free web hit counter
2026/07/29
Bigarren urtez jarraian, Gipuzkoako Mendizale Federazioak 4 erronka txiki bezain eder proposatu dizkigu euskal mendizaleoi. Probatu nahi?

2025ean egindako lanaren jarraipen bezala, 2026an ere lankidetzan jarraitu dugu CodeSyntaxek, Gipuzkoako Mendizale Federazioak eta Gipuzkoako Aldundiak, Mendiak APPean erronka berriak proposatzeko euskal mendizaleei. Helburu nagusia da mendizaletasuna sustatzea eta Gipuzkoako lurralde, herri eta mendiak ezagutzeko aitzakia eskaintzea herritarrei. Gipuzkoako lurraldeko mendietan egin beharreko erronkak dira, baina euskal mendizale guztiei irekita daude, noski, ez bakarrik gipuzkoarrei.

'Ezagutu Gipuzkoa' erronka

Iaz ere jarri genuen martxan antzeko erronka bat, Gipuzkoak 1000 urte izenekoa (1025. urteko dokumentu batean aipatzen baita lehenengoz Gipuzkoa, 'Ipuzcoa' hitza aurrenekoz). Aurten izena aldatu diogu, 'Ezagutu Gipuzkoa', baina helburua berbera da: Gipuzkoako eskualdeak hobeto ezagutzea. Gipuzkoak 8 eskualde ditu eta erronka honetan igo beharreko mendiak ere 8 dira, eskualde desberdinetakoak. 

Betiko mendirik ezagunenak alde batera utzi dira oraingo honetan (Erlo, Aizkorri, Txindoki, Aiako Harriak...) eta mendi pixka bat ezezagunagoak aukeratu dira erronka honetarako, Mendizale Federazioaren nahia beti izaten baita mendizaleak gure geografia hobeto ezagutzera bultzatzea, mendi eta eskualde berriak bisitatzera animatuz. Mendi ederrak dira eta ez zailegiak, oro har, edozein mendizalek, gazte zein nagusi, igotzeko modukoak. Gipuzkoako mendizaleentzat ez ezik, Euskal Herri osoko mendizaleentzat dago irekita erronkan parte hartzea, noski.

Hauek dira mendizaleek igo beharreko 8 mendiak: Alleko (Goierri), Arranoaitz (Urola Garaia), Egoarbitza (Debabarrena), Elorreta (Debagoiena), Laparmendi (Tolosaldea), Sesiarte (Urola Kosta), Urdaburu (Beterri) eta Zaburu (Tolosaldea).

Beste hiru erronka ere bai

Ezagutu Gipuzkoa erronka nagusiarekin batera, beste 3 erronka ere aktibatu ditugu:

  • Mendiak eta historia: Parte-hartzaileak garrantzi historiko edo kulturala duten Gipuzkoako 5 menditara igo beharko dira (gazteluak, baselizak, gotorlekuak, aztarnategiak, historiaurreko lekukotasunak edo tokiko istorio ezagunak dituzten tontorrak). Ikus hemen zerrenda.
  • Igo 100.000 metro: Gipuzkoako mendietara egindako igoeren altuera metatua joango gara gordetzen eta ea 100.000 metro igotzea lortzen duzun. Dominak emango ditugu 10.000, 25.000, 50.000, 75.000 eta 100.000 metro igotzean.
  • Nire herriko 50 gailur: aurreko urteetako erronkaren jarraipena da hau eta Euskal Herriko herri eta mendi guztiek balio dute erronka honetarako. Igo itzazu zure etxetik hurbilen dauden 50 gailurrak. Horretarako, sartu ezarpenetara eta aukeratu zure herria. Mapan ikusi ahalko dituzu zeintzuk diren mendi horiek eta zeintzuk falta zaizkizun. Gure herria modukorik ez dagoelako munduan! Informazio gehiago hemen.

Parte hartu eta irabazi sariak

Erronka horien guztien kasuan, Mendiak Aplikazioak domina birtualak eta ziurtagiriak banatuko dizkie erronkak osatzen dituzten guztiei eta, urte amaieran, hainbat produktu zozketatuko dira parte-hartzaile guztien artean, besteak beste Gipuzkoako Goimendi Eskolak 10 lagunentzako eskainiko duen mendi-orientazio ikastarorako gonbidapenak, Umeekin egiteko ibilbideak (Gipuzkoa) liburuaren 25 ale eta Mendiak APParen produktu-sorta (kamisetak, txolotak, kantinplorak, eta abar).

Lerro hauen bitartez erronka hauetan parte-hartzera gonbidatzen ditugu euskal mendizale guztiak eta eskerrak ematen dizkiegu Gipuzkoako Mendizale Federazioari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari proiektu honetan bidelagun izatearren.

.................

**Goiko irudian, Arranoaitz.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek