Geure hedabideak eta sarea

2011/03/26
Hedabideak, euskara, Internet... hiru ardatz horien gainean aste honetan bi tokitan egotea tokatu izan zait. Iparra Hegoa jardunaldiek gonbidatuta, Seguran izan nintzen 22an, eta Deustuko Unibertsitateak deituta, 23an Donostiako haien kanpusean.

Aldez aurretiko gidoitxo ondo pentsatuak bidali zizkiguten antolatzaileak, bai Ion Muñoa irakasleak Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien Komunikazio Sailak antolatutakora (gero Xan Harriaguek egin zuen moderatzaile lana) eta bai Arkaitz Apalategi Goierriko Hitzako kazetariak Iparra/Hegoa jardunaldietarako.

Uste dut galdera horietan mami gehiago zegoela nik egin nituen ekarpenean baino. Erantzunak baino gehiago, galderak baitira aldaketako ataka honetan burura datozkigunak.

Horra Muñoak planteatu zituenak:

  • Kazetaritzaren etorkizuna
  • Sarearen etorkizuna
  • Bideragarritasun ekonomikoa
  • Euskara eta sarea


Apalategik ere antzeko gidoia aurkeztu zigun, karaktere gehixeagorekinn bada ere:

  1. Paperezko prentsa. Krisi ekonomikoa eta prentsaren krisia. Berez zaila zen egoera okertu du egoera ekonomikoak. Komunikabide handiak egoera larrian, batzuk itxi ere egin dituzte. Galderak: Nola aurre egiten ari dira euskarazko komunikabideak egoera honi? Eta aurrera begira, euskarazko prentsak ba al du etorkizunik?
  2. Ohiko prentsa eta Internet. Paperezko prentsa krisian, baina interneten gero eta bide gehiago zabaltzen ari dira. Informatzeko ohiturak zabaltzen ari dira, informazioa azkar eta doan jaso dezakegu. Galderak: Nola uztartu daitezke papera eta informazio bide berriak? Komunikabide guztiak interneten aldeko apustua egiten ari dira, baina sareak oraindik ez du etekinik ematen. Nolakoak izango dira etorkizuneko komunikabideak?
  3. Sare sozialak eta euskara. Ohiko webguneez gain, sare sozialek gero eta indar handiagoa dute. Denok ezagutzen ditugu facebook eta twitter. Edonork izan dezake bere webgunea edo bloga. Edonork igo ditzake albisteak, argazkiak eta bideoak. Zertan aldatu da informazioa jaso eta emateko modua?  Non bukatzen da medioen lana eta non hasten da irakurleena? Nor da protagonista? Beste erabilpenik izan al dezakete medioek sare sozialetan?


Pufa! Nondik hasi?! Zorionez ez nengoen bakarrik, eta beste hizlariek bazuten zer esan. Batean zein bestean, dena den, ideia batzuk nabarmendu nituen.

Batetik, hedabideez edo kazetaritzaz hitz egitera gonbidatu nindutela, baina nik ez dakusadala Sustatu, editatzen dudan webgune hori, hedabide bezala. Sustatu blog bat da, ez besterik. Eta eztabaida egon badago, ea blogintza kazetaritza den ala ez... Tira, esango dut ezetz: blogintza ez da kazetaritza. Sustatuk egiten duena da egunean bizpahiru notizia akaso interesgarri atera, ez gehiago. Interesekoak izan daitezkeen kontu batzuk azaldu, aurkeztu... Ez da gehiago.

Beste alde batetik, beste kazetaritza modu batzuk, erredakzioen ingurukoak, etorkizun zailarekin ikusten ditut. Paperezko egunerokoaren, bereziki. Internetek bitartekariak ezabatzen ditu, eta hedabideetan ari da hori pairatzen. Era berean, publizitate molde berriek prezioak txikitu dituzte iragarkietan sarean: paperean gehiago kobratzen ahal da iragarkiengatik, baina...

Krisi honek urrutiko bazterrak astintzen baditu, Seattle hirian bertako egunkaririk gabe gelditzen badira, batzuei agian ez digu larregi ardura, baina euskararen txikitasunean eta ahuldadean, hau askoz dramatikoagoa izan daiteke, eta hau ezin dugu ahaztu. Alde horretatik, estrategikotasunik ez bazaio onartzen euskarari (eta, egia esanda, ez da nabari hori), inbertsio eta sustapen politika ondo hornituak ez badira bideratzen honetara errotondak egitera bideratzen diren bezala, ba zaila dugu. Ezagutzaren gizartea bada agintari edo indar politikoen ardura, euskarazko komunikazioaren estrategikotasuna benetan balioesteko garaia ere bada.

Hala ere, kontua ez da bakarrik ekonomikoa: informazio eredu batzuk daude martxan erredakzioetan, lan-karga handia eskatzen dutenak, baina beste alde batetik agenda ezarriaren inguruan eta prentsaurrekoaren inguruko informazioan zentratuak, eta horrekin zaila da lehiatzea sarean arin eskaini/bete daitekeen informazioarekin. Are gehiago orain non ez bakarrik biharamuneko egunkaria zaharkitua dagoen (jada badakizkizu albisteak), teleberria ere zaharkitua dago lehenago Twitterren apur bat ibili bazara.

Ahaleginak badaude alde horretatik: Seguran Martxelo Otamendik kalitatezko produktu egiteko lanak deskribatu zituen pasioz eta kobentzimenduz, eta Donostian Berriaren taldeko Berriketan.info-ren eredu berritzailea defenditu zuen Jon Ordoñezek. Erreferentzia gisa erabili izan duten Muckrack.com aipatu zuen Ordoñezek. Egiazki, Umap-en antza hartzen diot nik: komunitate zehatz baten mezu laburretatik informazio aberatsagoa eraikitzen duen webgunea. Kontua da Umap ez duela erredakzio batek egiten, ezta Muckrack ere, baizik eta robot batek.

Guztiarekin ere, erredakzioa krisian egon arren, komunikazioarentzako une hoberik ez dago. Komunikatzeko kanal ikaragarria da Internet, eta hau azpimarratzen saiatu nintzen, bereziki Deustuko Unibertsitateko komunikazio ikasleen aurrean, norberak bere buruaren komunikatzaile izanez egin behar duela marketina eta praktika, ahots propio bat eraiki, konbentzimenduz, eta estiloarekin, eta horrela bide egin daitekeela lan-merkatuan. Hain zuzen ere, ideia honen gainean zertxobait gehiago idatzi du han moderatzailea izan genuen Xan Harriaguek bere blogean.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Luistxo Fernandez

Proiektu asmatzailea. Diplomaziaren guru bat.