Tokikom jardunaldietan

2012/06/18
Pasa den ostiralean, ekainak 15, Luistxo Fernandez eta biok Tokikom-en jardunaldietan parte hartu genuen. Internetek tokiko hedabideei eskaintzen dien aukeretaz hitz egiteko eskatu ziguten eta horixe egiten saiatu ginen.
Luistxo eta Gari (argazkia: Goio Arana)

Luistxo eta Gari (argazkia: Goio Arana)

Aurkezpena "puntuka binaka" egin genuen, nik zerbait esan eta Luistxok beste ideia bat ematen zuen, kontraste antzera edo.

Hainbat gauza interesgarri esan zituzten, bai Nekane Goikoetxeak, bai Aitor Zuberogoitia eta Eneko Bidegainek, zein Belgikatik etorritako Bart Bijnens-ek. Eguerdiko hausnarketa eta arratsaldeko mahai-ingurutik atera genuen probetxua.

 

 

Ideia bat lotu zitzaidan ostiralean buruan: Goizean oso ongi ekarri zuen Mondragon Unibertsitateko errektoreak Jose Maria Arizmendiarrieta zenaren aipua:

"Hobe da poxpolo bat piztea, iluntasuna madarikatzea baino."

Arratsaldean ere Nerea Azurmendik antzerako zerbait esan zuen, animoak eman zizkigunean esanez txikion maniobragarritasuna barku handiena baino hobea dela. Nik ere aipatu nuen txikitasunaren aukera hori, txikiak garela baina bizkorrak.

Bestalde, bilkurak balio izan zidan niri sektorearen tenperatura hartzeko. Gure Interneteko gauzekin ibiltzen gara eta batzuetan errealitate baldekada bat komeni izaten da.

Saretik urrun ikusi nuen orokorrean jendea. Hain justu gure hitzaldiaren helburua alde horretatik zirikatzea ere bazela uste dut, eta uste dut badagoela beharra. Jende askok ez du oraindik ulertzen 2012. urtean ezin dela paperezko aldizkari bat egin Interneten buru-belarri sartuta egon gabe.

Etorkizunaz eta sarearenganako atxekimenduaz:

Paperera lotuta gaude, batez ere ekonomikoki, baina baita ere pentsakeraz edo lan egiteko moduaz (epe jakin batean inprenta bidalketak edo “emisioak” egin beharra adibidez).

Oraindik ez da ondo ikusten nola aterako den dirua Internetetik (Atera ere, aterako ote da?) eta errezelo hori edukitzea normala da, baina uste dut kasu askotan papera aitzaki bezala erabiltzen ari da Interneten minimoak egiteko.

Are gehiago, papera bera ere Internetez egin daiteke. Modu berri batean egin daitezke gauzak nahiz eta bukaerako produktua fisikoki berdina izan (papera). Modu berri horrek erakutsiko digu Interneterako prestatzen, zer izango den ikasten eta ulertzen. Zer egiten du hainbeste kazetarik posta zerrenda bat zer den jakin gabe, Twitter erabili gabe edo Googlen bilaketa txukun bat egiten jakin gabe?

Lehenago edo beranduago hilko da papera, ez dakit inork zalantzan jartzen duen beherako joera. Aldiz hor dago luberri bat, ez dakiguna fruiturik emango duen ala ez, baina badaezpada ere okupatu beharra dagoena, posizioak hartu, ezagutu eta asmatzen hasi.

Publizitate eta diru sarrera sistema berriak asmatu beharko dira, sarearen izaerarekin bat datozenak, moduluak saltzetik haratago. Norbaitek frogak egin beharko ditu, ahalik eta azkarren huts egin, ikasi eta berriz saiatu.

Audientziak gureganatu behar ditugu eta lan handia dago egiteko. Oraindik sareko audientziak goraka doaz, besterik ez bada ere belaunaldien ordezkapenaren erritmoan, eta herritar berri horiek gurean izan behar dute erreferentzia. Tokia okupatzen ari gara? Paperean herri askotan dagoen herri aldizkarien %80ko merkatu kuotarengatik borrokan ari gara sarean?

Hemendik 3 urtera saretik dirua lortzeko bidea aurkitzen badu txinatar azkar batek, prest izango dugu beharrezko guztia? Izango dugu nahikoa audientzia, kazetari prestuak, medioa ezagutzen duten komertzialak eta kudeaketako arduradunak, azpiegiturak... eta abar guztia? Ala berriz ere hutsetik hasi beharko dugu?

Bidegain eta Zuberogoitiaren azalpenetan, puntu bat azpimarratu zuten hizlariek: 1980ko hamarkadan, autoedizioaren etorrera (ordenagailu pertsonalak testu/hedabide produkziorako, bereziki Mac ingurunean garatzen hasi zena) oso ondo aprobetxatu zuela euskalgintzak aurrea hartzeko, Arrasate Press lehenbizi, eta hainbat herri aldizkari gero. Gaur egun Tokikom dena uhin hura ondo hartzetik dator, duda barik. Lorpen hau komentatzen, ordea, bere kontrapuntua jarri zuen Luistxo Fernandezek kafe orduko zirkulu batean: autoedizioaren iraultza hiruzpalau urtetan aprobetxatu zen, zerbait berria eta eraldatzailea martxan jartzeko; Internet 1996tik dago inguruotan; iraultza hau aprobetxatu ote dugu? Ez ote gabiltza iraganean egin behar genituen galderetan beharbada?

Pentsatu nahi dut Luistxo oker dagoela; ez gaudela jadanik atzeratuta eta azken 10 urteetako trena galduta. Ea horrela den.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Gari Araolaza

Ingeniaria, proiektu zuzendaritza. Python, Whitesnake, Scrum, Yngwie Malmsteen.