2023/03/31
CodeSyntaxen proiektuetan aritu eta gure lan-taldea indartzeko garatzaile bila gabiltza.

Web ingurunean lan egiten duen enpresa da CodeSyntax eta horretarako hainbat teknologia eta tresna erabiltzen ditugu. 

Back-end aldean Python lengoaiarekin aritzen gara eta horixe erabiltzen dugu CMS edo edukiak kudeatzeko sistemak egin, datu-base erako aplikazioak diseinatu, telefonoetako aplikazioen back-endak prestatu, Intranetak egin edo bezeroei beren arazoak konpontzen laguntzeko.

Front-end aldean HTML eta CSS estandarraz gain, React erabiltzen dugu webgune dinamiko, azkar eta ikusgarriak egiteko. Teknologia berberak erabiltzen ditugu telefonoetako aplikazioak egiteko ere. Horretaz gain, JavaScript eta TypeScript estandarrak eta Angular ere erabiltzen ditugu gure proiektuetan.

Orokorrean software librean egiten dugu lan eta komunitatearen hainbat proiektutan parte hartzen dugu.

Bestalde gure eguneroko lanean beste hainbat tresna ere erabiltzen ditugu, batzuk aipatzearren, git bertsio kontrolerako sistema gisa, Gitlab eta GitHub kodea ostatatzeko zerbitzu gisa, Gitlab CI, GitHub Actions eta Jenkins integrazio jarraiturako tresna gisa, Ansible gure zerbitzariak prestatu eta kudeatzeko, REST APIak eta JSON formatua, LESS eta SASS erako CSS prozesatzaileak edo Docker esate baterako.

Lan postuaren ardurak hauexek izango dira:

  • Proiektuen garapen teknikoan parte hartzea, hasieran beste teknikarien laguntzarekin, etorkizunean proiektuaren teknikari nagusi izanda
  • Erabiltzen ditugun teknologia eta estandarren hobekuntzan parte hartzea
  • Proiektuaren behar teknikoei erantzun eta soluzio tekniko egokiena proposatzea
  • Garapenak probatu eta test automatikoak prestatzea

Horretarako honako gauza hauek eskatzen ditugu:

  • Aipatutako teknologia eta tresnerian esperientzia izatea baloratuko da.
  • Kontuan hartuko da ere ingeniaritza edo programazioarekin zerikusia duen titulazio ofizialen bat izatea.
  • Beharrezkoa izango da taldean eta bezeroekin lan egiteko gaitasuna. 

Eta honako hau eskaintzen dugu:

  • Egun osoko lanaldia eskaintzen da, proba epearen ondoren kontratu mugagaberako asmoarekin. 
  • Teknologia eta proiektu interesgarriekin lan egiten dugu, teknologia libreekin eta puntan egoten saiatzen gara. 
  • Lanerako tresna eta teknologiaren inguruko formazioa. Egunero erabiltzen ditugun teknologien inguruko kongresu, hitzaldi eta konferentzietan hartzen dugu parte Euskal Herrian naiz atzerrian.
  • Eibarren kokatutako giro oneko enpresa. Lanpostua Eibarren izango da.
  • Interneten puntako teknologiak erabiltzeko aukera
  • Gure laneko hizkuntza eta bezeroen %90arekin erabiltzen dugun hizkuntza euskara da. Horretaz gain gaztelania eta ingelesa jakitea ere komeni da lanerako. Kontuan izan gure lan-tresnen dokumentazio gehiena ingelesez dagoela eta orduan ingelesezko dokumentazio irakurri eta ulertzera ohituta egon behar da, baita ere GitHubeko arazo, pull-request edo dokumentazio-guneetan idatzi, galderak egin eta erantzunak ematera ere.

Lantalde honetan ikusten baduzu zure burua, eta honetan lan egin nahi baduzu, idatzi lasai.

Interesatzen bazaizu bidali zure CV-a helbide honetara: info (a bildua) codesyntax.com

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek