Hiritar digitalen biltzar baten osteko burutazioak

2011/04/19
Oso interesgarria iruditu zitzaidan aurreko astean Donostian ospatu zen Hiritar Digitalen Nazioarteko Kongresua. Bertako kontu interesgarrienak nabarmendu nahi izan ditut, burutazio pertsonal batzuk gehituaz, ospatu zen hiriko biztanle moduan.

Pasa den astean kongresu interesgarri batean izan nintzen, Hiritar Digitalen Nazioarteko Kongresua (#CICD), bere bigarren edizioan, Diariovasco.com-ek antolatua. 2010.ekoa hezkuntzari buruzkoa izan zen, eta 2011ko hau teknologiak politikan eta gobernuetan izan duen inpaktuan zentratu da. We-government izan zen hitz-gakoa. Egitarau landu eta hizlari interesgarriei esker probetxuzko bi egun izan nituen; Iñigo Kortabitarteren bultzadak ere izango zuen eraginik, nola ez.

Edukietan, hiru ildo nagusi zeuden:

  • herritarren aktibismoa sarean
  • politikariaren presentzia sarean, kanpainan eta kanpainatik kanpo
  • administrazioa zerbitzu- eta datu-hornitzaile moduan

Teknologia kontuetan, eta bi gauzari buruz hitz egin zen bereziki: Twitter eta Open Data. Aipatu ziren baita ere blogak, plataforma kolaboratiboak, Facebook eta sare sozialak, eta beste zenbait; baina lehen biak izan ziren nagusi.

Hauek izan ziren hitzaldi interesgarrienak, nire ustez:

  • Jordi Graells, Kataluniako administrazioa e-government-a burutzen ari den moduaz. Nire ustean han gehiago zentratzen dira hiritarrengan eta zerbitzuen optimizazioan euskal administrazioa baino; askoz arduratuagoak ikusten ditut hemen unean uneko gobernu-taldearen propaganda lanetan.
  • Antoni Gutiérrez-Rubí eta Yuri Morejonek (aurreragoko hitzaldi baten laburpena, bere blogean Donostiakoa kontatu artean) bi egun ezberdinetan gai berari buruz jardun zuten, politikaren jardun eta komunikazioak sortzen dituen desengainuaz, gako zehatzak emanez eta aurkezpen landu eta txundigarriak erabiliz. Politika interesgarria da, hiritarren lehentasunetako bat da; baina politikariek, beraien alderdietako egitura leninistekin (bai, zentralismo demokratikoaren zentzuan) eta batez ere proiektu faltarekin, ez dituzte espektatibak betetzen. Etengabe hazten den sare-gizartearen logikak aldaketa politikoa eskatzen du; presazkoa halabeharrez, baina, hala ere... Horrez gain, plazerra izan zen Morejon ezagutzea, politologo eta komunikatzaile euskalduna bera.
  • Alfonso Alcantararena (Yoriento), atsegina bezain zuzena, nortasun digitala eta ospearen ingurukoa. Errezeta argiak zentzuzko diskurtso bat sortzeko, elkarrizketa eta diskusioan nola sartu pertsonekin zein erronka sozial, teknologiko eta abarrekin. Asko gustatu zitzaidan: benetan gomendagarria gazte zein jubilatuentzat. Gipuzkoatik zera gehitu nahiko nuke: edozer ikasten duen gazteria, denak Twitter eta blogetara, egin zaitezte pertsona publikoak; eta Mariano Ferrer, bai, zu, hau sekula santan irakurriko ez duen komunikazioaren jubilatua, egin zeuk ere kasu eta zatoz Internetera, berandu zabiltza eta!

Hitzaldi hauen eta beste batzuen ondoan, pena eman zidan Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Lurdes Auzmendik emandakoa hankamotz geratzeak. Kontu interesgarriak ekarri zituen, bultzatuko dela .eus domeinua edo wikipediarako eduki transferentzia, baina hitzaldia gutxi prestatua zekarren: beste material eta prestakuntza batekin etorri behar da halako biltzar batean. Emandako inpresioa izan zen, euskararen gaia, astuna eta komunikaziorako gutxi prestatua zela...

Eta gainera, Lurdes Auzmendik ez zion gaiari heldu: herritarron eta gobernantzaren harreman digitalak euskaraz zer? Eusko Jaurlaritzan komunikazio digital horren arduradunak, egiazki, elebakarrak dira, eta iruditzen zait euskararen presentzia "konpromisozko detaile deserosoen" kategorian tratatzen dutela sarri hiritarrarekin komunikazio prozesuan, baliabide edo arreta edo sentsibilitate handi barik; are gehiago: metodo edo plangintzarik gabe, garapen tekniko eskaseskin, eta kalitate kontrolik gabe; adibide lartxo hemen kuriositatea duenarentzat. Honetaz zer esanik ote zuen HPSk, jakin barik geratu ginen.

Agerpen honek apur bat uzkur utzi ninduen, bai, baina beste kontu bategatik ere sentitu nuen arrangura puntu bat. Hitzaldietan hiritarren parte-hartzea bolo-bolo aipatu zen, baina hemen, Donostian, hiri honetan...CICDan Obamari buruz hitz egin ziguten eta Ipar Karolina bezalako lekuetan oinarriko aktibismoaren lorpenez, baina hemen oso urrun bizi gara. Eta oso testuinguru ezberdinean. Hala nola, Odon Elorza hiriko alkateak parte hartu zuen, eta hitz egiten ari zen bitartean pentsatu nuen orain 20 urte bera alkate bilakatu zenean, Eusko Alkartasunak irabazi zuela hirian (Elorzaren alderdia hirugarren izan zen, baina aliantzen bidez alkatetza lortu zuen). Gaur egun ez dakigu alderdi hark, EAk, maiatzeko hauteskundeetan parte hartu ahal izango duen.

Azken hogei urteotan hainbat gauza gertatu dira, nola ez. 1991.etik lau urtera Donostian alderdia bozkatuena PP zen, eta une horretantxe, ETAk  Gregorio Ordoñez hil zuen. Beste hainbat hilketa bezain gorrotagarria, baina hirian izandako batzuk aipatzearren: sukaldari bat, bizikleta-saltzaile bat, Santiago Oleaga bezalako egunkari bateko kudeaketa-taldeko langile bat...

Bada sasoia bakea izan dezagun. Bakea, partaidetza, askatasuna, etorkizuna. Arraroa egin daiteke lerro hauek irakurtzea enpresako blogean, baina gure mundu txiki honetan, Gipuzkoan zehazki, argi pixka bat behar dugu garapen ekonomiko, teknologiko eta sozialerako, berunaren grisa gainditzeko. Airea behar dugu.

Hiritartasun digitala, eta kalean (plano bereizketa ez da beharrezkoa jada): politika behar dugu, eta hiritar izaten laga diezagutela. CICDk jakintza eman zidan oso hitzaldi interesgarriekin pasa den ostegun eta ostiralean, baina, niretzat, aurrekari interesgarri bat egon zen: asteazkenean, 30 bat lagunen aurrean, Bertie Ahern-ek hitz egin zuen, Irlandako lehen ministro ohiak.

CICDn Morejonek esan zuen atril-osteko politika ez dela jada baliagarri, eta egia da... nolabait. Ahern-ek paperetik irakurri zuen bere hitzaldia, atril-ostean. Gizon honen alderdiak, Fianna Fail-ek, sekulako porrota izan du hauteskundeetan, Irlanda krisi ekonomiko larrian dago sartua, diotenez, partzialki Ahern-en sasoian hartu ziren zenbait erabakiren ondorioz... Baina honi buruz lerro pare bat irakurri zituen, ez besterik, anekdotak bailiran, eta hitzaldi osteko taldetxo batean aipatu zigun alderdia berregingo dela, horaingo porrota detailetxo historiko bat besterik ez balitz bezala.

Izan ere, Ahern ez zen etorri koiunturaz hitz egitera, letra larriz idazten den politikaz baizik, begirada 50 edo 100 urtetan jartzen duena, eta arazoak behin betikoz konpontzeaz. Gizona benetan harro dago Ipar Irlandara bakea ekarri duen 1998ko Ostiral Santuko akordioa burutu izanaz Tony Blairrekin batera, eta gaiari buruz horrenbesteko argitasun, irmotasun eta apaltasunez hitz egin zuen ezen larritu egin nintzen gurean halako politikaririk ez edukitzeagatik. Horra hor, Churchillek zioen moduan, funtsezko bereizketa: politikaria, hurrengo hauteskundeetan pentsatzen duena, eta estadista, hurrengo belaunaldietan pentsatzen duena.

Estadistak behar ditugu. Eta gainera, hiritarren parte-hartzea, guztiontzako giza eskubideak, zibilak, demokratikoak eta parte-hartzekoak, orain. Bakea lortzeko, baita aurrerapen teknologiko, sozial eta ekonomikorako. Donostiako hiritar moduan exijitzera ausartzen naiz. Baita blog koporatibo batean ere.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Luistxo Fernandez

Proiektu asmatzailea. Diplomaziaren guru bat.