ADAGIO proiektua: Adimen Artifizial Sortzailea euskaraz eta industriarako moldatuz

ADAGIO proiektua industria- eta hizkuntza-beharren arteko lotura egiteko jaio zen: adimen artifizial sortzailean eta hizkuntza-eredu handietan (LLM) oinarritutako teknologiekin, testu automatikoak sortzeko sistema bat garatzea du helburu, sektore jakinetarako egokitua eta baliabide mugatuetako inguruneetan ere erabilgarria izango dena. Proiektua Hazitek laguntza-programaren babesean garatzen ari da, euskaraz, gaztelaniaz eta katalanez.
LKS Next, CodeSyntax, SS4C, Athlon, Krean eta Ondoan enpresek osatutako partzuergoak, Vicomtech zentro teknologikoaren partaidetzarekin, elkarlanean dihardu hainbat erabilera-kasu errealetan oinarrituta: industria, marketina, osasuna eta joko digitalak.
2024ko aurrerapenak
Urte honetan, hainbat lorpen esanguratsu izan ditugu. Horietako bat, gure Egunean Behin joko ezagunarekin egindako lankidetza izan da. Proiektuaren barruan garatutako sistemak, euskarazko Wikipediako edukiak erabiliz, milaka galdera-erantzun sortu ditu automatikoki. Ondoren, CodeSyntaxeko langileek eskuzko berrikuspen bat egin zuten, edukien kalitatea bermatzeko. Horrek frogatu du AA sistemak galdera-eduki fidagarriak sortzeko gaitasuna duela, denbora aurreztea eta baliabideen erabilera optimizatzea ahalbidetuz.
Baina ADAGIOren helburuak harago doaz. Industriarako memoria eta eskaintzak, lehendik dagoen dokumentaziotik eduki berrien sorkuntza, marketin-edukiaren automatizazioa eta osasun/jarduera fisikoko prestakuntza-edukiak dira aplikazio-eremuetako batzuk. Helburua: LLM handiak sektore jakinetako beharretara egokitzea, fine-tuning, prompting eta retrieval-augmented generation (RAG) bezalako teknikak erabiliz.
Euskararentzat aukera estrategikoa
ADAGIOk, gainera, euskararen eremuan teknologiaren burujabetzarako aukera estrategikoa dakarkigu. Gaur egun, AA sortzaileen ekosistemak ingelesera eta erraldoi teknologikoetara makurtzen dira. Horregatik, euskarazko edukiak sortzeko eta hizkuntza-eredu neuronalak euskaraz trebatutako ingurune batean optimizatzeko lanean ari gara.
Proiektuak erronka tekniko eta sozial garrantzitsuak ditu: kalitatezko eduki automatikoa, segurtasuna eta fidagarritasuna, eta erabiltzailearentzako esperientzia ona bermatzea. Horregatik, AA sortzailearen ahalmena eta giza berrikuspenaren balioa uztartzen ditugu.
Aurrera begira
ADAGIO proiektuak oraindik bide luzea du egiteko, baina 2024an lortutako aurrerapenek agerian utzi dute euskarazko testu sortzailea, sektoreko erabilera errealetan aplikatzeko modukoa dela jada. Egunean Behin-en lehen emaitzak itxaropentsuak dira, eta lanean jarraituko dugu beste erabilera-kasuetan, sistema orokortu, hobetutako teknikak integratu eta domeinu berrietara egokitzeko.
Adimen Artifizialaren aroan, ADAGIO bezalako proiektuek euskararentzat eta industria lokalarentzat etorkizun teknologiko propioa eraikitzen laguntzen dutelakoan gaude.