Gmail, Google kontua eta Google Apps-en arteko aldea

2014/06/02
Sarritan erabiltzaileek nahastu egiten dituzte kontzeptu hauek, eta badirudi Googlek ere ez du gehiegi argitzen (baliteke interes gutxi izatea)

Googleko kontua izateak ez du Gmail izatea esan nahi

Googleren helburua da, edozein enpresa on bezala, erabiltzaileak ahalik eta zerbitzu gehienetara lotzea. Kontua da zerbitzu bat hartzeagatik ezin gaituztela behartu beste bat batera hartzera. Hau da, Google Analytics-era sar gaitezke Gmail helbiderik erabili gabe, beste eposta helbide bat erabili nahi baldin badugu (dela Yahoo, Microsoft edo gure enpresakoa). Orduan, zein desberdintasun dago?

Gmail

Gmail Googleren eposta zerbitzua da. Doakoa da eta autentikazio zentral moduan erabili daiteke. Hau da, Gmail helbide baldin baduzu, Googleren beste zerbitzuak erabili ditzazkezu Gmail helbide horren pasahitza erabilita. Hau da, Gmail helbide bat berez Google erabiltzaile kontu bat da.

Oso tresna erosoa da kontaktuen agendarekin, egutegia, Android telefonoekin eta abarrekin eskaintzen dituen loturengatik. Askok Gmail erabiltzen dugu gure eposta pertsonala edo enpresakoa kudeatzeko, batez ere munduko edozein tokitatik dena toki berean kudeatzeko ematen duen erraztasunagatik.

Google erabiltzaile kontua

Google erabiltzaile kontuak ematen du gure nortasuna Google barruan. Oinarrian eposta helbide eta pasahitz batek osatzen du. Baina ADI! ez dago zertan Gmaileko helbide bat erabili beharrik. Google kontu bat izan dezakegu Gmail ez den helbide batekin, adibidez urlia@yahoo.com edo nireizena@nireenpresa.com

Behin kontu hau sortuta, Googleren edozein zerbitzu erabili dezakegu, adibidez Google Drive, Calendar, Analytics, Talk, Maps eta abar, gure eposta helbide pertsonala erabiltzen utzi gabe.

Hain justu, jarraian erabiltzen badugu Gmail ez den eposta helbide bat, komenigarri izaten da Googleren zerbitzuetan izena emateko horixe erabiltzen jarraitzea.

Egin behar den guztia da, bertan izena ematea eta (Kontuz!) helbidea ematean gure helbide pertsonala ematea, Gmail helbiderik aipatu gabe. Hortik aurrera gure Google kontua horixe izango da. Honek ez du esan nahi Googlek gure helbide elektronikoa kudeatuko duenik, horrek betiko moduan funtzionatzen jarraituko bait dut. Izan ere, eposta ezik beste edozein zerbitzu erabili ahal izango dugu Google barruan.

Era berean, Android telefono edo tablet bat konfiguratzean, ez duzu zertan Gmail helbiderik izan beharrik, zure datuak gorde ditzaten (agenda, kontaktuak eta abarrak)

Google Apps

Hau beste gauza bat da. Zure enpresa edo unibertsitateko informatika arduradunak erabakitzen badu Googleren zerbitzuak erabili behar dituela zure eposta, dokumentu partekatuak, agenda eta abarrak kudeatzeko. Horretarako, erabiltzaile bakoitzagatik hainbesteko bat ordaintzen da, dominioa Google bidez kudeatu dadin (xunibertsitatea.edu edo xyzenpresa.com) eta zuzenean ematen dizuten eposta hori Googleko erabiltzaile kontu bihurtzen da beste zerbitzu guztiak horrekin kudeatu ditzazun.

Kontuz, kasu hauetan zure erabiltzaile kontua hirugarren baten eskutan gelditzen bait da, (enpresa edo unibertsitatea) eta hor barruan gordetzen dituzun guztiak beraien esku geldituko bait dira, edo ezabatuko dira zure kontua kantzelatzen badute.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Gari Araolaza

Ingeniaria, proiektu zuzendaritza. Python, Whitesnake, Scrum, Yngwie Malmsteen.