Interneten euskal kultura hedatzeko, komunikazio moldeak hobetu behar dira

2012/03/28
Leizaola Fundazioa Bilbon aste honetan antolatzen ari den "XVI. Euskal Astea" dela eta, mahaingurua batean izan nintzen Bizkaiko Foru Liburutegian. Gai hau jarri ziguten antolatzaileek: "Internet, euskal kulturaren nortasuna eta berezko ezaugarriak hedatzeko aukera ezin hobea. Praktika onak nortasun kultural gutxituen sustapenean, IKTn bidez". Eta horretaz jardun genuen, hizlarion artean eta publikoarekin. Nik PPT aurkezpen bat ere azaldu nuen, eta horixe itsatsi dut artikulu honetan.
Palazio, Bilbao, Fernandez (neu), Mella eta Pardo.

Palazio, Bilbao, Fernandez (neu), Mella eta Pardo.

Abiapuntu bat izan nuen nire hitzaldian. EHUko irakasle batek, laguna, komunikatzaile eta profesore saiatua, gerturatu zitzaidan duela gutxi ideia bila, nazioarteko biltzar batera paper edo aurkezpen bat eraman nahi dutela Euskal Herriko esperientzia batzuk kontatuz.

Halaxe idatzi zidan lagunak:

"..erakutsi nahi dugu zeintzuk diren Euskal Herrian hedabide tradizionaletan ia lekurik lortzen ez duten gai, eragile sozial eta gertaera asko nola bideratzen ari diren teknologia berrien eskutik eta nola  horrela lortzen duten ikusezintasunetik ateratzea.
Ekimen eta  mugimendu politiko  desberdinak, euskararen aldekoa, ekologismoa, musika, gazte mugimendua, hedabideak eta abarrek nola  lortu duten isiltasunaren horma haustea eta beraien ekimenen berri eman ahal izatea."

Nire erantzuna, ordea, negatiboa izan zen.  Uste dut irakasle eta lagun hori oker dagoela, komunikazioa gaizki egiten dela Euskal Herrian. Kultura eta gizarte ekimen askok ez dakitela ondo komunikatzen, eta bereziki Interneten huts egiten dutela. Hemen duzue itsatsita aurkezpena, eta horren azpian, lerrotxo batzuk.

Abiapuntu eta diagnostiko negatibotik haratago, ba pista edo gomendio batzuk eman nituen:

  • Ez idatzi prentsa-oharrik mailing-ekin edo holakoetan pentsatzen, ez idatzi fax baterako moduko testurik.
  • Idatzi gauza interesgarriak, eta bereziki zure webgunea izan dadila interesgarri, albiste eta kontu interesgarri horiez hornituta.
  • Erakunde komunikazioaz gain, kontuan izan pertsonak garela, eta pertsona horien benetako inplikazioa lortu komunikazioan: horretarako grinarik ez badago, alferrik gabiltza. Adituen blogakm, Twitterren kontu pertsonalak non gure erakunde eta ekimenaz ere naturaltasunez jardungo dugun.
  • Pertsonalki dihardugunean, autobonboari beldurra kendu. Euskal teknofobia gero eta ahulagoaren azken gotorlekua da hori, autobonboaren estigma.
  • Twitter erabili batez ere, eta Facebook akaso gutxiago, baina ebentoak iragartzeko bereziki bai.
  • Ezer egindakoan, iragarpenak ondo, baina batez ere, kronikak zabaldu.
  • Prioritate bat markatzearren, mila intelektual euskaldun (edo gure eliteak, nolabait) Twitterrera!

 

Neurekin batera hizlari izan nituen, Begoña Bilbao kazetariak moderatuta, Gorka Palazio EHUko irakaslea, Alberto Mella Lasterketak.com-ekoa, eta Microsoft-eko Montserrat Pardo. Azken honekin sorpresa hartu nuen, Microsoft Ibericako Erakunde-harremanetarako arduraduna da, katalana sortzez, baina Bilbon bizi dena eta euskaraz ikasten ari dena. Microsoft-en politikak ez ditutu oso gogoko (CodeSyntax-en software librean sinesten dugu guztiz), bereziki erakundeak nola neurri batean preso dituzten lizentzia kontuekin, baina Pardoren saiakera eta ahalegina, aurkezpena euskaraz egiteko, txalogarria iruditu zitzaidan. Poztu nintzen gainera, jakinda Sustatu.com jarraitzen duela. Oraindik ez ei dabil Twitterren, baina animatu beharko luke.

Atzoko jardunaldiaz beste kronika bat egin du publikoan izan zen Egoitz Goikoetxeak.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Luistxo Fernandez

Proiektu asmatzailea. Diplomaziaren guru bat.