2025/10/09
Aurtengo Kudeaketa Aurreratuaren Europako Astearen 31. edizioa hasi da, eta antolaketaren garapenerako funtsezkoa den alderdi batean jarriko du arreta: erakunde aurreratuetako kulturan. Atzo, urriaren 8an, asteazkena, abiatu zen hasiera ekitaldiarekin.

Urriaren 8an, asteazkena, abiatu zen Kudeaketa Aurreratuaren Europako 31. Astea, eta CodeSyntax-etik bertan izan ginen, Bilboko BAT – B Accelerator Tower-ean egin zen inaugurazio ekitaldian parte hartuz. Gure ustez inspirazioz, ezagutzaz eta esperientzia partekatuz beteriko arratsaldea suertatu zen.

Ekitaldiari hasiera eman zion Jone Noltek (EUSKALITeko presidenteordeak), eta segidan, Javier Martínez Aldanondok hitzaldi nagusia eskaini zuen:
"Adimen Artifizialaren aroan etorkizunari aurrea hartzeko ikaskuntza-kultura" izeneko mintzaldia izan zen, eta honek arreta berezia jarri zuen AI garaian ikasteko gaitasuna eta kultura nola bilakatu gako estrategiko bat erakundeentzat.

Aldanondoren gogoeta nagusietako bat: "Informazioa edukitzea ez da jakintza edukitzea. Gaur egungo erronka nagusia informazioa ulertu, aplikatu eta partekatzeko kultura bat eraikitzea da, eta horretarako lidergo motibatu eta hezigarri bat behar da." Gure ustez, mezu horrek erabat lotzen du Kudeaketa Aurreratuaren filosofiarekin. Eta adibidez, Maite lankideak honako adierazpena azpimarratu du hitzalditik: 

"Ikaskuntza-kultura: gure erakundean ez dugu lan-zeregin bat amaitutzat ematen edo proiektu bat ixten, aurretik hausnartu gabe, ikasitakoa jaso gabe, desberdin egingo genukeena identifikatu gabe eta ikasitakoa taldean zabaldu gabe.
Eta ez gara ezer egiten hasten, lehenik jakin gabe ea ezagutza eskuragarri dagoen, edota norbaitek dagoeneko egin duen gure egiteko asmoa duguna."  

Jardunbide egokiak eta erakunde inspiratzaileak

Ondoren, hiru jardunbide egoki aurkeztu ziren:

  • Maitane Barbero (Orbik Cybersecurity): pertsonen ikuspegitik kudeaketaren digitalizazioaren erronkei aurre egiteko moduak azaldu zituen.

  • Jon Ander Arzallus (Gureak): berrikuntza arduratsuaren inguruko ikuspegia partekatu zuen.

  • Jorge Serrano (Preoca): estrategia komertzialetan egindako jauzi kualitatiboa aurkeztu zuen.

Hauek guztiek erakutsi zuten nola txerta daitekeen Kudeaketa Aurreratua eguneroko jardunean, emaitza praktikoekin.

Euskalit Astea 2025

Mahai-ingurua: erakunde aurreratuen kultura gogoan

Ekitaldiaren azken zatian adituen arteko mahai-ingurua izan zen, non kultura izan zen ardatz nagusia. Hauek hartu zuten parte:

  • Javier Martínez Aldanondo

  • Susana Hormilla (Biolan)

  • Idoia Gil (Mondragon Unibertsitatea / MIK)

  • Juan Ignacio Burgaleta (Satlantis)

Lidergo partekatuaz, langileenganako konfiantzaz eta etorkizunari aurrea hartzeko beharrezko mentalitateaz jardun zuten, eta guztiek nabarmendu zuten:

 

"etorkizuna ez da aurreikusteko zerbait, baizik eta eraikitzear dagoen erronka bat."

CodeSyntax ASTEZALEA da

CodeSyntax-ek ASTEZALEAK mugimenduaren parte da, eta Kudeaketa Aurreratuaren Aintzatespenarekin batera, egunero saiatzen gara gure kudeaketa-prozesuak hobetzen, ikuspegi estrategikotik eta gizatiar batetik. Gure helburua da:

  • Erabaki adimentsuak hartzea informazioan eta datuetan oinarrituta.

  • Gure taldeko kide guztien parte-hartzea eta ahalduntzea sustatzea.

  • Jasangarritasunaren eta berrikuntzaren ikuspegia barneratzea.

  • Bezero, erabiltzaile eta komunitatearentzat balioa sortzea.

Etorkizuna eraikitzen, elkarrekin

Kudeaketa Aurreratuaren Europako Astea oraindik martxan dago, eta hainbat ekitaldi egingo dira hurrengo egunetan Euskadi osoan zehar. Inspirazioa, ezagutza eta hausnarketarako parada bikaina dira, eta CodeSyntax-etik animatu nahi zaitugu zure erakundea ere parte hartzera.

Gure aldetik, ikasten jarraitzeko prest gaude, eta egunero egiten dugu saikera hobeto kudeatzeko eta hobeto lan egiteko.

Informazio gehiago: EUSKALIT · Kudeaketa Aurreratua

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek