2025/05/23
Duela ia 25 urte digitalizatu eta sareratu zen Eibarko euskarako berbak jasotzen dituen hiztegia. Denbora ez da alperri igaro eta sareko hiztegia goitik behera berritu dugu, egituraz zein itxuraz. Eibar inguruko euskararen ezaugarri linguistikoak ezagutzeko dagoen erremintarik erabilgarrienetakoa da Eibarko Udaleko Euskara Sailak kudeatzen duen tresna hau.

1960. hamarkadan osatu eta argitaratu zuen bere hiztegi ezaguna Toribio Etxeberria eibartar ezagunak, "Lexicón del euskera dialectal de Eibar". 2000. urte inguruan Eibarko Udaleko Euskara Sailak erabaki zuen liburu formatuan zegoen lan handi hura sareratu beharra zegoela eta, EHUko Informatika Fakultatearekin elkarlanean, liburua digitalizatu eta fitxa lexikaletan gorde zen. Behin oinarrizko lana eginda, Eibarren egin diren beste hainbat lan sendorekin osatu zen datu-basea, besteak beste, Juan San Martinen lanak, Nerea Aretaren tesi-lana eta "Eibarko Hiztegi Etnografikoa" (Basauri eta Sarasua, 2003).

Bilketa eta sistematizazio lan handi haren fruitu izan zen 2023an argitaratu zen Eibarko hiztegi digitalaren lehenengo bertsioa. Hasierako datu-base hark hobekuntzak izan zituen hurrengo urteetan, batez ere edukia orraztu eta gehitu baitzen, baina azpiegitura teknikoa ez da ikutu denbora guzti honetan eta zaharkituta zegoen. 2025. urte honen hasieran goitik behera eraberritu dugu erreminta, azpiegitura tekniko berri batera ekarriz eta itxuraz ere erabat moldatuz, Eibarko Udal webgunearekin eta Eibarko Euskara Sailak daukan egungo diseinu eta markara egokituta. Datu-basearen azpiegitura teknikoa sendotu da, eta fitxen alderdi publikoa xinpletu, erabilgarritasuna handituz eta bilaketak zein fitxen arteko nabigazioa erraztuz. 

CodeSyntaxek Eibarko Udalarekin batera daraman 25 urteko ibilbideko azkenengo berrikuntza izan da hiztegiarena.

Hartara, sarean duzue, euskaldun guztiontzat eskuragarri, Eibarko euskararen hiztegi digitala, Eibarko eta eskualdeko euskararen ezaugarriak, berbak eta esaerak ezagutzeko ezinbesteko tresna.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek