EuroPython 2015 konferentzian hizlari eta babesle izango gara

2015/07/13
Hamabost urte bete ditu gure enpresak aurten. Eta hamabost urte dira Python lengoaian lana egitea erabaki genuela. Horregatik, PYSS donostiarrek 2015eko EuroPython konferentzia antolatuko zutela jakin genuenean hasiera-hasieratik babestea erabaki genuen. Gainera hitzaldi bat emango dugu bertan.

Datorren astean hasiko da Bilbon 2015. urteko EuroPython konferentzia, astelehenetik igandera arte. Astebetez Bilbo Python munduaren zentroa izango da, ere bai.

Lehenago ere babestu izan ditugu Python komunitateak antolatu dituen hitzaldiak, iazko PyConES hitzaldia bezala. Beraz, etxetik gertu, antolatzaileak ezagunak izanik, gauza naturaltzat daukagu egunero darabilgun erremintaren inguruko biltzarra babestea.

Gure esperientzia partekatzen

2000. urtean Eneko, Luistxo eta Garik CodeSyntax sortu zutenean hainbat aukera teknologiko aztertu zituzten, eta denen artetik Python aukeratu zuten, abantaila konpetitiboa eskuratzeko erreminta gisa ulerturik. Geroztik egin ditugun lan ia denak Python lengoaian egin ditugu, dela Zope, Plone edota Djangon.

Esperientzia honen inguruan hitz egingo du Mikel Larreategi lankideak uztailaren 22an, asteazkena, arratsaldeko 15:15etan.

Astebetean zehar hitzaldi, sprint eta biltzar mordoa dago antolatua. Zatoz EuroPython-era, oraindik ere sarrerak lortzeko garaiz zabiltza.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Mikel Lizarralde

Marketing arduraduna. Hobera egin du: lehen altzariak saltzen zituen.