Galdera-erantzunen euskarazko joko berria: Egunean Behin

2019/03/12
Aplikazio berri bat garatu dugu CodeSyntaxen, galdera-erantzunen joko bat: Egunean Behin. Bakarka edo taldean jokatzeko prestatua, euskaraz. Android mugikorretan zein iPhoneetan instala daiteke.

Oso dinamika errazeko jokoa da Egunean Behin. Izenak berak dioen bezala, egunean behin partida bat jokatzeko aukera izango duzu. Partida bat, eta bakarra. 10 galdera erantzun beharko dituzu, ahalik eta azkarren. Zenbat eta gehiago asmatu, zenbat eta azkarrago asmatu, hobeto!

Android Get it on Google Play
iOS

Sailkapena eta sariak

Asmatutako erantzun kopuruaren eta pasatako denboraren arabera, puntuak lortuko dituzu. Eta, puntuen arabera, sailkapenenean gora edo behera egin, jakina. Sailkapena, astekoa izango da: astelehenetik igandera arteko partidak hartuko dira kontuan.

Astero, gainera, sari bat emango dugu. Egunean Behin partida, Astean Behin saria. Aste bakoitzeko laguntzaile bat izango du lehiaketak, eta laguntzaile hori izango da asteko sari hori eskainiko duena.

Galderak

Partida guztiek logika berdinari erantzuten diote eta jasotako galderen zailtasun maila guztientzat antzekoa izango den arren, galderak desberdinak dira beti. Galdera mota asko aurkituko dituzu: Zer herritakoa da argazki bat? Nola esaten da limoia iparraldean? Zenbat biztanle ditu Zornotzak? Non jaio zen Loli Astoreka euskal aktorea? Zein da argazkiko euskal pilotaria? Munduko zer herrialdetan dago aterata beste argazki hau? Egingo al zenuke matematikako eragiketa hau? Ze artistarena da goiko koadroa?...

Galderak automatikoki sortu dira iturri desberdinetatik. Euskarazko Wikipedia (eta atzeko dbpedia) izan da iturri nagusienetakoa, hango informazio egituratua erabili delako galdera asko eta asko sortzeko. Baina bestelako iturriak ere erabili dira, argazki geolokalizatuen gunea izan zen Panoramio, kasu (2016. urtean itxi zuen zerbitzua Googlek). Galdera bakoitzaren ondoan erakutsiko dizugu, hala badagokio, nondik sortu den galdera. Eta kuriositatea izatera, gehiago ikasteko aukera izango duzu hortik tira eginda.

Berrogeita hamar mila galdera baino gehiago prestatu ditugu jokorako, baina gure asmoa da galdera berriak egiten jarraitzea, tematika eta logika desberdinekoak eta, ahal dela, euskarari, gure erreferentziei eta gure imaginarioari lotutakoak. Duela aste batzuk artikulua idatzi zuen Urtzi Urkizuk Berrian, nola euskarazko telebistako lehiaketa eta joko falta ekoizpen arazoa baino gehiago izan daitekeen: erreferente ludiko eta kulturalen falta areagotzen dugu horrela. Gure aldetik, ahalegin internetero xume bat duzue hemen, horren kontra egiteko.

Taldeak

Taldeak egiteko aukera ere badago jokoaren aukeretan. Alegia, sailkapen orokorrean ez ezik, zure partidak zure lagunekin, zure familiakoekin, ikastetxeko lagunekin, lantokikoekin... konpartitzeko aukera. Zure telefonoan dauzkazun kontaktuekin zuzenean egin ahalko duzu talde berri bat, whatsappean egiten denaren antzera.

Talde barruko saritxoak jartzea, hori, zeuon kontu.

Tribial estiloko jokoak

Tribial estiloko jokoak ezagunak dira sarean. Aplikazio andana dago dagoeneko galdera-erantzunen logikarekin funtzionatzen dutenak. HQ Trivia  ezaguna da, adibidez, eta haren bertsio lokalagoak ere atera dira honez gero han eta hemen, arrakasta dexenterekin.

CodeSyntaxen ere atera genuen duela 3-4 urte Tribual izeneko joko bat, gure lehen aplikazioa ere izan zena. Egin zuen bere bidetxoa hark eta, orain, Egunean Behin dakarkigu.

Gusto baduzue, jaitsi eta probatu. Egunean minutu pare bat euskaraz jokatzeko aitzakia ematen badizugu, gu, pozik.

Deskarga

Android Get it on Google Play
iOS

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Josu Azpillaga

Ingeniaria. Bertsolari txarra, bertsozale ona.