2023/03/21
Egunean Behin jokoaren 11. denboraldiaren azken txanpan gaude: lau urte bete ditugun honetan, igandean (martxoak 26) amaituko da eguneroko jokoa, baina lehia ez da orduan argituko, hurrengo asteburuko zuzeneko finalean baizik. Final hori martxoaren 31n izango da, ostiralarekin, 18.00etan, Euskadiko Parke Teknologikoen Donostia Campusean, Miramonen. Denboraldian sailkatzen diren lehen 100 jokalariek tokia izango dute, baina hutsuneak betetzeko izen-emate orokorra irekitzen dugu, itxaron-zerrenda bat osatzeko.

Jokoaren 11. denboraldia abiatzean iragarri genuen bezala, jokoa martxoaren 26an amaitu arren, lehia hurrengo asteburu arte luzatuko da, denboraldiko irabazleak zuzeneko final batean erabakiko baitira. Martxoaren 31n, ostiral arratsaldez 18.00etatik aurrera  Euskadiko Parke Teknologikoen Donostiako Campusean (Miramon)Guuk-ek  babestutako final hori egingo da, SPRI erakundearen eta Euskadiko Parke Teknologikoen laguntzarekin.

Finalerako sailkapena irabaziko dute jokoko asteen ondoren lehen EHUN postuetan geratzen diren jokalariek. Izena eman beharko duzue, agertzea posible izanik etorriko zaretela baieztatuz.

Sailkatuen artean hutsuneren bat gerta daitekeenez, finalean egoteko interesa duzuenek ere eman dezakezue izena, eta itxaron zerrendara gehituko zaituztegu, abisu emanez gero etortzeko.
 
Lehen sailkatuek, eta gainerakoek berdin, mesedez eman izena hemendik: https://labur.eus/finala31
 
Lau txandako final bat izango da, zerotik abiatuta, bertan erabakiko dira irabazleak. Ikuskizuna Kike Amonarriz showman ezagunak aurkeztuko du (esperientzia dauka Egunean Behin finalekin), eta denboraldiko sariak, zozketa bidezkoak ere, bertan izango dira. Aperitifa egongo da eta mertxandisin apur bat ere bai zatozten guztiontzat. 
 
 
2019ko abenduan halako final bat egin genuen San Agustin aretoan, Azpeitian. Ordukoa da irudia, eta martxoaren 31koan ere, Miramongo Parkeko eraikin nagusia, antzeko ingurunea osatuko dugu, mahaietan banatuko dira 140 jokalari inguru. Horietako bat izan nahi duzu? eman izena hemen: https://labur.eus/finala31
 

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek