Arnhemerako maletak prestatzen

2012/10/01
Aurtengo Plone Konferentzia Herbehereetan izango da, Arnhemen hain zuzen ere, bertan bilduko gara mundu guztitik etorritako Plone erabiltzaileak eta baita plataformaren garatzaileak ere.

Urteroko ohitura da Plone Konferentzia antolatzea. Seigarrena izango da guretzat, Napoles, Washington, Budapest, Bristol eta San Franciscoren ostean. Aurtengoa Arnhem bertako Four Digits enpresako lagunek antolatuko dute eta urriaren 8tik 14ra artean antolatuko da.

Ohiturari jarraiki, lehenengo bi egunetan ikastaroak egongo dira, gero hiru eguneko konferentzia eta azkenik bi eguneko sprintak.

Aurtengo konferentzia bi puntutatik da interesgarria: Diazo eta Deco.

Diazo jada jende askok darabil produkzio-mailan Plonerekin egindako webguneen itxura aldatzeko. Ploneren txantiloiak aldatu gabe, XMLn oinarritutako erregela batzuk erabiliz eta Plonen bertan txertatutako editore grafiko baten laguntzaz, Ploneri buruz ezer ez dakien diseinatzaile batek egindako HTML eta CSSa era erraz baten txertatzen uzten du Diazok. Urtebete baino gehiagoan zehar bildutako esperientzia hori konpartitzeko aukera izango dugu Arnhemen.

Decori buruz, badirudi azken sprinta dela honakoa. Izan ere Sea Sprint antolatu dute egunotan Deco konferentziarako prest egon dadin. Deco edukia antolatu eta erakusteko modu berria da, dinamikoki uzten baitu orrialdeen itxura aldatzen eta eremuak gehitu eta kentzen programazio beharrik gabe.

Gu ere bertan izango gara, orain artekoa ikusi eta berritasunak gure artera ekartzeko.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Mikel Larreategi

Plone garatzailea. Nazioarteko Xake Epailea #truestory