DjangoCon Europa 2013: Laburpena
Hitzaldiak
Kasu hauetan beti esaten da gutxienekoa hitzaldiak izaten direla, baina ez nago guztiz ados. Egia da bai, gaur egun bertan kontatu ziren gauza asko eta asko internet bidez deskubritu ditzazkezula, baina egoera ez da berdina. Atzerrira joan zara, programa bat daukazu, eta hizlariek esaten dutenei kasu adi egiteko aurrebaldintzatuta zaude. Hizlari bakoitzak 30 bat minutu zituen bere hitzaldia emateko eta ondoren galderak egoten ziren. Hitzaldi guztiak errenkadan zihoazen bata bestearen atzetik (ez zegoen saio paralelo edo horrelakorik), eta iruditzen zait hurbilpen egokia dela. Saio paralelodun kongresuetan egon izan naizenean beti izan dut zerbait galtzearen sentzazioa.
Hitzaldietan denetarik izan da (aurreko egunetan aipatu izan ditugu zenbait, blog honetan bertan, Jatsuk eta nik neuk): hitzaldi filosofikoak, lan metodologien aurkezpenak, hitzaldi umoretsu/sarkastikoak, django paketeen aurkezpenak, datu baseak... Dena den pare bat gauza bota ditut faltan:
- Djangoren etorkizuna edo roadmap-a, edo dena delakoari buruzko hitzaldi bat
- Mega cool / must have / tresna / aplikazio aurkezpen bat
Lehena, hau DjangoCon bat zelako, eta normala izango litzatekeen bertan Djangoren eboluzioaz aritzea; eta bigarrena horrelako tokietara zerbait guztiz berritzailea aurkitzeko esperantzarekin joaten zarelako (dena den, hitzaldietan egon ez arren django-cms berriak itxura oso ona dauka).
Azkenik badirudi ohitura bat ere apurtu dela, izan ere orainarteko DjangoCon-etan Django berarekin kritikoa zen hitzaldiren bat ere egon izan da, baina aurtengoan ez dugu izan horrelakorik.
Apunte eta tweet pila bat aurkitu daitezke hitzaldien inguruan, baina iruditzen zait, onenak Reinout van Rees-ek egindakoak direla. Hitzaldi guztiak bideoan grabatu ziren, eta pyvideo.org-n jarriko dituzte.
Zirkoa
Ikaragarria izan da konferentziaren ingurunea, benetako zirko karpa bat, eta inguruan palomitak, globoak, mozorroak, ... karpapean egoteko gogorik ez baldin bazenuen kanpoaldean hondartzako aulkiak, buff-ak eta lurrean exerita egoteko mantak. Hasieran beldur nintzen eguraldi txarra egitekotan zer gertatuko zen, baina eguraldia ere lagun izan dugu eta horrek primerako ingurunea eskaini digu. Zoragarria.
Giroa
Iruditzen zait inguruneak giroa baldintzatu duela, eguraldi onak eta zirkoak berak, jendearen umorean eragin du. Guztiok geunden oso lasai eta lagunarteko giroa nabaritzen zen. Aurrez aipatu dut, nola askorentzat hitzaldiak baino gehiago networking delakoa izaten dela kongresu hauetako gauzarik interesgarriena, eta inguruneak hau asko erreztu du. Aspaldiko ezagunen bat aurkitu dugu, twitter bidez soilik ezagutzen genuen besteren bat ere bai, eta nola ez, jende berriarekin hitzegiteko aukera izan dugu.
Antolaketa taldeak storify bat sortu du gertatuakoa kontatzeko eta flickr talde bat ere badago argakiak ikusi ahal izateko.
Azken hitzak
Azken hitzak antolaketa taldeari eskerrak emateko erabili nahiko nituzke, benetan lan ikaragarria egin dutela iruditzen zait, eta ez naiz ni horrela pentsatzen duen bakarra, twitter horrelako aipamenez beteta dago, eta kongresu bukaeran bertako guztiok zutik eskainitako txalo zaparradak ere sentimendua guztiz orokortua dela erakusten du.
Dziękuję Warszawa
Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek
Nola erakutsi mendi ibilaldiak webgunean?
2024/12/12
PUNTUEUSek 10 urte bete ditu
2024/12/03