CodeSyntax eta Euskal Mendizale Federazioa elkarrekin gailurrera: Mendiak egitasmoaren aro berria
Atzo aurkeztu zen Donostian CodeSyntaxen eta Euskal Mendizale Federazioaren arteko lankidetza-hitzarmena. Akordio honen bidez, hemendik aurrera Mendiak egitasmoa —mugikorreko aplikazioak zein mendiak.eus webguneak osatzen dutena— bi erakundeen artean kudeatuko da. Pauso honek norabide berri bat markatzen du proiektuaren ibilbidean eta izaera instituzionalagoa ematen dio. Gainera, eragin zuzena izango du datuen kudeaketan, hemendik aurrera bi entitateak izango baitira plataformaren arduradunak.
Mendiak aplikazioa oraindik ezagutzen ez duten erabiltzaileentzat, ezinbesteko poltsikoko tresna da gure inguruko mendizaleentzat. Euskal Herriko 3.000 gailur baino gehiagoren fitxa eta informazio praktikoa biltzen du. Horrez gain, aplikazioak mendizale-komunitatea batzeko tresna ere izan nahi du, nork bere estatistiken biltegi izateaz gain: erabiltzaileek igotako mendiak markatu ditzakete, estatistika pertsonalak jaso, argazkiak partekatu edota erronka ezberdinetan parte hartu (haurrekin egiteko mendiak, 100 mendien lehiaketa, urteurreneko gailurrak, eta abar).
Uztail honetan argitaratu dugun bertsio berria elkarlan honen lehen urratsa besterik ez da. Aldaketa estetiko eta funtzional txikiez gain, berrikuntza nagusia mendizale federatuei zuzenduta dago: hemendik aurrera euren Mendiak kontua Federazioaren datu-basearekin lotu ahal izango dute modu seguruan. Integrazio honi esker, lehiaketa ofizialen jarraipen zehatza egin ahal izango da —igoerak tontorrean bertan GPS bidez baliozkotuz—, eta etorkizun hurbilean zerbitzu gehigarriak aktibatuko dira gutxinaka, hala nola lizentzia digitala mugikorrean eramatea edota proba ofizialetarako izen-emateak erraztea.
Maila teknikoan, CodeSyntaxen ohiko azpiegitura sendoaren gainean eraikitako softwarea da: backendean Django eta Python erabiltzen ditugu MySQL datu-basearekin, eta mugikorreko interfazerako Ionic Framework eta React JS inplementatu ditugu, bertsio natiboak iOS eta Androiden Capacitor bidez kudeatuz.
Mendiak egitasmoaren bilakaera eta gaur egungo tamaina ez lirateke posible izango urte hauetan guztietan bidelagun izan ditugun babesle eta erakundeen laguntzarik gabe. Gure eskerrik beroena Laboral Kutxa babesle ofizialari, eta baita proiektua diruz lagundu duten Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari ere. Era berean, ezin ahantzi Gipuzkoako Mendizale Federazioak eta Urdaburu mendi taldeak gailurretako postontzien informazioa atontzen emandako laguntza.
Azkenik, CodeSyntaxetik eskerrak eman nahi dizkiogu Euskal Mendizale Federazioari gure gaitasun teknologikoan jarritako konfiantzagatik. Baina, batez ere, eskerrak eman nahi dizkizuegu gure komunitatea osatzen duzuen erabiltzaile guztiei, lehen egunetik gurekin mendiz mendi ibili zaretenoi eta aurrerantzean batuko zaretenoi. Zuen babesak bultzatzen gaitu euskal mendizaleei zerbitzurik onena eskaintzen jarraitzera. Gailurretan ikusiko dugu elkar!