"Mendiak" aplikazioa eguneratu dugu, teknikoki hobetuz, erabilgarritasuna handituz eta alderdi sozialean sakonduz

2019/05/06
Gure aplikazio kuttunetakoa dugu Mendiak APP. Euskal Herriko 2.000 gailur nagusien informazioa biltzen du, informazio praktikoarekin, eta aplikazioari esker, euskal mendizaleek euren igoera guztiak markatu eta gordetzeko aukera dute, baita lagunekin partekatzekoa ere. Azken hilabeteotan garapen eta eguneraketa handiak egin dizkiogu. Besteak beste, teknikoki zenbait hobekuntza inplementatu ditugu, informazio praktikoa handitu dugu, eta aplikazioaren alderdi ludiko-soziala ere landu dugu, mendizaleen arteko elkarrekintzak sustatuz, estatistikak hobetuz, eta dominak "irabazteko" aukera gaituz. Guztia ere, erabiltzaileentzat gero eta tresna erabilgarriagoa eskaini ahal izateko.

2016ko udazkenean argitaratu genuen Mendiak APPa. Orduan azaldu genuen bezala, mendizale arrunt eta familientzat pentsatutako aplikazioa da Mendiak. APP erabilterraza (webgunea ere badu, mendiak.eus), eta euskal mendizaleentzat erabilgarria izan nahi duena, ondorengo informazioa eta aukerak eskainiz:

  1. Euskal Herriko mendi nagusien zerrendak, fitxak eta informazio praktikoa ematen ditu: kokapena, altimetria, argazkiak, mapak, eta abar. Une honetan 2.000 mendiren informazioa aurkituko duzu.
  2. Igotako mendiak markatu eta gordetzeko aukera ematen dizu.
  3. Aplikazioak estatistika pertsonalak ematen dizkio erabiltzaileari (zeintzu mendi igo dituen, noiz, zenbat aldiz,...). Horrela, aplikazioa, nor berarentzat datu-base historiko eta katalogo pertsonal modukoa ere bihurtzen da.

Euskaraz dago eta Androiderako zein Iphoneetarako dago garatuta. Esan bezala, webgunea ere badu, mendiak.eus Azkenaldi honetan, abenduan aurreratu genuen bezala, erreminta eta aukera berriak gehitu dizkiogu aplikazioari. Dagoeneko erabiltzaile guztientzat daude eskuragarri azken bertsioan. Sartu eta probatu!

Lortu Google Play dendan

Lortu Google Play dendan

Mendiak aplikazioa da CodeSyntaxen garatu dugun APP arrakastatsuena, 13.000 deskargatik gora izan ditu eta astero hainbat mendi-igoera markatzen dituzte erabiltzaileek. 2016an publikatu genuenetik hobekuntzak egiten jarraitu dugu etenik gabe. 2018 amaieran bertsio berria kargatu dugu eta zenbait funtzionalitate berri gehitu dizkiogu.

Berrikuntzak Mendiak APPean

Eduki aberatsagoa: mendi gehiago eta Trackak

Hainbat mendi berriren inguruko informazioa gehitu dugu gure datu-basera, katalogoa 2.000 mendira zabalduz. Mendi horien kokapena, informazio osagarria, argazkiak... Lehendik zeuden mendietan ere informazio praktikoa gehitzen jarraitu dugu. Gainera, mendi garrantzitsuenetan ibilbideen GPX fitxategia ere erantsi dugu eta webgunean ere ikusgai dago mendi horietara igotzeko ibilbide nagusiaren Tracka.

Erronkak

Aurten burutu dugun lanik garrantzitsuena da Erronkena. Aplikazio hau garatu genuenean, gure asmo nagusia zen mendizaletasuna bultzatzea. Hau da, herritarrak mendira gerturatzea eta euren mendi-ibilerak gorde eta partekatzeko aukera ematea. Tresna erabilgarri bat eskainiz horretarako, noski. Filosofia horri jarraituz, eta mendizaleen artean ohiko den ohitura jarraituz, "dominak banatzeko" aukera ere gaitu dugu Mendiaken. Mendi Federazioak orain dela ia 100 urtetik egiten duen moduan, mendi-igoera saritu nahi ditugu, horretarako domina sinbolikoak emanez. Aplikazioak hainbat erronka ezberdin planteatuko dizkio mendizaleari, beraz, eta erronka horiek gainditu ahala dominak lortzen dira APPean. Maila ezberdineko hamaika erronka aktibatu ditugu honezkero: 10 mendien lehiaketa, 100 mendien lehiaketa, Igo herrialde bakoitzeko mendi bana, Igo Euskal Herriko 10 mendirik garaienak, Igo herrialde bakoitzeko X mendi, eta abar. Izan bitez erronka txiki horiek mendizaletasuna sustatzeko akuilu txiki eta mendizale saiatuentzat sariño!

Erabiltzaile profilean hobekuntzak

Mendizaletasunaren alderdi sozialari eta aisialdiaren alderdiari garrantzi handia eman izan diogu beti Mendiak-en, kirol alderdiari baino gehiago, behinik behin. Bide hori indartzeko, erabiltzaile bakoitzaren orrialdean garapen berriak gehitu ditugu, nor bere estatistikak aberastuz, grafika berriak erantsiz, eta abar.

Igoera bakoitzaren bista eta atsegiteak

Aurreko puntuarekin lotuta, igoeren orrialdeak ere sortu ditugu eta aukerak handitu ditugu partekatze-kontuetan. Gainera, beste mendizale batzuen igoerei "atsegin dut" edo datsegit emateko aukera ere gaitu dugu. Datsegit deitzen diogu Instagrameko argazki bati edota Facebookeko argitalpen bati "atsegin dut" ematen diogunean. Berdin egin dezakegu orain Mendiaken. Zure lagun mendizaleen sarea osatzeko lehenengo urratsa besterik ez da hau, datozen asteotan bide horretan sakondu nahi dugulako.

Mendilerroen bista

Orain arte, mendi bakoitza bere mendilerroan kokatzen genuen, baina ez zegoen mendilerroaren bistarik, hau da, mendilerro batean ze mendi dauden ikusteko aukerarik; ezin jakin, beraz, Enirio-Aralar mendilerroan ze mendi dauden. Bista berri honi esker zerbitzu eta informazio hobea emango diogu erabiltzaileari. Aukera hau, momentuz, webgunean bakarrik garatu dugu.

Hona hemen, hortaz, azken hilabeteetako lanen laburpena. Udaberriko eguraldi onarekin batera gero eta gehiago dira mendira joaten hasten diren euskaldunak, eta Codesyntaxen ere jarraituko dugu APPean garapen berriak gehitzen, ahalik eta tresna erabilgarriena sortzeko eta mendizaleei zerbitzu hobea eskaini ahal izateko.

Lortu Google Play dendan

Lortu Google Play dendan

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Asier Sarasua

Biologoa. Filologoa. 21. mendeko Da Vinci bat