Indeus 2025: euskararen aldeko industria-lankidetzaren topaketa Bilbon
Topaketa honek euskararen erabilera industria-sektorean bultzatzeko erronkak eta aukerak jorratzeko espazioa eskaini du, urteko balantzea eginez eta 2026rako bide-orriak zehazteko asmoz.
2026rako erronken artean izango dira, besteak beste, baliabide berriak sortzea, digitalizazioa eta euskara uztartzea, komunikazioa hobetzea, enpresa gehiago saretzen jarraitzea.
INDEUS plataformak 7 urte daramatza euskararen presentzia indartzen industria-munduan, eta 50 enpresa eta elkarte partaide baino gehiago ditu gaur egun. SPRI, Eusko Jaurlaritza, EEE eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundien babesarekin, baita Lankidetza Sare zabalarekin ere (Soziolinguistika Klusterra, EUSKALIT, LANGUNE, Euskorpora, Laboral KUtxa, PUNTUEUS…).
Plataformaren helburua da euskaraz lan egin nahi duten enpresak babestea eta, aldi berean, euskara gutxiago erabiltzen duten enpresetan ereduak eta praktikak zabaltzea.
Ekitaldiari hasiera eman zioten SPRI, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek, eta segidan INDEUSen ibilbidearen errepasoa egin zen, partaideen ekarpenekin osatutako dinamika batean oinarrituta.
Euskararen aldeko industria-sarea hazten ari da, eta CodeSyntax-etik proiektu horretan sinesten eta laguntzen jarraituko dugu, eta bat egitera gonbidatzen zaitugu. Zure enpresak ere euskararen aldeko urratsa egin nahi badu, ezagutu INDEUS plataformaren jarduera eta sarea: https://indeus.spri.eus/eu
Argazkia: INDEUS