Luistxo Fernandez
Nola idatzi Interneterako
Zertarako eta nola egon Interneten? Nola erabili sarea marketinerako? Zer eta nola idatzi... UEUk txanda honetan antolatutako ikastaroetako bat prestatu eta ematen ari gara CodeSyntax-ekoak. Neuk jardun dut gaur, puntu zehatz horren inguruan: nola idatzi Interneterako.
Gaur eta bihar, CodeSyntax-eko lankide batzuen artean, UEUko ikastaro batean dugu zeregina eta lana: Marketina Interneten. Horren barruan, neuri, Interneten nola idatzi azaltzen saiatzea tokatu zait.
Aurkezpena hemen dago, baina oharra ohikoa da: aurkezpena ez da ulertzen hizlari edo irakaslearen azalpenik gabe. Hala ere, puntutxoren bat garatuko dut.
Bat, ez idatzi poesiarik, eta idatzi gauzak diren bezala.
- Eleberriaren mugak gainditu eta hezur-haragizko bihurtu dira Daniel eta Paulo Obabatarrak
Ez, hori ez da izenburu bat Interneterako, Zabaldun horrela aurkitu nuen arren. Hobeto da:
- Bernardo Atxagaren 'Bi Anai' eleberrian oinarrituta film bat egingo dute
Eta poesiarik gabe idazteaz gain, erabili txosten itxurako erredakzioa. Parrafo laburrak, estekak benetako helmuga diren tokietara, puntuz puntukoak, maketazio ahaleginik ez egin (argazki edo testuen justifikazioa, adibidez).
Bi. Ez idatzi Internet papera balitz bezala, edo ez idatzi papererako gauzarik, ez formatuaren aldetik (ez egin kartelik Interneterako, ez idatzi Wordik), ezta idazkeraren aldetik ere (ez idatzi fax itxurako prentsa-oharrik). Idatzi informazioa, testu-editore lau batekin; eta horren bertsioak egin gero, bat papererako (behar baldin bada), bestea sarerako.
Mesedez ez kargatu PDFrik, Wordik, kartelik informazioa zabaltzeko. Papera besterik ez da hori. Patetikoa iruditu zitzaidan duela egun batzuk, 10 puntuko dekalogo interesgarri bat nola aurkeztu zuen sindikatu batek. Hor duzue. Irudi huts batean. Pentsa 6. puntua kopiatu nahi duzula mezu batean idazteko: ba, hartu inprimagailu analogiko bat (=boligrafoa), eta eskuz kopiatu, ze beste biderik ez dago.
Komunikazio politikak, korporatibo eta pertsonalak
Idazkuntzarekin eta testuen presentazioekin zerikusia duten puntuez gain, komunikazio politikari dagozkion puntu batzuk tratatu ditugu. Erakunde batek informazioa korporatiboki eman dezakeela, izenpe zehatzik gabeko albisteekin adibidez; baina baita bere baitako aditu edo komunikatzaileen izen-deitura eta ikuspegi pertsonalen bidez.
Korporazio/pertsona jardun horretan Facebook zein Twitterren ere nola jokatu behar den tratatu dugu. Ikasle talde interesgarria hurbildu da UEUra eta puntu hauetan elkarrizketa interesgarria izan dugu. Facebook ezagunagoa zitzaien eta Facebook-eko erakunde/pertsona dikotomiaz hausnarketa egina zuten baten batzuek. Twitter, aldiz, urrunago zeukaten ikasle hauek. Hala ere, nik tresna horren etorkizunean asko sinesten dut eta hor ere trebatzeko gomendioa egin diet.
Azkenean, apur bat filosofiko ere jarri naiz azalpenetan: pertsona eta komunikatzaile gisa, komunitate euskaldunean dugun paper eta konpromisoaz jardun izan dut.
Komunikazioa eta merkatua, euskaldunen artean, 100.000 lagunen kontua izango da, akaso; ez ustezko 700.000 euskaldun horiena. Merkatu horretan, ideiak, produktuak eta sormena mugitu eta eraginkor bihurtuko badira, balio ekonomikoa eta balio sozial-kulturala sortu behar badute, euskaldun horiek aktibatu behar dira sarean; eta erantzukizun handia dute horretan, demagun 1.000 laguneko nukleo konprometitu batek (publikotasun gehiago edo gutxiago duten euskaldunak, komunikatzaileak...). Horiek ez badute eragiten, jai dugu. Interneten idatzi behar da, nola edo hala, baina idatzi behar dugu, e?
CS tailerra, blogintza eta Sustatu.com-en inguruan
CodeSyntax Tailerraren hurrengo jardunaldi irekia uztailaren 8an izango da, arratsaldez, gure bulegoan. Izenburu hau jarri diogu topaketari: "Zer egin daiteke Sustaturekin? / Euskal blogintza pentsatu 2010eko hamarkadarako."
Uztailak 8, asteazkena, izango da hitzordua CodeSyntax-en egoitzan, Eibarren, 16.00etan. Izenburu bikoitz honen inguruan antolatu dugu jardunaldi hau: "Zer egin daiteke Sustaturekin? / Euskal blogintza pentsatu 2010eko hamarkadarako"
Egitarau hau prestatu dugu arratsalderako:
- Sustatu.com: blog, hedabide, edo ze demontre (Luistxo Fernandez, CodeSyntax)
- Mikroblogintza sozialaren erronka: Twitter, Tuenti eta Facebooke eragina (Maite Goñi, Ordiziako Jakintza ikastola, IKTeroak, Euskaljakintza)
- Telebista pertsonal/taldekoak, edo hurrengo hamarkadako TB mugikor eta distribuituak. (Gorka Julio Teketen; Elurnet, Arraytxiki)
- Berbeta edo gogoeta partekatua
Azkenengo puntu hori... eztabaida irekia izan daiteke, brain-storming bat... Itxi barik utziko dugu oraingoz.
Ekitaldi irekia izango da, doakoa noski, izena emateko bete formulario hau.
Plone Eguna, munduan eta Euskal Herrian
Mundu Plone Eguna da gaur, World Plone Day, eta hainbat hiritan egiten ari diren ekitaldien artean, lan-jardunaldi teknikoa Eibarren, gure bulegoetan.
30 lagun inguru hurbildu dira gaur Eibarrera, gure bulegoetara, munduko beste 30 hiritan bezala World Plone Day ospatzera. Hitzalditxo batzuk izan ditugu, eta oraintxe dira hastekoak bi lan-mintegi praktiko. Etorritakoen artean, gure bezero euskaldunetarik batzuk, argazkikiko hiru Plone-master hauek kasu, Dantzan.com-eko Oier Araolaza; Mondragon Unibertsitateko Joxe Aranzabal; eta Goiena.net-eko Iban Arantzabal. Bezero batzuk, hizlari ere bihurtu zaizkigu. Bere esperientzia azaldu digu, adibidez, Jabier Santamariak, Amorebieta-Etxanoko udal informatikari eta webgune-arduradunak. Pozik gaude, halaber, guk garatu ez ditugun Plone proiektuak ere etorri direlako beren burua aurkezpenera. Hauen artean, oso interesgarria izan da Jesus Romok egin duen aurkezpena. EHUko Campus Birtualaren zuzendaria da Romo, eta zaldu digu nola erabili duten Plone beren eKasi elearning plataforma egiteko. Une honetan, EHUko Campus Birtualean Moodle plataforma espezifikoa eta eKasi daude parez pare, eta Campus Birtualak politika neutrala du bi plataforme artean. Moodlek komunitate eta enfoke espezifikoa da, baina eskala arazoak ere eman ditzake EHU bezalako erakunde handi batean. eKasi, berriz, CMS batetik sortutako LMS bat da (CMS: edukiak kudeatzeko sistema; LMS: ikaskuntza kudeatzeko sistema), berariaz sortua, eta komunitaterik gabea... Oraingoz, ze laster plataforma liberatuko dutela ere esan digu Romok. Gaurko egunaz argazki gehiago Flickr-en. Eta CodeSyntax-eko lankideek jardunaldiak erakutsitako aurkezpenak hemen. Ostiralean jan genuen bizkotxo goxoaren errezeta pasa digu Oihanek:
Argazkiak.org | World Plone Day 2008 © cc-by-sa: codesyntax
Argazkiak.org | Oier, Joxe, Iban © cc-by-sa: codesyntax
Argazkiak.org | Jabier Santamaria © cc-by-sa: codesyntax
Argazkiak.org | Jesus Romo, EHU © cc-by-sa: codesyntaxEguneraketa (2008-11-10): Oihaneren bizkotxoaren errezeta
Nabigatzailea euskaraz izatearen garrantzia
Emun kooperatibak lan munduaren euskalduntzeari buruz daukan blog informatiboan, Lantalan.com-en, elkarrizketa egin didate nabigatzailearen konfigurazio hizkuntzaz. CodeSyntax-en ekimen horren aldeko kanpainan dihardu aspalditik, adibidez, Sustatu albistegiaren bidez, eta gai honen inguruan ebangelizatzea inportantea dela uste dugu. Eskerrik asko Emun eta Lantalan (bi webguneak, bide batez, etxe honek eginak). Jarraian, elkarrizketako testua.
Erabiltzailearentzat ze ondorio izango luke nabigatzailea euskaraz jartzeak?
Kalterako batere ez. Euskaldunak gaztelaniaz ari direla konturatu ere egiten ez diren bezalaxe, berdin gertatuko zaie euskarazko nabigazio-konfigurazioa duten erdaldunei: enteratu ere ez dira egingo.
Ondorio nagusia izango da hau: zenbait webgune eta Interneteko zerbitzuk aukera dute hizkuntzaren arabera eskaintzeko edukia erabiltzaileari. Adibidez, Lantalaneko elkarrizketarako itsatsita jartzeko esan diedan bideoan. Soinua ingelesez du, baina bideoa ikusten hasten bazara, azpitituluak euskaraz azalduko zaizkio euskaraz konfiguratua duenari, eta gaztelaniaz gaztelaniazkoari.
Beste adibideren bat?
Gure enpresaren webgunea, Codesyntax.com gunearen portada bisitatu, eta gaztelaniaz baduzu konfigurazioa, gaztelaniaz azalduko zaizu. Euskaraz baduzu, euskaraz. Helbide bat eta bakarra emanda. Izan ditugu kexuak, "aizue, lehen hitza erdaraz ematen duzue". Ez, barkatu, oker zaude, guk lehen hitza erabiltzailearen hizkuntzan ematen dugu, zu zara gaztelaniaz ari dena sarean.
Estatistika kontua baino ez da?
Ez, hori baino gehiago da. Goiko adibide horiek uste dut adierazten dutela Interneteko hizkuntza-paisaia euskalduntzeko balio duela honek. Dena dela, estatistika kontuak funtsezkoak dira Interneten. Trafikoaren neurketa eta analitikan egiten den lana ez dakizue norainokoa den...
Google euskaraz izango dugu aurrerantzean?
Agian Google euskaraz azalduko zaio aldaketa egiten duenari, baina Google erdaraz erabiltzen jarraitu nahi duenari, emaiezue preferentziak konfiguratzeko lotura hau, eta hor aukera egin dezala nahi duen hizkuntzaren alde. Nabigatzaile-konfigurazioaren gainetik, Google aukera horiekin azalduko zaio erabiltzaile horri aurrerantzean.
Googlek gure bilaketetan euskarazko orriak lehenetsiko ditu?
Ez, Googlek ez du horretarako filtrorik oraingoz, baina agian etorriko da, hemen informazio gehiago.
Nola ezagutu daiteke hizkuntzaren konfigurazioa, eta nola aldatu?
Mutrikuko Atxukale webgunekoek jarrita dute: Atxukale.com bisitatu, eta lehen orrian esango dizu zein hizkuntza konfigurazio duzun. Hizkuntza bat baino gehiago ager daiteke, euskara lehena izatea da inportantea. Konfiguratzeko, hona argibideak Firefox-erako eta Internet Explorerrerako.
Erakunde batzuetan, trabak omen daude konfigurazioa erabiltzaileak moldatzeko.
Hala da, bai. Ordenagailu askoko erakunde handietan, baldintza zehatz batzuetan konfiguratzen ditu makina guztiek sail jakin batek, eta erabiltzaileari aukera propioak murriztu egiten zaizkio. Segurtasun eta ekonomia arrazoiengatik, ulergarriak izan daitezke enpresa-politika horiek. Kasu honetan, erabaki estrukturalak hartu daitezke, Gipuzkoa Donostia Kutxak egin duen bezala. Kalterik ez inori, eta abantailak euskararentzat.
