2012/07/05
Azken egunotan Sustatu.com gure euskarazko albistegia eraberritzeko lanean jardun dugu. Ia 11 urtez Squishdot teknologian mantenduz igaro ondoren, gaur egungo teknologia berrietara egokitzeko ordua iritsi zaio. Hau honela, bide honetan nire esperientzia zein den azaldu nahi dut.

Esan beharrik ez dago, Sustatu.com puntako teknologiarekin berritu dugu. Gaur egungo programazio lengoaietan modan dago Python eta nola ez, honetan oinarriturik dagoen Django web garapenerako framework-a. Horrela bada, ia hamaika urtez Zope/Squishdot teknologian egon den web guneari, lehengo teknologia zaharra alde batera utziz, tripak aldatu dizkiogu Djangora moldatuz. Aldaketa nabarmenak izan ditu beraz bai azpiegituran eta baita erabiltzailearen interfazean ere. Azken aldian aplikatzen ari garen diseinu arduratsua aplikatuz aurpegi berri bat eman diogu, eta artikulu honetan aipatzen dugun bezala: "Editatzeko eta parte hartzeko moduetan aldaketak gertatuko dira, bide batez, erabiltzaileentzat erosoagoak izango direnak, gure iritziz. Sustatu askoz sozialagoa ere izango da, lotuagoa egongo da Twitter eta Facebook-ekin."

Eta nola moldatu naiz bide honetan?

Nire aldetik, lehendik ere Python lengoaian zenbait lanetan ibilita nengoenez (OpenERP) nahiko erraz egokitu naiz programazio sistema honetara.

OpenERP-ko moduluak programatzetik Django aplikazioetara saltoa badago ere, funtsean antzekotasun haundiak dituzte (oinarrian lenguaia bera baita). Gainera, bietan ere MVC ("Model - View - Controller") patroia erabiltzen da. Bistak berriz, OpenERP-n XML lenguaian oinarrituta daude eta Djangon aldiz, HTML eta Django Templates txantiloi sisteman. Beraz bistak diseinatzean ere, aldaketa ez da hain traumatikoa izan, txantiloi sistema oso intuitiboa baita.

Buruhauste gehienak webgunea osatzeko erabiltzen ditugun Twitter/Facebook zerbitzuen eta erabiltzaile profilen arteko loturak ulertu eta egiteak eman dizkit dudarik gabe. Baita proiektua gauzatu ahal izateko erabiltzen den kode estrukturazioa ulertzeak ere. Hau da, funtsean API arazo puntualak alde batera utziz, CodeSyntax-eko lan ohiturak nereganatzea izan da zailena.

Sustatu: login berria

Hala ere, honelako proiektu bat martxan jartzea erronka polita izateaz gain, bai teknologia gustoko dudalako eta nola ez, nire inguruan izan ditudan lankideen laguntzagatik oso esperientzia atsegina izan da. Hala ere, beti daude gauza berriak ikasteko eta hemendik aurrera etortzen diren proiektu berriei ere indar berdinaz heltzeko irrikitan nago.

Erantzuna gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira. Erantzunak moderatuta daude.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek