Nola idatzi Interneterako

2010/07/14
Zertarako eta nola egon Interneten? Nola erabili sarea marketinerako? Zer eta nola idatzi... UEUk txanda honetan antolatutako ikastaroetako bat prestatu eta ematen ari gara CodeSyntax-ekoak. Neuk jardun dut gaur, puntu zehatz horren inguruan: nola idatzi Interneterako.

Gaur eta bihar, CodeSyntax-eko lankide batzuen artean, UEUko ikastaro batean dugu zeregina eta lana: Marketina Interneten. Horren barruan, neuri, Interneten nola idatzi azaltzen saiatzea tokatu zait.

Aurkezpena hemen dago, baina oharra ohikoa da: aurkezpena ez da ulertzen hizlari edo irakaslearen azalpenik gabe. Hala ere, puntutxoren bat garatuko dut.

 Bat, ez idatzi poesiarik, eta idatzi gauzak diren bezala.

  • Eleberriaren mugak gainditu eta hezur-haragizko bihurtu dira Daniel eta Paulo Obabatarrak


Ez, hori ez da izenburu bat Interneterako, Zabaldun horrela aurkitu nuen arren. Hobeto da:

  • Bernardo Atxagaren 'Bi Anai' eleberrian oinarrituta film bat egingo dute


Eta poesiarik gabe idazteaz gain, erabili txosten itxurako erredakzioa. Parrafo laburrak, estekak benetako helmuga diren tokietara, puntuz puntukoak, maketazio ahaleginik ez egin (argazki edo testuen justifikazioa, adibidez).

Bi. Ez idatzi Internet papera balitz bezala, edo ez idatzi papererako gauzarik, ez formatuaren aldetik (ez egin kartelik Interneterako, ez idatzi Wordik), ezta idazkeraren aldetik ere (ez idatzi fax itxurako prentsa-oharrik). Idatzi informazioa, testu-editore lau batekin; eta horren bertsioak egin gero, bat papererako (behar baldin bada), bestea sarerako.

Mesedez ez kargatu PDFrik, Wordik, kartelik informazioa zabaltzeko. Papera besterik ez da hori. Patetikoa iruditu zitzaidan duela egun batzuk, 10 puntuko dekalogo interesgarri bat nola aurkeztu zuen sindikatu batek. Hor duzue. Irudi huts batean. Pentsa 6. puntua kopiatu nahi duzula mezu batean idazteko: ba, hartu inprimagailu analogiko bat (=boligrafoa), eta eskuz kopiatu, ze beste biderik ez dago.

Komunikazio politikak, korporatibo eta pertsonalak


Idazkuntzarekin eta testuen presentazioekin zerikusia duten puntuez gain, komunikazio politikari dagozkion puntu batzuk tratatu ditugu. Erakunde batek informazioa korporatiboki eman dezakeela, izenpe zehatzik gabeko albisteekin adibidez; baina baita bere baitako aditu edo komunikatzaileen izen-deitura eta ikuspegi pertsonalen bidez.

Korporazio/pertsona jardun horretan Facebook zein Twitterren ere nola jokatu behar den tratatu dugu. Ikasle talde interesgarria hurbildu da UEUra eta puntu hauetan elkarrizketa interesgarria izan dugu. Facebook ezagunagoa zitzaien eta Facebook-eko erakunde/pertsona dikotomiaz hausnarketa egina zuten baten batzuek. Twitter, aldiz, urrunago zeukaten ikasle hauek. Hala ere, nik tresna horren etorkizunean asko sinesten dut eta hor ere trebatzeko gomendioa egin diet.

Azkenean, apur bat filosofiko ere jarri naiz azalpenetan: pertsona eta komunikatzaile gisa, komunitate euskaldunean dugun paper eta konpromisoaz jardun izan dut.

Komunikazioa eta merkatua, euskaldunen artean, 100.000 lagunen kontua izango da, akaso; ez ustezko 700.000 euskaldun horiena. Merkatu horretan, ideiak, produktuak eta sormena mugitu eta eraginkor bihurtuko badira, balio ekonomikoa eta balio sozial-kulturala sortu behar badute, euskaldun horiek aktibatu behar dira sarean; eta erantzukizun handia dute horretan, demagun 1.000 laguneko nukleo konprometitu batek (publikotasun gehiago edo gutxiago duten euskaldunak, komunikatzaileak...). Horiek ez badute eragiten, jai dugu. Interneten idatzi behar da, nola edo hala, baina idatzi behar dugu, e?

Joxe Aranzabal
2010/07/14 21:24
Interesgarria, Luistxo. Bai idatzizkoa, eta baita aurkezpena ere. Zorionak!
Nahia
2010/07/14 22:24
Oso hausnarketa interesgarria Luistxo, niretzat kontzientzia falta da, paperean lan egin duenak salto internetera egin eta interneten egokitu behar duenaren kontzientzia, medio desberdina delaz ohartzea.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Luistxo Fernandez

Proiektu asmatzailea. Diplomaziaren guru bat.