2012/10/03
Enpresarean azokan izan ginen atzo, Donostiako Kursaalean, euskaraz lan egiten duten enpresa eta profesionalen topagunean. Gure gerente eta lankide Eneko Astigarragak mahainguru batean parte hartu zuen, besteak beste. Horra Astigarragaren ideietako bat: "Egin ditzagun produktu hobeak; horrela euskaraz kontsumitzea errazagoa izango da".

Eneko Astigarraga Enpresarean-eko mahainguru nagusian izan zen, eta berarekin mahaikide izan ziren Zigor Etxeburua, Gipuzkoako Foru Aldundiko euskara zuzendaria, Joanmari Larrarte Berria Taldeko kontseilari ordezkaria, eta Akting enpresako Unai Bilbao ingeniaria. 'Enpresa, sarea, euskara' izan zen aztertu zuten gaia.

Astigarragak azpimarratu zuenez, "kalitate hobeko produktuak egin behar ditugu bezeroak zalantzarik izan ez dezan. Ez dezala aukeraketa militantziagatik egin." Hala ere, ez zuen militantziaren eta konpromisoaren ideia baztertu inolaz ere, beste enpresa asko bezala (atzo Enpresarean-en 100 bat baziren), geurean ere, CodeSyntax-en, bizi garen tokiarekin eta gizartearekin uztartuta eta konpromisoa sentituz lan egin behar dela uste dugu. Beste hizlari batzuek ere nabarmendu zuten ideia hori, balio kulturalak, gizarte jakin batean sustraiak sendo sentitzea, berrikuntza, kalitatea eta ekintzailetza sustatzeko faktoreak direla, aberastasuna eta aurrerapide ekonomikoa sustatzeko bidea.

Mahainguruan Zigor Etxeburuak ziurtatu zuen GFAk Enpresarean babesten jarraituko duela. Primeran iruditzen zaigu; Astigarragak azpimarratu zuen bezala, "azoka beharrezkoa izateaz gain, motibagarria da. Beste sektorretan egiten badira topaketak, euskaraz zergatik ez?". Gainera, zorionez, Enpresarean ez da topagune bakarra. Badira zenbait urte 30+10 mintegia egiten dela (laster da hurrengoa, aurrekoak bezala IMHren eskutik) eta berriki sortu da halaber, hizkuntzaren alorreko enpresen Langune topagunea. Esparru hauek ez dira euskaraz bakarrik lan egitekoak, baina horren inguruan ere jarduten dugu bertan, eta CodeSyntax-en gogoz parte hartzen du (Langunen bazkide gisa).

Bi erakunde horien webguneak, IMH Makina-Erramintaren Institutuarena eta Langune-rena, CodeSyntax-ek eginak dira (webgune eleanitz indartsuak, hizkuntza batean baino gehiagotan egoki funtzionatuko dutenak), eta halaxe da baita ere atzo Enpresarean-en aurkeztu zen Jakinbai.eu ekimenarena, Lanbide Heziketarako euskerazko materialaren bilgunearena, azken hori ere Codesyntaxek garatutakoa.

Erantzuna gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira. Erantzunak moderatuta daude.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek