Herritarren parte-hartzea sustatzeko erremintak

2011/09/20
Aspaldian moda-modan dago herritarren parte-hartzea. Erakunde ugarik, handi zein txiki, egin dituzte saiakerak herritarrekin hartu-eman gertukoago eta eraginkorragoa izateko. Komunikazio estrategia hutsa izan bai edo ez, parte-hartzea gure artean egongo da luzaroan eta sareak berau bultzatu eta egituratzeko aukera ematen digu.

Blogak

Aspalditik ezagutzen ditugu parte-hartzea eta komunikazio zuzenagoa bultzatu nahi dituzten erremintak, hala nola blogak. Orain modaz pasata daudela dirudi, sare sozialen bultzadagatik, baina erreminta erabilgarria dira oraindik. Hala ere, bere erabilpenean sarri ez da elkarrizketa lortzen bakarrizketa baizik. Ez da erremintaren arazoa, erabilpenean dago gakoa.

Zuzeneko mezuak eta epostak

Ezagutzen dugun beste erreminta interesgarri bat, erabilpen-maila polita izaten duena, "alkateari idatzi" modukoak dira, Orioko udalari egin genion Alkatea zuzenean adibidez. Emaitza politak eman ditzake eta politikaria eta herritarrak gerturatu, baina ematen den komunikazio guztia pribatuan geratzen da. Argi dago guztia ezin dela publikatu, baina ziurrenik gai berberak behin eta berriz errepikatuko dira eta hobe da jendaurrean ematea komunikazio hori.

Sare sozialak

Aspaldi honetan moda-modan daude sare-sozialak. Herritarrok denbora daramagu Twitter eta Facebook-en, eta gurekin hitz egitekotan politikariak ere badabiltza, nahiz galduak diruditen sarri (edo komunikazio-zuzendariak kudeatzen dituen profilak). Positibotzat jo daiteke politikarien jardun hori, nola ez, batzuetan hauteskunde sasoira mugatzen bada ere. Baina elkarrizketa horiek Twitter eta Facebook-en geratzen dira eta mezu berrien ondorioz galdu, ahaztu arte. Twitterren kasuan gainera argumentuak 140 karakteretan bota beharrak zaildu egin dezake elkarrizketa tarteka.

Parte-hartze modu eraginkorragoak

Orain hilabete batzuk argitaratu genuen Bilbao Kirolak proiektuan erreminta interesgarria darabilte elkarrizketa hauek sustatzeko (euskaraz ez dago proposamenik oraingoz). Herritarrek beraien proposamenak bidaltzen dituzte eta erakunde publikoko arduradunek banaka-banaka erantzuten dituzte, aldeko edo kontrako argumentuak emanaz.

Proposamenak bozkatu egin ditzakete erabiltzaileek, baita iruzkinak egin ere, eta erakundeko arduradunek onartu edo atzera botako dituzte. Hilabete gutxiko jarduna izan arren benetan erabilgarria dela erakutsi du, gardena izan nahi duen erakundearentzat zein administrazioarekin hitz egin nahi duen herritarrarentzat.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Mikel Lizarralde

Marketing arduraduna. Hobera egin du: lehen altzariak saltzen zituen.