorrean, eguneraketa jarraia behar duten eta kudeatzaile asko izango dituzten webguneak sortzeko balio du ZOPEk:
- Albistegiak: edozein albiste berri gehitu eta momentuan azaltzen da webgunean.
- Eztabaidaguneak: albisteak bezala, baina erabiltzaile askok batera lan egin dezakete beraien aportazioekin.
- Informazio datu-baseak: telefono gidak, artxibategi bateko datuak, fondo kulturalak (liburu osoak, argazki bankuak, eta abar)... Microsoft Access, SQL, Oracle, eta beste hainbat datu-base sistemarekin bateragarria da.
- Produktuen katalogo eta dendak.
- Banka elektronikoa.
- Enpresa barruko ajenda eta informazio-sistemak.
- Goiko zenbait zerbitzu konbinatzen dituen interneteko portal edo atariak.
Zopek, XML estandarren bidez, webguneko edukia beste proiektu batzuetara esportatu dezake. Era berean, beste guneetako edukia ere integratzen ahal da ZOPE gune batean.
Zer behar du ZOPEk martxan jartzeko?
ZOPE ia edozein ordenagailutan jar daiteke martxan, baita etxekoan edo portatil batean ere. Momentu honetan, Windows, Linux eta zenbait UNIX sistematan funtzionatu dezake. Berarekin lan egiteko berriz, sarera konektatuta dagoen edozein ordenagailutik egin daiteke, Mac, PC edo beste edozein sistema dela.
Zergatik Zope?
Malgutasun eta erraztasunagatik
- Bisitariarentzat, interfaze erabilterrazak sortzen dira: bilaketa aukerekin, kokapen barra eta menu interaktiboekin, eta partehartzeko tresnekin (albistegian albisteak gehitzeko, adibidez). Diseinu eta eduki dinamikoa, azkar kargatzen diren orriekin. Hau da internauta arruntek ikusi eta erabiliko duten nibela.
- Kudeatzaile ez-espertoarentzat, erabilera erraza. Parametro jakin batzuekin prestatuz gero, ez da informatikarik jakin behar webguneko edukia kudeatzeko. Atalak, artikuluak, argazkiak, albisteak, eta abarrak erraz-erraz gehitu daitezke. Pasahitza eta ikasketa prozesu labur bat behar dute kudeatzaileek, ez gehiago.
- Kudeatzaile espertoarentzat, ZOPE-ren gestio aurreratua. Edukiaren kudeaketa edo webgunearen antolakuntza sakonagoa egiteko, web bidezko kudeaketa-sistema oso bat dauka ZOPEk. Kasu honetan prestakuntza berezituagoa behar da, baina tresna irekia da, funtzionala, ez soilik injineruentzakoa.
- Informatikarientzat, Python lengoaia. Oraindik ere kudeaketa eta programazio nibel sakonago bat ahalbidetzen du sistemak. Python lengoaia informatikoarekin egina dago ZOPE.
Software libreko tresna delako
Software libreko tresna da ZOPE. Linux sistema eragilea bezala, mundu guztiko hainbat lagunen aportazioekin osatuz doa. Oinarrizko aplikazioari inork asmakuntza bat gehitzen dion bakoitzean, inplementazio berria ere denen jabetzakoa da, eta ordura arte egindakoarekin konpatiblea. Hau da, bideoa banatzeko sistema berri bat zabaltzen bada Interneten, litekeena da ZOPE-rekin lanean diharduten hainbat injineruen artean baten batek diseinattzea bideo-sistema hori ZOPE-rekin bateragarri egiteko modua. ZOPE-ren garapena ez da egongo lotua enpresa komertzial jakin baten interesetara. Are gehiago, CodeSyntax-ek berak ZOPE gehiago ez garatzea erabakitzen badu ere, tresnak atzean daukan komunitateak ZOPE garatzen segituko du.
Gaur egun ere, komunitate horrek ehundaka programa edo "Produktu" sortuak ditu ZOPE-rekin erabiltzeko, Txat egiteko produktuetatik hasi eta bilatzaile-direktorioetatik pasatuz, merkataritza elektronikorako sistema konpletoak arte.
Soluzio merkeena delako
ZOPE-ren bertsio erabat profesionala 0 pta kostatzen da, baina beste sistemak bezain fidagarria edo fidagarriagoa da oraindik, bai egonkortasun aldetik, bai seguritate aldetik. Gainera, beste edozein sistemarekin bateragarri denez, ez dago arriskurik probeedore jakin bati lotuta gelditzeko.
Interneterako behar den inbertsioa edo telebista bat antolatzeko beharrezkoa oso desberdinak dira. Interneten kasuan, makinaria merkea da eta software ona doakoa; horiek ondo aukeratzeaz gain, pertsonen lan eta gaitasun profesionalean egin behar da inbertsio nagusia.
Eskalabilitateagatik
Eskalabilitatea tamainuan. Gune txikitxo bati hazteko tokia uzten dio. Edukia kudeatzeko sistema sinple batetik hasita, konplexutasuna handitzen joan daiteke, datubase komertzial handiekin (Oracle, adibidez) integratzeraino. Edukia kudeatzeko sistemak, 30 orri edo 5.000 orri, berdintsu kudeatuko ditu.
Gehiago jakiteko: Zope.org
