Twitter, analitika eta metrikak hainbat ikuspuntutatik

2013/06/20
Sare sozialak esaten dugu, baina funtsean bi zerbitzutaz ari gara hemen: Twitter eta Facebook. Hauen garrantzia, bereziki inportantea da informazio freskoaren zirkulazioan, eta esparru jakin honetan, komentzitua nago Twitter funtsezkoago dela Facebook baino. Honetatik ondorioztatzen dut, Twitterreko datu analitikoak inportanteak direla Interneteko ekimen baten komunikazio ahaleginean. Eta datu horiek metrika eta desberdinekin ikus daitezke, besteak beste, Umap-etik ateratzea espero dugun eta gaur aurkeztu dugun analisi batekin.

Twitterreko analitika, maila desberdinetan ulertu eta aztertu daiteke. Batetik, webgune bat baduzu, Google Analytics moduko tresna batek esango dizu zure trafiko soziala zenbatekoa den. Hona, gure webgune batean, bisita kopuru totalean zenbat diren sare sozialetakoak. Hor ikusten da, Twitter dela nagusi.

Twitterrek berak, bere analitika propioak ere baditu, momentuz erdi itxita dauzkate, ordaintzen duten bezeroentzat (eta filtrazioren bat ere izan da), baina agian zabalduko dituzte horiek ere. Hemen itsatsita, jendeak eskuratu dituen pantaila-irudiak, ideia ematen digutenak nolako datuak ikusi ahal izango ditugun. Bitartean, badira tresnak (zeharka) esaten dizutenak Twitterreko zure profilak edo txioek ze eragin duten.

Gaur, ordea, Sustatun argitaratu dugun artikulu batean, beste analitika saio bat aurkeztu nahi dizuegu. Umap-eko datuen erauzketa bat. Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin garatutako tresna da Umap, eta Twitterreko euskarazko jarduna monitorizatzen du. 2013ko maiatzeko datuak hartuta, euskarazko 275.000 txio aztertu ditugu (datu guztiak hemen dituzue), eta haietan ageri diren URLak zenbatu. Zenbat URL zenbat txiotan, eta ez bakarrik aipu zuzenak, baizik eta eragindako elkarrizketak ere.

Zenbait metrika desberdin agertu zaizkigu: kopuru absolutuak balio bat duela uste dugu, eta gero, interes ratioa eta eztabaida ratioa deitu dugun bi proportzio. Laburbilduz, ikusten da euskaldunok sarean gehien partekatzen duguna Youtube dela. Orotariko telebista sistema bat bezala da, argindarra edo ura bezalako utility bat kontsidera daiteke. Ondoren, Berria, Argia eta EITB dira euskaldunen informazio iturri nagusiak, baina ñabardurak daude hauen eraginean, bakoitzak dituen ratioetan ikusten den bezala. Beheko grafikoan, iturri horiek eta sailkapenean lehenak ageri direnak itsatsi ditugu, ingelesezkoak kenduta.

Gure helburua da sistematizatzea datu erauzketa hurrengo hilabeteetan, lehen zantzu hauetan esanguratsuak iruditu zaizkigun gauzak baieztatzen diren ala ez ikusteko. Domeinuen eboluzioa ere jakingarria izango da. Era berean, automatizatuz gero, Umap-eko erabiltzaile-rankinga daukagun bezala, informazio iturrien ranking bat ere eratu daitekeela uste dugu. Bitartean, laburbiltzeko, hemen dituzue oraingoz:

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Luistxo Fernandez

Proiektu asmatzailea. Diplomaziaren guru bat.