Erabili ezazu webgunea bezeroei tramiteak errazteko

2011/06/09
Eman aukera zure bezeroei zurean egin behar dituzten tramiteak era erraz eta sinplean Internetez egiteko. Webgunea prestatzean, pentsatu erabiltzaileak zer egin nahi duen, eta antolatu ezazu berau era ulergarri eta erabilerrazean.

Sarri-sarri egin behar izaten ditugu tramiteak zenbait enpresa eta erakunderekin: argindarra dela, zerga bat eta abar luzea. Askotan, enpresa horiek, dena delako arrazoiarengatik, hesiak jartzen dizkigute tramite horiek erraz eta azkar ez egiteko.

Eta jar dezagun adibide zehatz bat: telefonoa. Zuetako zein ez da gogaitu telefonia enpresa baten call center-era deitzen? Zein ez da aspertu hango beharginari datu berberak eta eskari bera hamaika aldiz emateaz? Edota denda fisiko batean. Telefonia enpresek ohitura handia daukate bezeroei tramiteak zailtzen, hesiak eta trabak jarriz.

Deigarria egiten zait, bereziki jakinda zer nolako haserrea metatuz goazen bezeroak, enpresa horren kaltetan. Hau da, ziurrenik traba horiek galerak sortzen dituzte etorkizunean telefono enpresen poltsikoetan. Nik neuk halako esperientzia txar baten ostean erabaki nuen Vodafone uztea; aspertu ninduten beraien trabekin.

Nola erraztu tramiteak erabiltzaileei?

Ba sarean zerbitzu egokia eta erabilerraza emanaz. Webgunea garatzen hasi aurretik, pentsatu ezazu zein hartu-eman  dauzkaten bezeroek zurekin, eta horietako zein bideratu daitezkeen Internet bidez bezeroek azkar-azkar eta eroso-eroso egin dezaten.

Sarean eskainiko dituzun zerbitzu horiek identifikatu ostean, antolatu ezazu zure webgunea (edukiak zein interfazeak) era egokian, erabiltzaileek ulertzeko moduan.

Eta telefono-enpresekin jarraituz, horra hor nire beste esperientzia pertsonal bat: Simyo.

Webgunearen diseinua bera oso ondo landua dago, bereziki bezeroon kontrol-panela. Bertan aurki ditzaket bezero moduan egin nahi ditudan eragiketa ia guztiak.

Bestalde, tramiteak era errazean egiten dira. Aldi baterako eduki nuen telefono linea azkar-azkar utzi ahal izan nuen bertan behera. Hemen ikusten diren pausuak jarraituz:

Beraz, eraiki zure webgunea zure bezero eta erabiltzaileengan pentsatuz. Benetan egitea nahi duten hori eskaini iezaiezu, eta antolatu ezazu webgunea era ulergarri eta erabilerrazean. Alferrikakoa da zerbitzu guztiak online eskaintzea baldin eta aurkitzeko edota erabiltzeko zailak badira. Web bidez tramiteak egiteko aukera ematen baduzu, iaia seguru kostuak aurreztuko dituzula.

Zerbitzuak internet bidez eskaintzearena gertu-gertutik bizi izan dugu bukatu berri dugun proiektu batean. Bilbao Kirolak erakundeak aukera ematen die bazkideak izan nahi dutenei abonua internet bidez egiteko.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Mikel Lizarralde

Marketing arduraduna. Hobera egin du: lehen altzariak saltzen zituen.