Euskara eta adimen artifiziala, UIK 2025 jardunaldietan

Hainbat hitzaldi benetan interesgarriren ostean, nire ekarpena "Euskara adimen artifizialerako prest?" izeneko hitzaldiarekin hasi zen. Bertan, euskarak adimen artifizialaren esparruan dituen aukerak eta gabeziak jorratu nituen: baliabide digitalen egoera, itzultzaile automatikoak, datu multzoen eskuragarritasuna, eta hizkuntzaren posizionamendua teknologia berrietan. Funtsean, euskara teknologia berriekin, berritasuna eta etorkizunarekin lotzeko behar eta ahaleginaz hitz egin nuen, gure hizkuntza "zaharra", gaur egun egunerokoan erabiltzen den hizkuntza moderno eta gaurkotasunez betea delako. Inork interesik balu, Googleren NotebookLM adimen artifiziala erabiliz, aurkezpenaren laburpen audio hau ere sortu nuen.
Ondoren mahai-inguru batean parte hartu nuen gainerako hizlariekin batera eta "Nola kontatzen dugu euskara?" galderari erantzuten saiatu ginen aurreko hitzaldietan hizlariok landu genituen erpin ezberdinak sakonago begiratzeko asmoarekin.
Jardunaldiak ikuspegi anitzak bildu zituen. Euskararen marka soziala eta iruditeria kolektiboa aztertzeko tartea egon zen, baita hizkuntza transmisioaren erronkak, erregistroen bilakaera edo euskararen erabilera instituzionala aztertzeko ere. Euskararen inguruko pertzepzioa zein den diagnostikatzeko, alderdi positiboak indartzeko ildoak zein izan daitezkeen eztabaidatzeko eta baita kritikarako tartea ere eduki genuen. Egitarau zabala eta askotarikoa izan zen, eta oso gogoeta interesgarriak partekatu ziren.
Nire esperientzia positiboa izan zen: aurkezpena gustura egin nuen, eta elkarrizketarako sortu zen espazioan ere giro atsegina eta ideia on asko ere poltsikoratzeko aukera ere izan baikenituen. Eta zer esanik ez hitzaldi eta mahai inguru ostean parte hartzaileekin izandako solasaldiak kontutan hartzen baditut.
Mila esker bada San Telmo Museoa, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Etxepare institutuari aukera hau eskaintzeagatik. Espero dut bertaratutakoek ere ni bezainbat probetxuzko ikasgairekin itzuli izana etxera.
Jardunaldiaren informazio orokorra: https://www.uik.eus/eu/jarduera/bikaintasuna-euskal-ikasketetan-xv-nola-kontatzen-dugu-euskara