Accelerated Mobile Pages (AMP): telefonoetarako webguneetan pauso bat haratago

2015/12/17
Honezkero argi dugu etorkizuna sakeleko telefonoan datorrela, baina oraindik asko falta zaigu erabiltzaile esperientzia nahi besteko arina eta erosoa izateko. AMP proiektua norabide horreta lanean dator.
Accelerated Mobile Pages sakeleko telefono batean.

Accelerated Mobile Pages sakeleko telefono batean.

Accelerated Mobile Pages edo AMP ekimenak HTML eta JavaScript kode berezi baten erabilpena bultzatzen du telefonoentzat prestatutako webguneak garatzeko.

Helburua, telefonoetarako webguneak oso azkar eta arinak izatea da. Izan ere, Googleren arabera erabiltzaile esperientzia on bat izateko faktore nagusienetakoa abiadura da

AMPren funtsa JavaScript liburutegi bat da. JavaScript kode honek HTML etiketa berezi batzuk interpretatzen ditu eta lotuta dituen elementuak noiz eta nola deskargatu erabakitzen du.

Adibidez, irudi baten AMP kodea txertatzen badugu ( amp-img ), telefonoak erabakiko du noiz eta nola deskargatu behar duen irudi hori, egoera horretarako ahalik eta optimizatuen egon dadin. Irudiaren deskarga beranduxeago egin dezake, edo irudi batzuek deskargari lehentasuna eman, une horretan dugun banda zabalera, konexio mota edo erabiltzailearen beharren arabera, adibidez. Sistema berdina erabiltzen da beste elementu mota batzuentzat, hala nola publizitatea, bideoak eta tracking-eko pixelentzat.

Bestalde, AMP-ren espezifikazioei jarraituz bertsio alternatiboak etiketatu ditzakegu, bat telefonoentzat, bestea mahaigaineko ordenagailuentzat eta abar, baina bertsio guztiak lotura bidez erlazionatuta.

Badirudi 2016an AMPri bultzada handia emango zaiola, izan ere Googlek aditzera eman du bilaketen emaitzetan AMP bidez egindako webguneak erakusten hasiko dela.

Gehiago Accelerated Mobile Pages proiektuaren inguruan

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Gari Araolaza

Ingeniaria, proiektu zuzendaritza. Python, Whitesnake, Scrum, Yngwie Malmsteen.